CRL-LHK
  GEP (PRECO)-LANEKO GATAZKAK EBAZTEKO BORONDATEZKO PROZEDUREI BURUZKO LANBIDE ARTEKO AKORDIOA
  Hitzaurrea
  Akordioaren xedapen orokorrak
  Prozeduren gaineko xedapen orokorrak
  Prozedurak hasteko eskaera
  Prozedurak zelan gauzatu
  Prozeduren amaiera
  Prozeduren ondorioak
  Xedapen gehigarria eta azkena
  ERANSKINA: Aplikazio arauak
    6. puntuaren aplikazioari buruzko akordioa
  Afiliazioa egiaztatzeko protokoloa
     
  Testu osoa inprimatzeko
  Menu nagusira itzuli 
PROZEDURAK ZELAN GAUZATU
  15. Adiskidetzearen edo bitartekotzaren hasiera

Egoitzaren arduradunak adiskidetze ekitaldi batera deituko die subjektu legitimatuei luze barik. Ekitaldian arduraduna saiatuko da alderdi biak ados jar daitezen. Hori berehalakoan lortzen ez bada, gatazkak ukitutako langile eta enpresari gehienen ordezkariak ados jarrita, prozedurak aurrera jarraitzea erabaki ahal izango dute, dela adiskidetzearen bidez, dela bitartekotzaz. Hori halan bada, adiskidetzaile edo bitarteko bat izendatuko dute berehala.

Bai eskatzaileak eta bai beste alderdiak nahitaezkoa izango dute aipatutako ekitaldira joatea. Eskatzailea justifikaziorik gabe joango ez balitz, eskaera artxibatu egingo litzateke. Alderdi bateko edo besteko gehiengoaren ordezkariak joango ez balira, edo prozedurarekin jarraitzeko ados jarri ezin balira, adiskidetze saioa egin dela baina ezin izan dela burutu ulertuko da. Horrekin beteta geratuko litzateke indarrean den Lan Prozedurari buruzko Legeko 154.1. artikuluan eskatzen den betekizuna, eta horren ziurtagiria egingo litzateke.


16. Bitartekotza bezala jarraitu beharra

Zenbait kasutan, bi alderdietako bateko gehiengoaren ordezkariek hala nahi badute, prozedurak aurrera jarraituko du, nahiz eta beste alderdiak parte hartu ez. Hauek dira kasu horiek:

  • Hitzarmen edo akordio kolektibo batek hala ezarrita daukanean, berorretan aipatzen diren gatazka kolektiboei buruz.
  • Hitzarmen kolektibo baten negoziazioa hasi zenetik sei hilabete igaro direnean akordiorik lortu gabe, baldin eta azken hilabete bietan negoziaziorik izan ez bada, Prozedurak bitartekotza gisa jarraituko du.

Bere alderdiko gehiengoaren onarpena lortzen ez duen eskatzaileari aurreko puntuan aipatutako ziurtagiria emango zaio

17. Arbitrajearen hasiera

Arbitraje eskaera behar den eran aurkeztuta, egoitzaren arduradunak legitimatuta dauden subjektuei deituko die prozeduran parte hartzea eskaintzeko, 9. atalean adierazitakoaren arabera. Ondoren, arbitroa izendatuko da, baldin eta eskaera orrian dagoeneko izendatuta ez balego.


18. Adiskidetzaile, bitarteko edo arbitroaren izendapena

Alderdi bakoitzetik parte hartzen dutenen gehiengoak izendatuko dituzte. Ados jarriko ez balira, profesionalen zerrenda inpare bat aurkeztuko litzaieke. Alderdi bateko eta bestekoak izenak kentzen joango lirateke txandaka, harik eta izen bakarra geratu arte.

19. Aholkulariak adiskidetze prozeduran

Prozedurako alderdi bakoitzaren gehiengoak hala erabakitzen badu, pertsona bi izendatu ahalko dira adiskidetzailearen aholkulari aritzeko. Bata Akordio hau sinatzen duen enpresarien erakundeak izendatuko dute, eta bestea, berriz, gatazkaren alderdi sozialekoek ahobatez aukeratzen duten sindikatu sinatzaileak izendatuko du. Hori guztia gorabehera, partaide bakoitzak bere aholkularia eduki ahal izango du.

20. Prozeduretako zereginak

Adiskidetzaile, bitarteko edo arbitroa lanean hasiko da izendatua izan bezain laster. Alderdiek eskatuta edo bere kabuz, egoki deritzen jarduerak burutuko ditu, eta bere zeregina betetzeko beharrezko iruditzen zaion informazioa bidluko du.

Edozelan ere, partaide guztiek prozeduran entzunak izateko daukaten eskubidea bermatuko da, bai eta berdintasun eta kontra egiteko printzipioak ere, babes gabeziarik gertatzen ez dela.

21. Jardunen gehienezko epeak

Aurreko puntuan aipatutako adiskidetze eta arbitraje jardunak gehienez ere 15 egun balioduneko epean amaitu beharko dira, eta bitatartekotza jardunak, berriz, 20 egun balioduneko epean gehien dela, profesionala izendatzen denetik kontatzen hasita. Egoitzaren arduradunak epearen amaieraren berri emango die profesionalari eta parte hartzaileei. Hortik aurrera, bitarteko edo arbitroak 7 egun baliodun izango ditu bitartekotza proposamena aurkezteko edo arbitraje epaia emateko.