|
Ordezteari eta Plantillak Berriztatzeari buruzko Lanbide arteko Akordioak bere "Batzorde Parekideari ordenamenduak ezar litzakeen formula berriak Akordioan sartzeko baimena" ematen dio, "beti ere Akordio honen irizpide eta helburu nagusiekin bat etorririk".
Honelako klausula bat arrazoizkoa da, Akordioaren hasierako indarraldia bost urtekoa delarik. Kasu honetan, gainera, klausula hori negoziatzaileen aurreikuspen bati zegokion: txanda kontratu izenekoa onartuko zela, alegia. Egun haietan, ezinezkoa zen kontratu mota horrek Lanbide arteko Akordioaren helburuak lortzeko zeukan balioa zehaztea, azaroaren 27ko 15/1998 Erret Dekretuak txanda kontratuaren arautzeari buruzko funtsezko alderdi ezezagunak zeuzkala kontuan harturik.
Urtarrilaren 29ko 144/1999 Dekretua onartzeak alderdi ezezagun haiek argitu dituenez gero, Batzorde Parekide honen iritzian, txanda kontratua Ordezteari eta Plantillak Berriztatzeari buruzko Lanbide arteko Akordioaren helburuak betetzeko baliozko tresna bihur daiteke, baldin eta hura aplikatzean, eragindako pertsonen egoera hobetzen dituen baldintza jakinak gaineratzen badira. Tresna juridiko berri hau gaineratzeak ez dauka eraginik, ez Lanbide arteko Akordioan aurreikusten den formularen indarraldian, ezta txanda kontratua arautzen duten arauetan aurreikusten diren kontratazio baldintza eta terminoetan ere.
Horretan guztian oinarriturik, Ordezteari eta Plantillak Berriztatzeari buruzko Akordioaren Batzorde parekideak, ondorengo erabakia hartu du.
Erabakia
Txanda kontratua Ordezteari eta Plantillak Berriztatzeari buruzko Lanbide arteko Akordioan sartzea, horretarako ondorengo baldintza jartzen delarik: txanda egiten duen langilea lanaldi osorako eta denbora mugagaberako sartzea, txanda kontratuak, berariazko kontratu formula duelarik edota, kontratua amaitzen denean, mugagabe bihurtzeko hasierako konpromisoa dakarrelarik.
Erabaki honen berri EAEko Jaurlaritzari emango zaio, Ordezteari eta Plantillak Berriztatzeari buruzko Akordioaren azken bi paragrafoetan aurreikusten diren ondoreetarako.
Bilbon, 1999ko apirilak 13.
ConfeBasken izenean
ELAren izenean
Euskadiko Langile Komisioen izenean
Euskadiko UGTren izenean
LABen izenean

|