|
ATARIKOA
Preco, Lan gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioaren 6. puntuak, honako hau xedatzen du:
“6. Arau bereziak
Aurreko atalean sortutako batzorde paritarioak ahobatez onartzen badu, Hitzarmen edo akordio kolektiboetan ezartzen diren berezitasunak Akordio honen parte izatera pasatuko dira”.
Lan Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioaren Batzorde Paritarioak 2003ko ekainaren 18an egindako bileran, lanbide arteko akordio horren 6. puntua aplikatzean sortzen diren arazoak aztertu ondoren, aho batez, hitzarmen edo itun kolektiboetan jasotzen diren Preco erabiltzeari buruzko berezitasunen onarpena eta aipatutako hitzarmen eta akordioen barruan dauden banako gatazkak ebazteko eskaeren eta arbitraje konpromisoen onarpena arautzea erabaki zuen.
Batzorde Paritarioak akordio honi bi urteko indarraldia eman zion, berezitasun hauen aplikazioa esperimentu gisa egin zedin. Bi urteko indarraldi hau amaitzear dela ikusirik eta kontuan harturik, aipatutako Akordioa hartzea eragin zuten zirkunstantzia kez direla aldatu, Precoren Batzorde Paritarioko kideek 2005eko apirilaren 27an egindako bileran aho batez erabaki dute 2003.06.18ko Akordioaren indarraldia lau urteko aldirako luzatzea.
Hitzarmen edo itun kolektiboetan jasotzen diren Precori buruzko berezitasunak onartu eta berezitasun horiek aplikatzeak eragiten dituen prozedurak tramitatzea, ondorengo akordioaren arabera gauzatuko dira:
AKORDIOA
I. IZAERA ETA INDARRALDIA
Akordio hau, Preco-Lan Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioaren 5 eta 6. puntuetan aurreikusitakoarekin bat etorriz hartu da.
Akordio honen indarraldia 2005eko ekainaren 18an hasi eta lau urteko iraupena izango du. Indarraldi hau amaiturik berriztatu edo luzatuko ez balitz, Akordioa iraungi baino lehen hasitako prozedurek amaitu arte iraungo dute iraungitako Akordioaren arauei jarraiki.
II. BEREZITASUNAK ONARTZEA
1. Onartu ahal izango diren berezitasunak, hitzarmen edo itun kolektiboen barruan dauden eta banako gatazkei zein arbitraje konpromisoei dagozkien berezitasunak izango dira.
Banako gatazken gaia, hitzarmen edo akordio kolektiboaren interpretazioa edo aplikazioa izan beharko da.
Arbitraje konpromisoak ondorengo gaiei buruzkoak izango dira:
a) Hitzarmen kolektiboak
b) Legez zein hitzarmen edo itun kolektiboz ezarritako kontsulta aldietako desadostasunak.
c) Hitzarmen edo akordio kolektiboa interpretatzeari edo aplikatzeari buruzko banako gatazkak, beti ere Akordio honen III A) ataleko 2. puntuan ezartzen den aurretiazko tramitea bete ondoren.
2. Berezitasun horiek onartzeko proposamena, Batzorde Paritario hau osatzen duten erakundeen ordezkaritzetako edozeinek egin ahal izango du, baita prozeduren kudeaketaren arduradunek ere, bai euren ekimenez eta bai dagokion hitzarmen edo akordioa sinatu duten alderdietako edozeinek aurretiaz hala eskaturik.
3. Batzorde Paritarioak berezitasun horiek onartzeko, Precoren 6. puntuan aurreikusten den guztien adostasunaren eskakizuna bete beharko da.
4. Onartzen diren berezitasunak Precoren partetzat hartuko dira, Akordio honetan ezarritakoarekin bat etorriko ez liratekeen gaietan izan ezik, halakorik gertatuko balitz.
III. ESKAERAK ONARTZEA ETA TRAMITATZEA ETA HONEN ONDORIOAK
Batzorde Paritarioak ontzat ematen dituen berezitasunetan jasotzen diren banako gatazkei buruzko eta arbitraje konpromisoei buruzko prozedurak onartzeko eta tramitatzeko, ondorengo eskakizunak bete beharko dira:
A) BANAKO GATAZKAK
Onar daitezkeen gatazkak
Precoren prozeduretan onartzen diren banako gatazken gaia hitzarmen edo akordio kolektibo bat interpretatzea edo aplikatzea izango da.
2 Aurretiazko tramitea
Precon onartua izan ahal izateko, planteatzen den gatazka aurretiaz ondoren zehazten diren eremuetan aztertu beharko da:
a) Halako banako gatazkak aztertzeko, interpretatu edo aplikatu beharreko hitzarmenak ezarri duen instantzia edo batzordean.
b) Aipaturiko hitzarmenak horretarako batzorde edo bestelako organorik ezarri ez badu, gatazka hori, enpresan helburu hori betetzeko ezarritako prozeduraren bidez aztertuko da.
c) Halako organorik ezean, dagokion banako gatazka, langileen legezko ordezkarien eta enpresaren zuzendaritzaren arteko bileran aztertuko da.
Aurretiazko tramite honen helburua, gatazkaren banako subjektuen arteko adostasuna lortu ahal izateko aukera sustatzea da. Batzordea edo organoa edo pertsonalaren ordezkariak eta enpresaren zuzendaritza biltzen direnetik 15 eguneko epea igarota edo, edozertara ere, eskaera ordezkariei aurkeztu zaienetik hilabeteko epea igarota, aipatutako akordioa lortzen ez bada, gatazkako alderdi batek zein besteak, Precoko gaurko edozein prozedura has dadin eskatu ahalko du. Aipatutako hitzarmen edo akordio kolektiboak erreklamazioak aztertzeko bere prozedura betetzeko beste epe batzuk jarri baditu, hemengo hauen ordez, epe horiek erabiliko dira.
Era berean, aurreko tramitean parte hartu behar duten ordezkaritzek sinatutako dokumentua aurkezten bada, planteatutako gatazkaren gaineko akordiorik lortu ezin izan dutela adieraziz, gatazka tramitatzea edozein momentutan onartuko da.
3. Precoren aurreko prozedura
Prozedura abiarazteko eskabidearekin batera, III A) atal honetako 2. puntuak aipatzen duen aurretiazko tramitea bete delako egiaztapena aurkeztu behar da.
Hitzarmen edo akordio kolektibo batek prozedura hauek erabiltzearen derrigorrezkotasuna ezarri baldin badu, prozedura alderdi bakarraren borondatez gauzatuko da, aurreko atalean xedatutako aurretiazko tramiteko organoa edo bertan parte hartzen duten alderdiek akordio proposamen bat eginda, eskatzaileak ezezko erantzuna eman dionean edota planteatutako prozedura arbitrajezkoa denean izan ezik.
4. Ondoreak
Hitzarmen edo itun kolektiboetako klausula hauek aplikatuz gauzatzen diren edo gauzatzeko saioa egiten den adiskidetzeek edo bitartekotzek, Lan Prozedurako Legearen 63. artikuluak eskatzen duen auzi bidea baino lehenagoko adiskidetzea betetzat emateko balioko dute. Aipatutako legeak xedatzen duen bezala, adiskidetzeak edo bitartekotzak aurkezteak iraungitzeko epeak etengo eta preskripziokoak geldiaraziko ditu eta lortzen diren adostasunek, legean aurreikusten den lotzeko indarra izango dute.
B) ARBITRAJE KONPROMISOAK
1. Arbitrajearen objektua eta subjektuak
Gatazka kolektiboa denean edo interpretazioko zein aplikazioko banako gatazka denean, arbitrajearen objektua planteatutako eztabaida gaia izango da eta arbitrajea gatazkaren subjektuen artean garatuko da.
Arbitrajea kontsulta aldiko desadostasunari buruzkoa denean, haren gaia desadostasun hori izango da eta kontsulta aldi horretan parte hartu duten ordezkaritzen artean gauzatuko da, parte hartzea eragin zuen eztabaidaren gaia banakoa zein kolektiboa izanik ere.
2. Arbitrajearen praktika
2.1. Banako gatazkei buruzko arbitrajea
Planteatutako prozedura banako gatazkari buruzko arbitrajea denean, arbitraje horren tramitazioari bakarrik ekingo zaio, alderdi biek horretarako baimena espresuki eman badute.
2.2. Enpresako edo eremu txikiagoko hitzarmen edo itun kolektiboetan jasotako berezitasunak
Arbitraje eskaera gatazkako alderdietako batek edo kontsulta aldian parte hartzen duten ordezkaritzetako batek aurkezten badu, alderdi edo ordezkaritza biei bilera baterako deia egingo zaie.
Bilera horretan, alderdi biak ados jarrita, arbitroa izendatuko da, Precoren ohiko ‘prozedurari jarraiki. Alderdietako bat bilerara ez badoa, izendapena zozketaz egingo da eta arbitrajea egin egingo da, gatazka banakoa denean izan ezik, kasu horretan eskaera artxibatu egingo delarik.
Alderdiek besterik erabakitzen ez badute, banako gatazketan eta gatazka kolektibo juridikoetan laudoa zuzenbidezkoa izango da eta intereseko gatazka kolektiboetan edo kontsulta aldietako desadostasunetan laudoa ekitatezkoa izango da.
2.3. Enpresa baino eremu handiagoko hitzarmen edo akordioetan jasotako berezitasunak
Arbitraje eskaera gatazkako alderdietako batek edo kontsulta aldian parte hartzen duten ordezkaritzetako batek aurkezten badu, alderdi edo ordezkaritza biei bilera baterako deia egingo zaie.
Biltzearen helburua, alde biek arbitraje konpromisoa hartzea izango da. Horretarako akordiorik lortuko ez balitz, eskaera artxibatu egingo litzateke.
3.Laudoaren ondoreak
Banako gatazketan eta gatazka kolektiboetan arbitroaren laudoak ondore erabakigarriak izango ditu eta gatazkako alderdien artean sortu den eztabaida ebatziko du. Laudoa Preco lanbide arteko akordioaren babesean emandakotzat joko da, Lan Prozedurako Legearen 7. xedapen gehigarriak ezartzen duen epai irmoaren parekotasunaren ondoreetarako eta, laudoa auzi bidean arrakastaz inpugnatuko balitz, aipatutako lege horren 65.3 artikuluan aurreikusten diren iraungitzeko epeak etetearen eta preskripzioko epeak geldiaraztearen ondoreetarako.
Kontsulta aldietako desadostasunei dagozkien laudoek, aldi horretan lortzen diren akordioek duten eraginkortasun berbera izango dute.
IV. PRECOREN ARAU OROKORRAK EGOKITZEA
Prozeduraren gaia banako gatazka denean, gatazka kolektiboen subjektuei euren izaera kolektiboagatik dagozkien Precoko arauak, hau da, legitimazioari, gehiengoei eta abarrei buruzkoak, banako subjektuetarako egokitutako arauez ordeztuko dira.
V. INFORMAZIOA ETA JARRAIPENA
Precoren Batzorde Paritarioak gaur egun prozeduren tramitazioaz hartzen duten informazioaz gainera, hiruhilekoan behin, akordio honek aipatzen dituen hitzarmen edo itun kolektiboetako klausulak aplikatzeko Precon sartu diren prozedurei buruzko informazioa ere emango zaie. Informazio horrek, gutxienez, ondoko hauek aipatuko ditu: eskaera babesten duen berezitasuna, planteatutako gatazka mota eta tramitazioaren emaitza.

|