|
HITZAURREA
1984an laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozeduren inguruko lehendabiziko akordioa sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. 1990an bigarren akordioa sinatu zen. Bata zein bestea apostu sendoa izan ziren erakunde sindikalek eta enpresaburuen erakundeek ahalik eta autonomiarik handiena lor zezaten lan harremanen arloan. Asmoa zen elkarrizketa eta negoziazio kolektiboa tresna nagusi eta eraginkorrena bihurtzea, bai harremanon edukia mamitzeko eta bai laneko gatazkak ebazteko ere, bereziki gatazka kolektiboak.
Lehen akordioan aurrerapauso nabarmena egin zen norabide bikoitz horretan, adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje bideak ezarri baitziren gatazka kolektiboak ebazteko. Urrats hura, gainera, aukera horri batere laguntzen ez zion testuinguru sozial eta legalean egin zen.
1990an aurreneko esperientzia hori berritu zen, GEP II izenaren pean. Lehentxoago, Lan Prozedurari buruzko Legeak nolabaiteko onespena emana zien sistema hauei, eta erakunde sindikal eta enpresarialek honelako prozedurak adostearen aldeko iritzia zabaltzen hasi zen. Hala ere, gizartean oso aurrerapauso gutxi emanak ziren alde horretarantz.
Esperientzia aintzindari hauetatik abiatuta, aldaketa sakona gertatu zen, bai errealitate sozialean eta bai eremu legalean ere. 1994ko legeriaren erreformak behin betiko bultzada eman zion bitartekotza eta arbitrajeen erabilerari eta bide hauetaz baliatzea sustatu zuen.
Gaur egun egoera oso bestelakoa da. Gatazkak ebazteko prozedura autonomoak gure ingurune ia osoan daude ezarrita. Gainera, geure errealitatea ere nabarmen aldatu da: gure prozedurak erruz erabiltzen dira gatazka kolektiboetan eta oso harrera ona egiten zaie negoziazio kolektiboan. Horrek erakusten du sistema guztiz heldua eta finkatua dagoela, nahiz eta oraindik gordetzen dituen GEP II sinatu zen garaiko zenbait kautela.
Beraz, une egokia da testua berrikusi eta pauso berriak emateko.
Sistemaren heldutasunak bidea ematen digu legeak eskaintzen digun aukeraz baliatu eta geuk bakarrik eskuratzeko auzibidera jo aurreko betekizun bezala eskatzen den adiskidetzea, laneko gatazka kolektiboei dagokienez. Horrela, orain arte egon den bide bikoitza desagertzen da, lehen aukera baitzegoen lan arloko agintariengana jotzeko helburu horietako. Interes publikoko gauza da erakunde sindikal eta enpresarialek euren burua gobernatzea gatazkak ebazterakoan, eta, ondorioz, komenigarria da eurek sortutako bideek ahalik eta neurri handienean eurenganatzea gatazka arazoak. Oraingo erabaki hau horren alde doa.
Bestalde, komenigarri ikusi da prozeduren arauak arintzea, prozedurok malguagoak eginez, gatazka bakoitzaren ezaugarrietara eta alderdien gurarietara egokitu daitezen. Era berean, Akordioko Batzorde Paritarioaren erabaki-irizpideak ere moldatu dira. Horrez gain, erantzuna eman zaie gatazka kolektiboak GEPeko prozeduren erabileren inguruan agerian jarritako zenbait premiari. Kontuan izanik GEPeko arauen eta hitzarmen kolektiboetako arauen interakzioa ezinbestekoa dela, Akordio berriak aukerak zabaltzen ditu hitzarmen kolektiboekin hobeto uztartzeko, eta aldi berean sendotu egiten du batzorde paritarioek izan behar duten lehentasuna, bai Akordio administrazioan eta bai eurotatik sortzen diren gatazkak ebazterakoan ere.
Joan den 1999. urtean ELA, Langile Komisioak, LAB, UGT eta CONFEBASK enpresaburuen erakundea helburuok lortzeko lanean aritu dira Lan Harremanen Kontseiluan. Ahalegindu dira, horrela, gure Autonomia Erkidegoko enpresaburu eta langileei eta euron ordezkariei laneko gatazkak ebazteko sistema bat eskaintzen, oraingo errealitatera egokitzen den sistema, hain zuzen. Hartara, eurek ere lagundu dute gatazketako protagonisten arteko elkarrizketa eta negoziazioa tresna nagusia izan daitezen gatazkok ebazteko eta gure lan harremanen sistema sendotzeko.
Hori guztia lortzeko, "GEP-Laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozedurei buruzko Akordio" hau sinatzen dute Bilbon, bi milako otsailaren hamaseian.
AKORDIOKO XEDAPEN OROKORRAK
1. Akordioaren gaia
Akordio honen bidez, laneko gatazkak ebazteko orain arte indarrean egon den prozedura sistema eguneratuko da. Hemendik aurrera, akordioari "GEP" izena emango zaio.
2. Lurralde-eremua
Akordioa aplikatzeko eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da. Eremu honetatik kanpoko gatazkak akordio honetako prozeduren bidez ebatzi ahal izango dira gatazkan zerikusia duten langileen eta enpresarien gehiengoa ordezkatzen dutenek hala erabakitzen dutenean.
3. Izaera eta pertsona-eremua
Akordioak Langileen Estatutuko 83.3. artikuluan hartzen du babesa. Hartara, bere lurralde-eremuaren barruan eraginkortasuna dauka enpresari eta langile guztiengan, euren ordezkari guztiengan eta sindikatu eta enpresari elkarte guztiengan ere.
4. Denbora-eremua
Akordioa denbora mugagabekoa da. Dokumentua sinatzen denetik hasita, lau urterik behin sinatzaileek Akordioara amaiera iragarri ahal izango dute sei hilabeteko aurretiaz. Amaitu eta gero ere, Akordioak eragina izaten jarraituko du beste akordio batek haren lekua hartzen duen arte. Akordio berria indarrean jarri baino lehen hasi diren prozedurak aurreko akordioko arauen bidez bideratuko dira.
5. Akordioko batzorde paritarioa
Batzorde paritario batek interpretatu eta aplikatuko du akordioa, bai eta berorren aplikazio arauak egin ere. Batzorde hori ELA, Langile Komisioak, LAB eta UGT sindikatuen ordezkariek eta Confebask-en ordezkariek osatuko dute. Gutxienez urtean behin bilduko da, eta alderdi bakoitzeko gehiengo osoaz hartuko ditu akordioak, salbu eta 6. eta 11.2. artikuluetan aipatutako kasuan, orduan ahobatez hartu beharko baititu. Gehiengoa, sindikatuen alderdian, Lan Harremanen Kontseiluaren ekainaren 27ko 11/1997 Legeko 8.3. artikuluan adierazitako irizpidearen arabera osatuko da.
Batzorde paritarioko edozein kidek eskatu ahal izango du azter dadila ea batzordera eramandako gairen bat akordioa interpretatze edo aplikatze hutsetik harago geratzen den ala ez. Halako kasuetan GEPeko hiru arbitrok aztertuko dute arazoa eta erabakiren bat hartuko dute ahalik eta lasterren. Arbitrook arbitraje prozedurako arbitraje epaimahaien erara izendatuko dira, eta euren moduan jokatuko dute. Batzordeak gaia aztertu eta ebatziko du bakar-bakarrik arbitroek adierazten badute arazoa ez doala akordioaren interpretatze eta aplikatze hutsetik harago.
6. Arau bereziak
Aurreko atalean sortutako batzorde paritarioak ahobatez onartzen badu, Hitzarmen edo akordio kolektiboetan ezartzen diren berezitasunak Akordio honen parte izatera pasatuko dira.
PROZEDUREN GAINEKO XEDAPEN OROKORRAK
7. Prozedura motak
Adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozedurak eratzen dira. Adiskidetzearen kasuan, adiskidetzailea saiatzen da alderdi biak akordio batera hel daitezen gatazka ebazteko. Bitartekotzaren kasuan, bitartekoa ahalegintzen da alderdiak akordio batera hel daitezen, eta lortzen ez badu, proposamen formal bat aurkezten die, alderdi bakoitzak onartu edo gaitzets dezan. Arbitrajearen kasuan, akordioa lortzen ez bada, arbitroak nahitaez bete behar den epaia ematen du, zuzenbidean edo ekitatean oinarritua, eta horrek erabakitzen du gatazka.
8. Prozeduraren gaiak
Honakoetan aplikatuko dira prozedurak:
- edozelako gatazka kolektiboetan.
- estatuko arauak edo hitzarmen edo itun kolektibokoak interpretatu edo aplikatzeari dagozkion gatazketan, edozelako eraginkortasuna dutela ere.
- enpresako erabaki edo praktikei dagozkien gatazketan.
- interes gatazketan (hitzarmen edo akordioen negoziazioetan adostasunik ez dagoenean)
- Lan arloko legerian edo negoziazio kolektiboan ezarritako kontsultaldietan sortzen diren desadostasunetan.
9. Prozedurako alderdiak
Zilegi izango dute prozeduretan parte hartzea gatazkaren eremu berbereko negoziazio kolektibo batean parte hartzea zilegi zaien pertsonek. Beraz, prozedura bakoitzean alderdi bakoitza osatuko dute gatazkak eragindako langile eta enpresarien ordezkari gisa berorretan parte hartzen duten eta horretarako legitimizatuta dauden pertsonek.
Auzibidean planteatzen diren gatazkei dagokienez, bide horretan prozedurarako legitimazioa duen edozein subjektuk eskatu ahal izango du adiskidetze edo bitartekotza eta berorretan parte hartu.
10. Auzibidera jo aurreko betekizuna betetzea
Akordio honen arabera burutzen edo saiatzen diren adiskidetze edo bitartekotzek ordezkatuko dute indarrean den Lan Prozedurari buruzko Legeko 154.1. artikuluaren arabera gatazka kolektibo batean prozedura judizialera jo aurretik burutu behar zen betekizuna. Aipatutako betekizuna zera zen, administrazio zerbitzu baten aurrean adiskidetze saio bat egitea.
11. Adiskidetzaileak, bitartekoak eta arbitroak
Adiskidetzaile-bitartekoen elkargo bat eta arbitroen elkargo bat eratuko da prozedura hauetan aritzeko. Elkargook erakunde sinatzaileek ahobatez onartu eta izendatutako profesionalek osatuko dituzte.
Profesionalen zerrendak urte bakoitzeko urtarrilaren lehenean eguneratuko dira, batzorde paritarioaren ahobateko akordioaz. Edozelan ere, profesional bakoitzaren izendapena indarrean egongo da izendapenaren egunetik zerrenda berriz eguneratu arte.
12. Prozeduren kudeaketa
Akordioa sinatzen duten erakundeen eskakizunari jarraituz, Lan Harremanen Kontseiluak kudeatuko ditu prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko guztietan dauzkan egoitzen bitartez.
PROZEDURAK HASTEKO ESKAERA
13. Hitzarmen edo akordio kolektiboetako batzorde paritarioen aurretiko jarduna
Prozedura hauek eskatu baino lehen, hitzarmen edo akordio kolektibo baten interpretazio edo aplikaziotik sortutako gatazka kolektibo guztiak hitzarmen edo akordio horretako batzorde paritariori aurkeztuko zaizkio, baldin eta batzorde hori benetan jardunean badago. Kontseiluko egoitzaren arduradunak ez badauka batzordea benetan jardunean dagoen berririk, eskaera tramitatuko da eskatzaileak adierazten duenean batzordea ez dagoela jardunean, eta gatazkak ukitutako langile eta enpresarien gehiengoa kontra agertzen ez bada.
Baldintza hori betetakotzat joko da batzorde paritarioari eskaera aurkeztu eta handik hamabost egunera gatazka ebatzita ez dagoenean.
14. Prozedurak hasteko eskaera
Eskaera dokumentu arautuan aukeztuko da Kontseiluaren kasuan kasuko egoitzan. Legitimatuta dagoen edozein pertsonak aurkeztu ahalko du, berak zuzenean edo Akordio hau sinatzen duten erakundeen bitartez. Arbitraje eskaeran ageri beharko da gatazkak ukitutako langile eta enpresarien gehienegoa ordezkatzen dutenen adostasuna.
PROZEDURAK ZELAN GAUZATU
15. Adiskidetzearen edo bitartekotzaren hasiera
Egoitzaren arduradunak adiskidetze ekitaldi batera deituko die subjektu legitimatuei luze barik. Ekitaldian arduraduna saiatuko da alderdi biak ados jar daitezen. Hori berehalakoan lortzen ez bada, gatazkak ukitutako langile eta enpresari gehienen ordezkariak ados jarrita, prozedurak aurrera jarraitzea erabaki ahal izango dute, dela adiskidetzearen bidez, dela bitartekotzaz. Hori halan bada, adiskidetzaile edo bitarteko bat izendatuko dute berehala.
Bai eskatzaileak eta bai beste alderdiak nahitaezkoa izango dute aipatutako ekitaldira joatea. Eskatzailea justifikaziorik gabe joango ez balitz, eskaera artxibatu egingo litzateke. Alderdi bateko edo besteko gehiengoaren ordezkariak joango ez balira, edo prozedurarekin jarraitzeko ados jarri ezin balira, adiskidetze saioa egin dela baina ezin izan dela burutu ulertuko da. Horrekin beteta geratuko litzateke indarrean den Lan Prozedurari buruzko Legeko 154.1. artikuluan eskatzen den betekizuna, eta horren ziurtagiria egingo litzateke.
16. Bitartekotza bezala jarraitu beharra
Zenbait kasutan, bi alderdietako bateko gehiengoaren ordezkariek hala nahi badute, prozedurak aurrera jarraituko du, nahiz eta beste alderdiak parte hartu ez. Hauek dira kasu horiek:
- Hitzarmen edo akordio kolektibo batek hala ezarrita daukanean, berorretan aipatzen diren gatazka kolektiboei buruz.
- Hitzarmen kolektibo baten negoziazioa hasi zenetik sei hilabete igaro direnean akordiorik lortu gabe, baldin eta azken hilabete bietan negoziaziorik izan ez bada.
Prozedurak bitartekotza gisa jarraituko du.
Bere alderdiko gehiengoaren onarpena lortzen ez duen eskatzaileari aurreko puntuan aipatutako ziurtagiria emango zaio.
17. Arbitrajearen hasiera
Arbitraje eskaera behar den eran aurkeztuta, egoitzaren arduradunak legitimatuta dauden subjektuei deituko die prozeduran parte hartzea eskaintzeko, 9. atalean adierazitakoaren arabera. Ondoren, arbitroa izendatuko da, baldin eta eskaera orrian dagoeneko izendatuta ez balego.
18. Adiskidetzaile, bitarteko edo arbitroaren izendapena
Alderdi bakoitzetik parte hartzen dutenen gehiengoak izendatuko dituzte. Ados jarriko ez balira, profesionalen zerrenda inpare bat aurkeztuko litzaieke. Alderdi bateko eta bestekoak izenak kentzen joango lirateke txandaka, harik eta izen bakarra geratu arte.
19. Aholkulariak adiskidetze prozeduran
Prozedurako alderdi bakoitzaren gehiengoak hala erabakitzen badu, pertsona bi izendatu ahalko dira adiskidetzailearen aholkulari aritzeko. Bata Akordio hau sinatzen duen enpresarien erakundeak izendatuko dute, eta bestea, berriz, gatazkaren alderdi sozialekoek ahobatez aukeratzen duten sindikatu sinatzaileak izendatuko du. Hori guztia gorabehera, partaide bakoitzak bere aholkularia eduki ahal izango du.
20. Prozeduretako zereginak
Adiskidetzaile, bitarteko edo arbitroa lanean hasiko da izendatua izan bezain laster. Alderdiek eskatuta edo bere kabuz, egoki deritzen jarduerak burutuko ditu, eta bere zeregina betetzeko beharrezko iruditzen zaion informazioa bidluko du.
Edozelan ere, partaide guztiek prozeduran entzunak izateko daukaten eskubidea bermatuko da, bai eta berdintasun eta kontra egiteko printzipioak ere, babes gabeziarik gertatzen ez dela.
21. Jardunen gehienezko epeak
Aurreko puntuan aipatutako adiskidetze eta arbitraje jardunak gehienez ere 15 egun balioduneko epean amaitu beharko dira, eta bitatartekotza jardunak, berriz, 20 egun balioduneko epean gehien dela, profesionala izendatzen denetik kontatzen hasita. Egoitzaren arduradunak epearen amaieraren berri emango die profesionalari eta parte hartzaileei. Hortik aurrera, bitarteko edo arbitroak 7 egun baliodun izango ditu bitartekotza proposamena aurkezteko edo arbitraje epaia emateko.
PROZEDUREN AMAIERA
22. Bat etortzearen bidez amaitzea
Prozedurak bat etortzearen bidez amaituko dira prozedurako alderdi bakoitzeko gehiengoak akordio batera iristen direnean. Hori gertatzean halaxe jasoko da aktan.
23. Adiskidetzearen amaiera
Era berean, adiskidetzea amaituko da adiskidetzaileak adierazten duenean ezinezkoa dela alderdiak bat etortzea, edo 21. puntuan jardunetarako adierazitako epea bukatzen denean.
Edozein unetan adiskidetzaileak proposatu ahal izango die alderdiei, edo alderdiek berari hala eskatu, adiskidetzea amai dadila adiskidetzaileak bitartekotza proposamen bat eginez edo arbitraje epai bat emanez, 24. eta 25. puntuetan esandako baldintzetan. Prozedura bitartekotza proposamen batez bukatu ahal izateko, beharrezkoa izango da alderdi bakoitzaren gehiengoaren onespena. Proposamen hori arbitraje bihur dadin, beharrezkoa izango da gatazkak erangindako langileen eta enpresarioen gehiengoa ordezkatzen dutenen baimena izatea.
24. Bitartekotzaren amaiera
Bat etorri ezina suertatuko balitz, bitartekoak proposamen arrazoitua egingo du 21. puntuan adierazitako epean.
Alderdi bakoitzak lurralde egoitzari adieraziko dio idatziz proposamena orotara onartzen edo gaitzesten duen. Edozein kasutan, proposamena jakinarazten den egunaren biharamunetik hurrengo bost egun baliodunen barruan gaitzespen idatzirik aurkezten ez dutenek proposamena onartu egin dutela suposatuko da, kontrako froga barik.
Alderdi bakoitzeko partaideen gehiengoek onartzen badute, proposamena behartze indarrekotzat joko da.
Era berean, bitartekoak edo alderdiek proposatu ahal izango dute bitartekotza amaitzea bitartekoak arbitraje epaia emanez, hurrengo puntuan adierazten diren baldintzetan. Horretarako, gatazkak ukitutako langileen eta enpresarien gehiengoa ordezkatzen dutenen onespena beharko da.
Bestalde, bitartekotzak amaiera aurreratua izango du alderdiek bertan behera uzten dutenean modu arrazoituan, bitartekoaren iritziz aurrera jarraitzea alferrekoa delako. Era berean, bitartekotza automatikoki amaituko da berori bideratzen ari den bitartean grebak hasten badira, salbu eta alderdi bietako partaideen gehiengoek aurrera jarraitzea erabakitzen dutenean.
25. Arbitrajearen amaiera
Bat etortzerik lortu ez bada, arbitroak arbitraje epai arrazoitua emango du 21. puntuan adierazitako epean.
26. Arbitraje epaiaren aurreko barruko errekurtsoa
Prozeduran parte hartzen duten subjektu kolektiboek epaiaren kontrako errekurtsoa jarri ahal izango dute hiru arbitroko epaimahai baten aurrean, arau legaletan inpugnazio judizialerako onartuta dauden arrazoi berberengatik. Inpugnazio judiziala egin baino lehenago, nahitaezkoa izango da errekurtso hau jartzea.
Errekurtsoa Kontseiluaren lurralde egoitzaren aurrean aurkeztuko da, epaia jakinarazi eta hurrengo bost egun baliodunen barruan. Alderdiak ahobatez ados jarrita, edo, hori lortu ezean, lurralde egoitzan egingo den zozketaren bidez, hiru arbitroak izendatuko dira, prozeduran parte hartu duena kanpoan utzita. Arbitrook alderdiei entzungo diete eta arbitraje ebazpen bat emango dute, hori guztia Akordio honetako 21. puntuak arbitrajerako ezarrita dituen epeen barruan. Ebazpenak aurreko epaia sendotu edo aldatuko du. Ebazpena eman artean, bestalde, aurreko epaia ez da betetzen hasiko.
27. Bitartekotza proposamena eta arbitraje epaia edo ebazpena argitzea
Bitartekotza proposamena edo arbitraje epaia edo ebazpena jakinarazi eta hurrengo 3 egun baliodunen barruan, parte hartzaileek akats materialak edo egitezkoak eta akats aritmetikoak zuzentzeko eskatu ahal izango dute, edo, kontzeptu ilunen bat balego, berori argitzeko. Orduan proposamena onartu edo gaitzesteko epea edo epaia errekurritzekoa eten egingo dira.
Argitzea edo akatsen zuzenketa 3 egun balioduneko epean egin beharko da. Etenda utzitako epetik geratzen diren egunak argitze edo zuzentzeen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik jarraituko dira kontatzen.
PROZEDUREN ONDORIOAK
28. Kontsultaldietako desadostasunak
Adiskidetze edo bitartekotza eskaerak egiten direnean, legeetako arauetan edo negoziazio kolektiboen bidez ezarrita dauden kontsultaldiak luzatuko dira, prozedura amaitu arte. Luzatze hori gertatuko da alderdi bakoitzeko interesatuen gehiengoa ordezkatzen dutenek prozedura onartzen dutenean, edo alderdi bateko gehiengoaren ordezkarien borondatea nahikoa denenean horretarako, Akordioko 16. puntuaren arabera.
29. Gatazka ebazteko tresnen eraginkor- tasuna
Bat etortzeek, onartutako bitartekotza proposamenek eta arbitraje epai edo ebazpenek eraginkortasun orokorreko hitzarmen kolektiboaren ondorio berberak sortuko dituzte, baldin eta prozeduran parte hartu dutenek legitimaziorako baldintzak betetzen bazituzten eta legeek eskatutako gehiengoen arabera hartu badituzte akordioak. Kasu horretan erregistratzera eta modu ofizialean argitaratzera bidaliko dira, legearen arabera hala dagokionean.
Hala ez bada, akordioa hartu duten pertsonak eta eurok ordezkatutakoak behartzeko indarra izango dute.
Xedapen gehigarria
Akordioa ofizialki argitaratzen denetik eta bi hilabetera jarriko da indarrean. Akordio honetako 10. artikuluan aipatzen den bezala, bitartekotza edo adiskidetze prozedurak administrazio zerbitzuaren aurreko adiskidetze saioa ordezkatzeak eragina izango du data horretatik aurrera aurkezten diren eskaera guztietan.
Azken xedapena
Indargabetuta eta ordezkatuta geratzen dira GEP II-Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Konfederazio arteko Akordioak (1994.4.14an berrikusitako testua).
Sexista ez den hizkera
Akordio hau sinatzen dutenak ondo jabetuta daude hizkera moduek ez dutela ilundu behar, ezta nahigabean ere, emakumeek berdintasun egoera batean izan behar duten presentzia. Hori dela eta, horretan ahalegindu dira dokumentu hau idaztean. Alabaina, zaila da hori erabat lortzea testua ulertu eta aplikatzea gaitz egingo duen konplexutasuna ere erantsi barik. Ondorioz, sinatzaileek argi eta garbi adierazi nahi dute izaera edo jardun bat adierazteko erabiltzen diren hitz guztiak, hala nola enpresari, adiskidetzaile, bitarteko edo arbitroa, sexu bietako pertsonak adierazteko erabili direla testuan.
ERANSKINA: APLIKAZIO ARAUAK
1. Prozeduren kudeaketa. Lan Harremanen Kontseiluaren lurralde egoitzak
Egoitzek idazkiak jaso eta horiei buruz erabakiko dute, deialdiak eta jakinarazpenak egingo dituzte, sortzen den dokumentazioa erregistratuko dute, jardueretan gertatutakoaren eta prozeduren emaitzen ziurtagiriak egingo dituzte, eta, oro har, prozedurak errazteko eta aurrera joateko behar diren eginkizun guztiak beteko dituzte.
2. Eskaera orriaren edukia
Eskaera orri arautu bi egongo dira, bata adiskidetze edo bitartekotzarako, eta beste arbitrajerako. Bietan eduki hauek jaso beharko dira:
- Eztabaidagaia zein den
- Gatazkak ukitzen duen kolektiboa eta gatazkaren lurralde-eremua.
- Legitimatuta dauden subjektuak nortzuk diren
Adiskidetze edo bitartekotzako orrian, gainera, alderdi bakarreko interesatu gehienen borondatez bitartekotza aurrera eramatea baimentzen duen egoera bat edo bestea gertatzen dela azalduko da.
Arbitrajerako eskaerak eduki berezia izango du:
- Zuzenbidezko arbitrajea edo ekita- tezko arbitrajea aukeratzen den.
- Zeintzuk diren arbitroari aurkeztu gura zaizkion gai zehatzak.
- Arbitroa nor izango den, edo, bestela, lurralde egoitzaren ardura- dunarekin biltzean izendatzen den arbitroaren onarpena.
- Deituta dauden edo egiten ari diren grebak edo ugazaben itxierak bertan behera geratzen direla ziur- tatzen duen adierazpena.
- Arbitroari aurkeztuko zaizkion gaiak ebazteko bide judizial edo admi- nistratibora jotzeko ezintasunaren onarpena, eta arbitraje epaia edo ebazpena behartze indarrekoa eta bete beharrekoa dela ziurtatzen duen adierazpena.
3. Alderdi bakarreko interesatuen gehiengoa ordezkatzen dutenen borondatez burutzen den bitartekotza
Akordioko 16. puntuaren arabera prozedurak bitartekotza bezala jarraitzen duenean alderdi bakarreko interesatuen gehiengoaren borondatez, bitartekoa egoitzaren arduradunak izendatuko du zozketaz. Tramite bakoitzean subjektu legitimatu guztiei deituko zaie, prozeduran parte hartzea erabaki zein ez, euren interesak babestu ahal izateko.
4. Prozeduretako gehienezko epeak luzatu, laburtu eta etetea
Prozedurako alderdi bietako gehiengoen akordioz, epeak euren berezko iraupenaren erdian luzatu ahal izango dira. Era berean, adiskidetzaile, bitarteko edo arbitroarekin ados jarrita, laburtu ere egin ahal izango dira epeok.
Prozedurak hala eskatzen duen salbuespenezko kasuetan, alderdiek epea etetea eskatu ahal izango diote lurralde egoitzaren arduradunari. Etete hori kasu horretarako baldintza konkretuekin erabakiko da.
5. Erakunde sinatzaileentzako informazioa
Kontseiluaren egoitzek eskatzen diren prozeduren berri emango diete Akordio honen sinatzaileei, bai eta prozeduren azken emaitzen berri ere.
6. Egun baliodunak
Prozeduren epeak zenbatzerakoan, lanegun guztiak joko dira egun balioduntzat, larunbatak izan ezik.
Akordioaren 13. puntuan ezarritako hamabost eguneko epea hitzarmen edo itun kolektiboetako batzorde paritarioen aurretiazko jarduketaren kasuan ere modu berean kontatuko da. (*)
7. Adiskidetze saioaren garapena (*)
Adiskidetze edo bitartekotza prozedura adiskidetze saioan Egoitzaren arduradunaren aurrean alderdi bakoitzaren gehiengoa aurrean delarik hasita, arduradunaren jarduketa, adostasuna ekitaldi horretan bertan lortzea ezinezkoa dela ohartzen denean amaituko da. Alderdietako bat prozedurak Precoren 11. Puntuan aipatzen den elkargoko adiskidetzaile edo bitartekari baten parte hartzearen bidez aurrera egin dezan prest ez balego, aktan adiskidetze saioa adostasunik gabe amaitu dela Lan Prozedurari buruzko Legearen 154.1 artikuluan aurreikusten den eskakizuna bete dela egiaztatuko da.
8. Hitzarmen kolektiboek eurek dakartzaten prozedurak (*)
Hitzarmen kolektibo batek hitzarmena interpretatzeari edo aplikatzeari buruzko gatazketarako berezko prozedura bat ezartzen badu, eta prozedura horretan hitzarmen horretako batzorde paritarioaren jarduera aurreikusten ez badu, prozedura hura aplikatuz gero, Precoren 13. puntuan aurreikusten den eskakizuna beteta egongo da.
(*) Testu hauek Precoren Batzorde Paritarioak gehitu zituen, 2002.06.21eko 117. EHAAn argitaratutako erabakiaren bidez.
ELAren izenean
Iz.: José Elorrieta Aurrekoetxea
Euskadiko Langile Komisioen izenean
Iz.: Francisco Blanco Caraciolo
LABen izenean
Iz.: Rafael Díez Usabiaga
Euskadiko UGTren izenean
Iz.: Carlos Trevilla Acebo
Confebasken, Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren izenean
Iz.: Román Knörr Borrás
PRECOREN 6. PUNTUA APLIKATZEARI BURUZKO AKORDIOA
ATARIKOA
Preco, Lan gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioaren 6. puntuak, honako hau xedatzen du:
“6. Arau bereziak
Aurreko atalean sortutako batzorde paritarioak ahobatez onartzen badu, Hitzarmen edo akordio kolektiboetan ezartzen diren berezitasunak Akordio honen parte izatera pasatuko dira”.
Lan Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioaren Batzorde Paritarioak 2003ko ekainaren 18an egindako bileran, lanbide arteko akordio horren 6. puntua aplikatzean sortzen diren arazoak aztertu ondoren, aho batez, hitzarmen edo itun kolektiboetan jasotzen diren Preco erabiltzeari buruzko berezitasunen onarpena eta aipatutako hitzarmen eta akordioen barruan dauden banako gatazkak ebazteko eskaeren eta arbitraje konpromisoen onarpena arautzea erabaki zuen.
Batzorde Paritarioak akordio honi bi urteko indarraldia eman zion, berezitasun hauen aplikazioa esperimentu gisa egin zedin. Bi urteko indarraldi hau amaitzear dela ikusirik eta kontuan harturik, aipatutako Akordioa hartzea eragin zuten zirkunstantzia kez direla aldatu, Precoren Batzorde Paritarioko kideek 2005eko apirilaren 27an egindako bileran aho batez erabaki dute 2003.06.18ko Akordioaren indarraldia lau urteko aldirako luzatzea.
Hitzarmen edo itun kolektiboetan jasotzen diren Precori buruzko berezitasunak onartu eta berezitasun horiek aplikatzeak eragiten dituen prozedurak tramitatzea, ondorengo akordioaren arabera gauzatuko dira:
AKORDIOA
I. IZAERA ETA INDARRALDIA
Akordio hau, Preco-Lan Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioaren 5 eta 6. puntuetan aurreikusitakoarekin bat etorriz hartu da.
Akordio honen indarraldia 2005eko ekainaren 18an hasi eta lau urteko iraupena izango du. Indarraldi hau amaiturik berriztatu edo luzatuko ez balitz, Akordioa iraungi baino lehen hasitako prozedurek amaitu arte iraungo dute iraungitako Akordioaren arauei jarraiki.
II. BEREZITASUNAK ONARTZEA
1. Onartu ahal izango diren berezitasunak, hitzarmen edo itun kolektiboen barruan dauden eta banako gatazkei zein arbitraje konpromisoei dagozkien berezitasunak izango dira.
Banako gatazken gaia, hitzarmen edo akordio kolektiboaren interpretazioa edo aplikazioa izan beharko da.
Arbitraje konpromisoak ondorengo gaiei buruzkoak izango dira:
a) Hitzarmen kolektiboak
b) Legez zein hitzarmen edo itun kolektiboz ezarritako kontsulta aldietako desadostasunak.
c) Hitzarmen edo akordio kolektiboa interpretatzeari edo aplikatzeari buruzko banako gatazkak, beti ere Akordio honen III A) ataleko 2. puntuan ezartzen den aurretiazko tramitea bete ondoren.
2. Berezitasun horiek onartzeko proposamena, Batzorde Paritario hau osatzen duten erakundeen ordezkaritzetako edozeinek egin ahal izango du, baita prozeduren kudeaketaren arduradunek ere, bai euren ekimenez eta bai dagokion hitzarmen edo akordioa sinatu duten alderdietako edozeinek aurretiaz hala eskaturik.
3. Batzorde Paritarioak berezitasun horiek onartzeko, Precoren 6. puntuan aurreikusten den guztien adostasunaren eskakizuna bete beharko da.
4. Onartzen diren berezitasunak Precoren partetzat hartuko dira, Akordio honetan ezarritakoarekin bat etorriko ez liratekeen gaietan izan ezik, halakorik gertatuko balitz.
III. ESKAERAK ONARTZEA ETA TRAMITATZEA ETA HONEN ONDORIOAK
Batzorde Paritarioak ontzat ematen dituen berezitasunetan jasotzen diren banako gatazkei buruzko eta arbitraje konpromisoei buruzko prozedurak onartzeko eta tramitatzeko, ondorengo eskakizunak bete beharko dira:
A) BANAKO GATAZKAK
1. Onar daitezkeen gatazkak
Precoren prozeduretan onartzen diren banako gatazken gaia hitzarmen edo akordio kolektibo bat interpretatzea edo aplikatzea izango da.
2 Aurretiazko tramitea
Precon onartua izan ahal izateko, planteatzen den gatazka aurretiaz ondoren zehazten diren eremuetan aztertu beharko da:
a) Halako banako gatazkak aztertzeko, interpretatu edo aplikatu beharreko hitzarmenak ezarri duen instantzia edo batzordean.
b) Aipaturiko hitzarmenak horretarako batzorde edo bestelako organorik ezarri ez badu, gatazka hori, enpresan helburu hori betetzeko ezarritako prozeduraren bidez aztertuko da.
c) Halako organorik ezean, dagokion banako gatazka, langileen legezko ordezkarien eta enpresaren zuzendaritzaren arteko bileran aztertuko da.
Aurretiazko tramite honen helburua, gatazkaren banako subjektuen arteko adostasuna lortu ahal izateko aukera sustatzea da. Batzordea edo organoa edo pertsonalaren ordezkariak eta enpresaren zuzendaritza biltzen direnetik 15 eguneko epea igarota edo, edozertara ere, eskaera ordezkariei aurkeztu zaienetik hilabeteko epea igarota, aipatutako akordioa lortzen ez bada, gatazkako alderdi batek zein besteak, Precoko gaurko edozein prozedura has dadin eskatu ahalko du. Aipatutako hitzarmen edo akordio kolektiboak erreklamazioak aztertzeko bere prozedura betetzeko beste epe batzuk jarri baditu, hemengo hauen ordez, epe horiek erabiliko dira.
Era berean, aurreko tramitean parte hartu behar duten ordezkaritzek sinatutako dokumentua aurkezten bada, planteatutako gatazkaren gaineko akordiorik lortu ezin izan dutela adieraziz, gatazka tramitatzea edozein momentutan onartuko da.
3. Precoren aurreko prozedura
Prozedura abiarazteko eskabidearekin batera, III A) atal honetako 2. puntuak aipatzen duen aurretiazko tramitea bete delako egiaztapena aurkeztu behar da.
Hitzarmen edo akordio kolektibo batek prozedura hauek erabiltzearen derrigorrezkotasuna ezarri baldin badu, prozedura alderdi bakarraren borondatez gauzatuko da, aurreko atalean xedatutako aurretiazko tramiteko organoa edo bertan parte hartzen duten alderdiek akordio proposamen bat eginda, eskatzaileak ezezko erantzuna eman dionean edota planteatutako prozedura arbitrajezkoa denean izan ezik.
4. Ondoreak
Hitzarmen edo itun kolektiboetako klausula hauek aplikatuz gauzatzen diren edo gauzatzeko saioa egiten den adiskidetzeek edo bitartekotzek, Lan Prozedurako Legearen 63. artikuluak eskatzen duen auzi bidea baino lehenagoko adiskidetzea betetzat emateko balioko dute. Aipatutako legeak xedatzen duen bezala, adiskidetzeak edo bitartekotzak aurkezteak iraungitzeko epeak etengo eta preskripziokoak geldiaraziko ditu eta lortzen diren adostasunek, legean aurreikusten den lotzeko indarra izango dute.
B) ARBITRAJE KONPROMISOAK
1. Arbitrajearen objektua eta subjektuak
Gatazka kolektiboa denean edo interpretazioko zein aplikazioko banako gatazka denean, arbitrajearen objektua planteatutako eztabaida gaia izango da eta arbitrajea gatazkaren subjektuen artean garatuko da.
Arbitrajea kontsulta aldiko desadostasunari buruzkoa denean, haren gaia desadostasun hori izango da eta kontsulta aldi horretan parte hartu duten ordezkaritzen artean gauzatuko da, parte hartzea eragin zuen eztabaidaren gaia banakoa zein kolektiboa izanik ere.
2. Arbitrajearen praktika
2.1. Banako gatazkei buruzko arbitrajea
Planteatutako prozedura banako gatazkari buruzko arbitrajea denean, arbitraje horren tramitazioari bakarrik ekingo zaio, alderdi biek horretarako baimena espresuki eman badute.
2.2. Enpresako edo eremu txikiagoko hitzarmen edo itun kolektiboetan jasotako berezitasunak
Arbitraje eskaera gatazkako alderdietako batek edo kontsulta aldian parte hartzen duten ordezkaritzetako batek aurkezten badu, alderdi edo ordezkaritza biei bilera baterako deia egingo zaie.
Bilera horretan, alderdi biak ados jarrita, arbitroa izendatuko da, Precoren ohiko ‘prozedurari jarraiki. Alderdietako bat bilerara ez badoa, izendapena zozketaz egingo da eta arbitrajea egin egingo da, gatazka banakoa denean izan ezik, kasu horretan eskaera artxibatu egingo delarik.
Alderdiek besterik erabakitzen ez badute, banako gatazketan eta gatazka kolektibo juridikoetan laudoa zuzenbidezkoa izango da eta intereseko gatazka kolektiboetan edo kontsulta aldietako desadostasunetan laudoa ekitatezkoa izango da.
2.3. Enpresa baino eremu handiagoko hitzarmen edo akordioetan jasotako berezitasunak
Arbitraje eskaera gatazkako alderdietako batek edo kontsulta aldian parte hartzen duten ordezkaritzetako batek aurkezten badu, alderdi edo ordezkaritza biei bilera baterako deia egingo zaie.
Biltzearen helburua, alde biek arbitraje konpromisoa hartzea izango da. Horretarako akordiorik lortuko ez balitz, eskaera artxibatu egingo litzateke.
3.Laudoaren ondoreak
Banako gatazketan eta gatazka kolektiboetan arbitroaren laudoak ondore erabakigarriak izango ditu eta gatazkako alderdien artean sortu den eztabaida ebatziko du. Laudoa Preco lanbide arteko akordioaren babesean emandakotzat joko da, Lan Prozedurako Legearen 7. xedapen gehigarriak ezartzen duen epai irmoaren parekotasunaren ondoreetarako eta, laudoa auzi bidean arrakastaz inpugnatuko balitz, aipatutako lege horren 65.3 artikuluan aurreikusten diren iraungitzeko epeak etetearen eta preskripzioko epeak geldiaraztearen ondoreetarako.
Kontsulta aldietako desadostasunei dagozkien laudoek, aldi horretan lortzen diren akordioek duten eraginkortasun berbera izango dute.
IV. PRECOREN ARAU OROKORRAK EGOKITZEA
Prozeduraren gaia banako gatazka denean, gatazka kolektiboen subjektuei euren izaera kolektiboagatik dagozkien Precoko arauak, hau da, legitimazioari, gehiengoei eta abarrei buruzkoak, banako subjektuetarako egokitutako arauez ordeztuko dira.
V. INFORMAZIOA ETA JARRAIPENA
Precoren Batzorde Paritarioak gaur egun prozeduren tramitazioaz hartzen duten informazioaz gainera, hiruhilekoan behin, akordio honek aipatzen dituen hitzarmen edo itun kolektiboetako klausulak aplikatzeko Precon sartu diren prozedurei buruzko informazioa ere emango zaie. Informazio horrek, gutxienez, ondoko hauek aipatuko ditu: eskaera babesten duen berezitasuna, planteatutako gatazka mota eta tramitazioaren emaitza.
ENPRESA BATEAN AFILIATU KOPURUA EGIAZTATZEKO PROTOKOLOA
- Afiliazio maila egiaztatzeko eskaerak, hitzarmen edo itun kolektibo bateko klausula baten aplikazioarekin zerikusia dutenean onartuko dira.
- Precoko gainerako prozeduretan bezala, eskaera aurkeztu duen aldeak eta enpresaren zuzendaritzak profesionala izendatuko dute, baina prozedurara ez zaio beste ezein ordezkaritzari deituko. Enpresaren zuzendaritzak profesionalari langileen izenen eta dagozkien NANen zerrenda eman behar dio, baina ezingo du ezagutu beste aldeak profesionalari ematen dion dokumentazioa.
- Profesionalak erabiltzen duen prozedura, zehatz‑mehatz egokitu behar zaio datu pertsonalak babesteko legediari (abenduaren 13ko 15/1999 Lege organikoari, hain zuzen ere), legedi honek, bereziki babestutako datuen artean, afiliazio sindikalari buruzkoak jasotzen dituelarik (7.2 artikulua), datuok ukitutako pertsona bakoitzaren berariazko baimenik gabe inori jakinaraztea galaraziz (11.1 artikulua).
- Baimenik gabeko jakinarazpen hau gerta ez dadin, eskaera egiten duenari aukera bi emango zaizkio, hots: afiliatutako pertsona bakoitza, bere NANa daramala profesionalarekin egotea (enpresan, lokal sindikal batean edo bestelako lokal batean, egon ere), edo profesionalari izenen zerrenda bat ematea, afiliatu bakoitzak bere izenaren ondoan eguneko data jarri eta sinatzeaz gainera, horrekin batera sinadura egiaztatu ahal izateko NANaren fotokopia ere eman behar duelarik
- Profesionalak bakarrik ziurtatuko du, sindikatuak enpresa horretan dituen afiliatuen kopurua, hitzarmenean ezarritakoa baino handiagoa den ala ez, bestelako zehaztapenik egin gabe.
- Profesionalak, Precoko profesionalen elkargoko kidea denez gero duen isilekotasun beharra betetzeko konpromisoa hartzen du eta, prozedura definitiboki amaitzen denean, zerrendak eta fotokopiak birrintzekoa ere bai.
(**) Testu hau Precoren Batzorde Paritarioak 2008ko martxoaren 11ko bileran onartu zuen, afiliazioa egiaztatzeko eskaeretarako.

|