|
Lan Harremanen Kontseiluak laneko aukera eta trataera berdintasunaren printzipioa aldarrikatzen du. Inork ez du diskriminaziorik jasan beharko lanaren eremuan bere sexua dela medio. Langile guztiek, gizonek eta emakumeek, beren duintasuna errespetatua izateko eta beren intimitatea babestua izateko eskubidea dute. Eta Lan Harremanen Kontseiluak, aukera eta trataera berdintasunaren printzipio hau negoziazio kolektiboan bete-betean aplika dadin gura du, ezein langile bere sexua dela medio diskriminatua izan ez dadin.
Helburu hau lortzeko, Lan Harremanen Kontseiluak ondorengo printzipioak eta ekintzak bultzatuko ditu:
a) Hizkera neutroa
Sexu bereizkeriarik egiten ez duen hizkera erabiltzea, berau emakumeek jasaten duten diskriminazioa gutxiagotzeko funtsezko elementua baita.
b) Lanpostuen araberako bereizkeriak ezabatzea
Lan Harremanen Kontseiluak arazo larritzat hartzen du emakumeek jasaten duten lanpostuaren araberako bereizkeria, zenbait lanbide emakumeentzakotzat hartzea dakarrena, alegia. Horregatik, organismo honen iritzian, utzi egin behar zaio zenbait kategoria espreski zein aipatugabean emakumezkotzat hartzeari eta kategoria horiek sexudun izenen bidez aipatzeari. Hau ez da arazo semantiko hutsa, kontratazioa eta lanbide sustapena baldintzatzen baititu.
Era berean, lanbide kategorietan ez dira bereiztuko emakumeentzako eta gizonentzako kategoriak. Emakume langileek enpresetan, gizonek igotzeko edo ardura handiagoko lanak egiteko dituzten aukera berberak izango dituzte.
c) Soldata bidezko diskriminazioa desagertaraztea
Sailkapenari buruzko atalean adierazita geratu denez, zenbait lanbide sailkapen sistemak dakarten diskriminazioa gerta ez dadin, inongo antolakuntzako beharrengatik sortzen ez diren lanbide kategoria batzuk desagertzea beharrezkoa da, kategoria horiek gizona edo emakumea izate hutsagatik ordain sari desberdinak jasotzen dituzten gizonen eta emakumeen arteko bereizketak izkutatzen dituzte-eta. Zentzu honetan, balio bereko lanengatik soldatazko diskriminaziorik ez egiteko beharra berriro ere aipatu behar da.
Helburu hau lortzeko, benetako diskriminazio mota hauek desagertarazteari ekin behar zaio, behin identifikatuta, desagertarazteko prozedura ezarriz. Hau da, hartu beharreko neurriak erabaki, ondorio ekonomikoak ebaluatu eta ekintzarako irizpideak ezarri behar dira.
d) Lan osasuna eta familiako hobekuntza sozialak
Lan Harremanen Kontseiluaren iritzian, amatasuna Ä eta amatasuna esatean haurra sortzen denetik seme-alabak hazi arteko aldia aipatzen daÄ ez da emakumeari bakarrik dagokion kontua; eta ezin kalkulatuzko balioa duen gizarterako ekarpena denez, gizarte osoak babestu eta zaindu be har du.
Emakumearen laneko arazoak berariaz kontuan hartzen dituen lan arriskuak aurrikusteko araudi berria indarrean hasi da eta honek, lan egiteak dakartzan arriskuen kontrako beste babes bat dakar.
Arestiko araudi hau praktikara eramateak eta aplikatzeak, dituen hutsuneak eta eraginkortasunik gabeko aldeak ikusteko bidea emango du; hala, enpresek eta langileek, guztiek batera, negoziazio kolektiboaren bidez eztabaidatu ahalko dituzte. Zentzu horretan Lan Harremenen Kontseiluak, bere Segurtasun eta Higieneko Batzordeari araudi berriaren aplikazioaren jarraipena egiteko ardura eman dio, bereziki emakumeekin zerikusia duten aldeei dagokienez.
Zentzu honetan, azpimarratu behar da, Lan Arriskuak Aurrikusteko Lege berriak tradizioz aintzat hartu gabe zeuden zenbait gai arautzen baditu ere, beharrezkotzat jotzen dela lan egiten jarraitzea, amatasunak gizarterako duen balioa onartuta, amatasuna bera eta seme-alaben zaintza babesteko helburua duten formula desberdinak zehazteko.
e) Sexu erasoa
Kontseiluak adierazten du, sexu erasoko egoerak aurrikusi eta, gertatzen direnean, zigortzea beharrezkoa dela, sexu erasotzat ahozko zein ekintzazko sexu jokaerak hartzen direlarik, biktimak nahi ez dituenean eta iraingarri gertatzen zaizkionean. Praktika hauek euskal enpresetan ohikoak ez diren arren, Confebask Euskal Enpresarien Elkartearen eta ELA, Langile Komisioak, UGT eta LAB sindikatuen ordezkaritzak osatzen dituzten kideak, bat datoz, honelako gauzak gertatzen direnean, enpresetatik errotik desagertarazteko, zeinek bere ardura onartzean, enpresetako langileen askatasunerako, segurtasunerako, osasunerako eta buru zein gorputz osotasunerako eskubidea bortxatzen baitute.
Zentzu honetan, Lan Harremanen Kontseiluaren iritzian, negoziazio kolektiboak intimitatearen edo beharrezko errespetuaren kontrako sexu hobenak egitea galerazteko berariazko neurriak ezarri beharko ditu, bai hoben horiek enplegatuek egiten dituztenean, eta bai hierarkiazko goragoko maila batetik egiten direnean. Era berean, Lan Harremanen Kontseiluak honako konpromezuak hartzen ditu:
- Laneko sexu erasoaren kontrako printzipiozko adierazpena egin, sinatu eta zabaltzea eta aurrikuspen eta sentsibilizazio kanpainak egitea.
- Salaketa egiteko bideak ezartzea, prozesua isilean eta arin garatuko dela eta erabaki egingo dela bermatuz.
f) Enplegu erregulazioko espedienteak
Lana giza banakoaren eskubidea da, ez familiarena; beraz, Lan Harremanen Kontseiluaren iritzian, enplegu erregulazioko espedienteetan eta baja pizgarrituetan ez da famili egoera era diskriminatzailean erabili behar.

|