CRL-LHK
  ENPLEGUARI BURUZKO AKORDIOA
  Enpleguari buruzko Akordioa
  1. akordioa: Lanaldia
  2. akordioa: Aparteko orduak kentzea
  3. akordioa: Ordezteari eta plantillak berriztatzeari buruzko lanbide arteko akordioa
  4. akordioa: Aldi baterako laneko enpresen eta zerbitzu enpresen gaiari buruzko lanbide arteko akordioa
  Ordezteari eta plantillak berriztatzeari buruzko lanbide arteko akordioaren Batzorde Parekidearen akta
  Menu nagusira itzuli 
Laugarren akordioa
ALDI BATERAKO LANEKO ENPRESEN ETA ZERBITZU ENPRESEN GAIARI BURUZKO LANBIDE ARTEKO AKORDIOA
 

1.- Lan Harremanen Kontseiluko enpleguari buruzko mahaian Confebask erakundea eta ELA, Langile Komisioak, UGT eta LAB sindikatuen konfederazioak garatzen ari garen elkarrizketa eta eztabaida prozesuan aztertu diren gaietako bat enpleguaren egonkortasuna izan da.

2.- Enpleguaren egonkortasunari buruzko eztabaida honen markoan, arreta berezia eman izan zaie aldi baterako laneko enpresen eta zerbitzu enpresa direlakoen jarduerari; eta argi geratu da ugazaba erakundearenen eta sindikatuen artean gai honi buruzko diferentzia handiak daudela.

3.- Hala ere, enpresa hauen praktikaz egiten diren balorazio desberdinak alde batera utzita, argi utzi behar da, halaber, azken urteotan EAEko hiru lurraldeetako hitzarmen kolektiboetan akordioen konpuru handia lortu dela eta akordio hauen bidez aldi baterako enpresetako langileen lan baldintzak hobetu direla.

4.-Confebask enpresario erakundeak eta ELA, Langile Komisioak, UGT eta LAB sindikatuek bide honetan sakonago lan egitea eta bidalita dauden langile guztiei lan baldintza hobeak aplikatuko zaizkiela Akordio honen bidez bermatzea erabaki dute. Era berean, aurrerantzean ere prozesu honetan aurrera egiteko konpromisoa, eta zehazkiago, geroan enpresa erabiltzailean dauden lan baldintza berberak aplikatzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartzen dute.

5.- Zerbitzu enpresek garatzen duten jarduerari dagokionez, Confebask ugazaba erakundearen eta ELA, Langile Komisioak, UGT eta LAB konfederazioen ustez, jarduera mota honen azpian legez kanpora pertsonala uzteko egoerak izkutatzea galarazteko bitarteko egokiak ipini behar dira.

Honegatik guztiagatik, ondorengoa erabaki da:

Aldi baterako laneko enpresak

1) EAEko enpresek, aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak kontratatzen dituztenean, bermatuko dute beren esanetara jarri diren langileek enpresa erabiltzailea dagoen eremu funtzionaleko sektoreko hitzarmeneko ordainketa baldintzak, lanaldiaren arabera kalkulaturik, izango dituztela eta beren izaeragatik aldi baterako laneko enpresako pertsonalari aplikagarri izan dakizkiokeen aipatutako hitzarmeneko beste baldintzak ere izango dituztela. Betebehar hau espreski agertuko da aldi baterako laneko enpresak eta enpresa erabiltzaileak sinatzen duten esanetara jartzeko kontratuan.

2) Indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren kalterik gabe, enpresa erabiltzaileak, esanetara jartzeko kontratu bakoitza sinatu baino lehen, langileen ordezkaritzari kontratuari eta erabiltzeko arrazoiari buruzko informazioa emango dio. Era berean, aldi baterako laneko enpresak lehen paragrafoan ezarri den betebeharrari buruz hartu duen konpromisoa egiaztatzen duen dokumentua ere emango die.

3) Halaber, bidalitako pertsonalari legez dagokion ordezkaritzaren kalterik gabe, enpresa erabiltzailearen langileen ordezkaritzak, enpresa erabiltzailearen aurrean, Akordio honetatik sortzen diren eskubide eta betebeharrei dagokienez, bidalitako pertsonalaren ordezkaritza bere gain hartu ahalko du.

Zerbitzu enpresak

1) Administrazioari, dagozkion eskumenak beteaz, pertsonala legez kanpora uzten den egoerak galarazteko neurriak eta jarduketak buru ditzan eskatzea erabaki da.

2) Jarduera honen bilakaeraren jarraipena egitea erabaki da, Batzorde Parekidearen barruan, hala dagokionean, komenigarritzat jotzen diren neurriak hartzeko.

3) Enpresa kontratatzaileko pertsonalaren legezko ordezkaritzak, kontratazio edo azpikontratazio aurrikuspenei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea izango du. Informazio horren barruan, honako hauek ere sartuko dira: kontratazio edo azpikontratazioaren helburua, kontratadun edo azpikontratadun enpresak zeintzuk diren, eta haien pertsonalaren lan eta gizarte segurantzako baldintzei buruzko araudi aplikagarria.

Bilbon, mila bederatziheun eta larogeita hemeretziko urtarrilaren hamabostean.

Confebasken, Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren izenean
Iz.: Baltasar Errazti Navarro

ELAren izenean
Iz.: José Elorrieta Aurrekoetxea

Euskadiko Langile Komisioen izenean
Iz.: Santiago Bengoa Bengoa

Euskadiko UGTren izenean
Iz.: Carlos Trevilla Acebo

LABen izenean
Iz.: Rafael Díez Usabiaga