|
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena lana eta famili bizitza bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen dekretu proiektuari buruz
Aurrekariak
2006ko abenduaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak lana eta famili bizitza bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen dekretu proiektua helarazi zuen Lan Harremanen Kontseilu honetara.
Zioen azalpenean adierazten den bezala, dekretu proiektu hau familiei laguntzeko 2. planaren esparruan kokatzen da eta plan hau gobernuaren erabakiz onartu zen 2006ko irailaren 26an.
Lana eta famili bizitza bateragarri egiteko politika bat garatzea da plan horren ildo estrategikoetariko bat. Hartara, politika horiek zehaztu nahi dituen arau ekimena dugu oraingo dekretu proiektu hau.
Arau proiektu honen zuzeneko aurrekaria da 177/2002 dekretua, familiei laguntzeko 1. plana garatzeko emana; haren edukia ia osorik jaso zen 329/2003 dekretuaren 4. kapituluan eta –dekretu horrek oro har arautzen dituen EAEko enplegu politiken esparruan- bertan finkatzen dira gaur egun lana eta famili bizitza bateragarri egiteari buruzko alderdi nagusiak.
Arauaren alderdi orokorrak
Dekretu proiektu berriak 329/2003 dekretuaren 4. kapituluko egitura –diruz lagun daitekeen ekintza bakoitzerako jasotzen duena- eta edukiak bere horretan gordetzen ditu funtsean, baina baditu berritasun garrantzitsu batzuk ere.
Izan ere, oraingoan gehitutako neurrien bitartez, estalduraren eremua eta intentsitatea aldatu egiten dira; batzuetan hobera, esate baterako, diru-laguntza haur txikiak zaintzeko pertsona bat kontratatzerakoan, edota langile autonomoei ere hobariak eskaintzerakoan; beste batzuetan, ostera, dekretu honek murrizketa batzuk ezartzen ditu, arauaren zioen azalpenean beti agerian esaten ez bada ere, hartara, "laguntzak egoki kudeatzea eragozten duten diseinu kontu batzuk" antzeman direla besterik ez dio, eta horixe omen da murrizketa horien justifikazio objektiboa. Azkenik, dekretu proiektu berri honek beste neurri batzuk ere badakartza, aurrekoen gehitze edo gutxitze soiltzat ezin jo daitezkeenak –zenbaitetan berekin laguntzen murrizketa objektiboa badakarte ere-, aitzitik, esan daiteke neurri horien orientabide aldaketa direla, lana eta famili bizitza bateragarri egiteko politiken helburuetara egokitzeko: gizonak eta emakumeak arian-arian elkarren pare jartzea laneko eta familiako ardurak bateragarri egiterakoan.
Nolanahi den ere, batzuen eta besteen arteko bereizketa egiten saiatuko gara sistematizatze aldera, eta hiru multzo horiek bereiziko ditugu, eta ondoren dekretu berriaren arabera bateragarritasun neurriei heltzen dieten langileen ordez beste langile batzuk kontratatzeko enpresaburuek jasoko dituzten laguntzen inguruko gai batzuk aipatuko ditugu, izan ere, itxura batean aurrekoarekin alderatuta funtsezko aldaketarik gabe daudela badirudi ere, berritasun aipagarri batzuk dakartzatelako.
Edukiaren azterketa
A) Arauaren estaldura eremua zabaltzen duten neurri berriak eta lehenagokoen hedapena.
Neurri horien artean honako hauek daude:
Bi urtera arteko haurrak zaintzeko pertsonen kontrataziorako laguntzak, enpresari dagokion gizarte segurantzako kuotan hobariak emanez
Arauak berak adierazten du neurri hauek behin-behinekoak direla. Eta ez dekretuak aldi jakin baterako mugatzen dituelako, hezkuntza sistema publikoan behar beste leku ez izanik horien ordezko gisa hartu direlako baizik.
Arrazoi berberagatik, neurri hauek ez dira bateragarriak haur txikia eskolatzearekin. Halaber, normala denez, ez dira bateragarriak haur txikiak zaintzeko eszedentziagatik zein lanaldi murrizketagatik ematen diren zuzeneko laguntzekin, neurri hauen ordezkoak dira eta.
Laguntza hauen bitartez, eskolatu gabeko haur txikiak dituzten pertsonak laneratzen edota duten ordainpeko lanari eusten laguntzea bilatzen da. Horregatik, dekretu proiektu honetako zioen azalpenak argi ohartarazten duen bezala, behar adinako hezkuntza baliabide publikoak daudenean neurri horiek desagertu egingo dira.
Diru-laguntzaren kantitatea enpresari dagokion kuotaren %100ekoa izango da gehienez ere eta egiaztatutako errenta mailan oinarritutako formula baten bidez zehaztuko da, bestalde, koefiziente zuzentzaile batzuk aplikatzen ditu famili unitateko kide kopuruaren arabera (dekretu proiektuko 15.3 b artikulua). Beste alde batetik, diru-laguntza aldia haur txikiaren laugarren hilabetetik bi urte betetzen dituen urteko abuztuaren 31ra artekoa da –horrek are gehiago azpimarratzen du neurri hau eskolatzearen ordezkoa dela.
Langile autonomoek kontratazioak egiteko laguntzak
Dekretu proiektu honek lanbide eta famili bizitza bateragarri egiten lagundu nahi die autonomoei ere, eta zabaldu egiten du honen aurrekari zen arauaren aplikazio eremu subjektiboa. Horretarako, 329/2003 dekretuaren 4. kapituluak jaso eta arautzen zuen neurri baten testuinguruan txertatzen du berritasun hau: haien haurrak zaintzeko lan harremana eteten duten edo lanaldia murrizten duten langileen ordez beste langile batzuk kontratatzeko diru-laguntza.
Horrenbestez, hemendik aurrera, hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko beren jarduera aldi baterako etetea edota lanaldia murriztea erabakitzen duten langile autonomoek ere diru-laguntza bat eskuratzeko eskubidea izango dute, enpresari dagokion gizarte segurantzako kuotan hobari bat jasoz osoki edo partzialki ordezkatuko duena kontratatzeko, baina kasu honetan, inoren konturako langileenean ez bezala, lanbide eta famili bizitza "bateratzen" duen pertsona eta kontratatzailea berbera dira.
Hala ere, arauturik dagoen eran, neurri berri honek arazo tekniko batzuk sortzen ditu. Zentzu hertsian, honelako txosten baten helburua ez da arauen alderdi tekniko juridikoak aztertzea, baina ohartarazi behar dugu ez dela erraza kontratazio alorreko lan araudi arruntarekin uztartzea, izan ere, legeak (L.E.ko 15. artikulua) ez du aurreikusten aldi baterako bitarteko lan kontratu baten bidez "langile autonomoak ordezkatzeko" hipotesia, eta ez dirudi erraza denik beste formula edo modalitate legal bat aurkitzea ordezko hori aldi jakin baterako kontratatzea juridikoki babesteko. Eta proiektua idatzi dutenek ere badakite, itxura batean, hala dela, izan ere, inoren konturako langilea ordezkatuko duena kontratatzerakoan Langileen Estatutuan aurreikusitako bitarteko lan kontratua erabili behar dela zehazten dute, eta langile autonomoa ordezkatuko duena kontratatzerakoan erabili beharreko formulaz, aldiz, ez dute deus esaten.
Orain arte zeuden neurrien eta laguntzen aplikazio eremu subjektiboa zabaltzea
Aztergai dugun dekretu proiektu honek harrera eta tutoretza ere diruz lagun daitezkeen egoeren artean aipatzen ditu. Horrelakoetan, jaiotzazko edo adopziozko seme-alabentzat zehazten den hiru urteko epea halako egoerak sortzen dituen ebazpen judiziala edo antzeko agiria ematen direnetik zenbatuko da.
B) Lehenagoko neurrietan halako murrizketa edo muga bat ezartzen duten neurriak.
Egokitasunaren aldetik edota baliabide publikoen kudeaketan eta erabileran ekar lezakeen hobekuntzaren aldetik mereziko lukeen balorazioa egiteari utzi gabe, esan beharra dago dekretu proiektu honek mugaketa objektibo edo murrizketa batzuk ezartzen dituela aurreko egoeraren aldean.
- Lehenik eta behin, ordezkatuko duen arauan ez zegoen baldintza berri bat ezartzen du: eszedentziak edo lanaldi murrizketak gutxienez bi hilabete iraun behar dute jarraian.
- Bigarrenik, dekretu berriaren aplikazioaren ondorioz beste muga bat sor liteke, zeharka bada ere, laguntzak gozatzeko epeari dagokionez eszedentziaren kasuan.
Indarrean dagoen arauan, laguntzak hiru urterako ematen dira gehienaz ere langileak gozatu dituen bestelako laguntzak, lizentziak edo baimenak amaitzen direnetik zenbatzen hasita. Dekretu berriarekin, laguntzak hiru urtetik beherako haurren zainketara murrizten dira eta, horrela, laguntzek iraun dezaketena murrizten ez bada ere –bi kasuetan hiru urte iraun bailezakete gehienez-, bai, ordea, laguntza horiek eskuratu ahal izateko epea.
C) Neurri batzuen orientabide berria, gizonek gehiago parte har dezaten lana eta famili bizitza bateragarri egiteko ekimenetan.
Gaur egun indarrean dagoen 329/2003 dekretuaren 4. kapituluak kopuru desberdinak zehazten ditu eszedentziari edo lanaldi murrizketari heltzen diona gizona edo emakumea bada. Neurri honek gizonen presentzia sustatu nahi du eta, horretarako, laguntzaren kopurua handitu egiten du, izan ere, gaur egun oso gizon gutxik heltzen diete bateragarritasun neurriei.
Dekretu berrian ere laguntzak handiagoak dira gizonentzat emakumeentzat baino. Izan ere, ez du lehenagoko laguntzen kopurua aldatzen (2.400 euro urtean emakumeentzat eta 3.000 euro gizonentzat; eta lanaldi murrizketan ere lehenagoko zenbatekoak mantentzen ditu), baina aitortzen du neurri horiek bakarrik ez direla aski bilatzen duten xedea erdiesteko.
Ikuspegi horretatik, berritasun batzuk gehitu ditu ildo honetatik aurrera egiteko asmoz.
Aldez aurretik esan behar dugu guraso bakarreko familien kasuan ez dela aldaketarik sartu; halakoetan, etxeko eta lanbideko zereginak lagun bat baino gehiagoren artean banatzeko arazorik ez dagoelako seguruenik. Horrek agerian jartzen du guraso biko familietan aztergai ditugun murrizketen helburua ez dela ekonomizista ezta aurreztea ere, zentzu hertsian, baizik eta etxeko eta laneko zereginak orekaz banatzea gizonen eta emakumeen artean. Nolanahi ere, azterketa zehatzagoa egiten hasi aurretik, esan behar genuke, apika, ez dela erraza guraso bakarreko familien kasuan ere (bakarrik dagoen) emakumearentzako laguntza (era berean bakarrik dagoen) gizonarentzakoa baino txikiagoa izatearen oinarri objektiboa antzematea.
Guraso biko familientzako laguntzen erregulazio berriari helduta, berriz, ondorengo hauek ditugu berritasunik garrantzitsuenak:
Lehenik eta behin, proiektu honek muga bat jartzen dio bikoteek jaso ditzaketen laguntzen kopuru osoari. Eta bi aldetatik mugatzen du: a) haur bakoitza zaintzeko laguntzek ez dute 24 hilabete baino gehiago iraungo eszedentzia kasuetan ez 48 hilabete baino gehiago lanaldi murrizketa kasuetan, eta b) bikotearen famili bizitzan oro har laguntzek ez dute 72 hilabete baino gehiago iraungo eszedentzia guztiak metaturik ez 144 hilabete baino gehiago lanaldi murrizketa guztiak metaturik. Proiektu honen zioen azalpenean murrizketa hauek justifikatzen direlarik honela dio: lan eszedentzia luze bat ezin jo daiteke lana eta bizitza bateragarri egiteko neurritzat, aitzitik, famili bizitzaren aldeko eta lan bizitzaren kalterako hautua da.
Hori esanda "azaltzen" da muga horiek jarri izana, eta horretan oinarriturik, guraso biko unitateko kide biek bateragarritasun neurrietan parte hartzea sustatuko duten beste arau batzuk eraikitzen dira. Horretarako, gehienezko epe horiez "gozatu" ahal izateko beste baldintza bat da laguntza horiek bi bikotekideek elkarren jarraian edo txandaka eskatu eta gozatu behar dituztela nahitaez –gutxienez bi hilabeteko aldi jarraituetan betiere-. Mekanismo hau osatzeko, azkenik, eszedentzia kasuetan ez batak ez besteak ezin dituzte 18 hilabeteak gainditu (gainerako seiak, beraz, beste bikotekideari legozkioke beti), eta lanaldi murrizketa kasuetan, berriz, ez batak ez besteak ezin dituzte 36 hilabeteak gainditu (halaber, gainerako hamabiak, beraz, beste bikotekideari legozkioke beti). 7. artikuluan ere antzeko arauak zehazten dira laguntzak bi bikotekideen artean banatzeko, gehienezko aldiak horietariko batek bakarrik gozatuko dituelarik, lehen aipatu ditugun familia unitate osoarentzako laguntzen kasuan.
D) Ordezko langileak kontratatzeko laguntzak.
Zertan datzan laguntza: eszedentziari edo lanaldi murrizketari heldu dieten langileen enpresaburuek horien ordezko langileak kontratatzeko enpresak ordaindu behar duen gizarte segurantzako kuotaren balio bereko hobaria da.
Hobari hori ez da sekula enpresaren kuotaren %100 baino handiagoa izango, bera bakarrik edo enpresaburu berak gozatzen dituen beste batzuekin batera hartuta.
Oraingoan proposatzen den erregulazio honek laguntzen onuradunen artean autonomoak sartzen ditu, txosten honetako beste atal batean aztertu dugun bezala, eta horrez gain, beste aldaketa batzuk ere sartzen ditu, itxuraz aldaketa hauek ez dira funtsezkoak eta ez dute bestelakatzen laguntza hauen orientabide orokorra, baina praktikan aplikatzen direnean eraldatze garrantzitsuak sor ditzakete egungo egoerarekin alderaturik.
Hartara, dekretu berri honek negatiboki murrizten du laguntzen norainokoa, eta kanpo uzten ditu odoleko, ezkontzako edo adopziozko ahaideak bigarren mailaraino, eta gainera baldintza positiboak ezartzen ditu laguntzak eskuratu ahal izateko: batzuetan generikoak, eta ziur aski honek zailago egingo du halako eskakizun hori betetzen ote den egiaztatzea, beste arau batzuetara igortzen duenean zabalegia eta nolabait ere zehaztugabea delako, adibidez, lan arriskuen prebentziorako arautegia (39/1997 E.D.) betetzeaz egiten duen aipamena; beste batzuetan, berriz, zehatzagoak dira igortze horiek, laguntza eskuratu ahal izateko eskakizunen artean betiere, esate baterako, Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legearen 38. artikuluak aurreikusten duena betetzearen ingurukoa, eta artikulu hori, gauza jakina da, 50 langiletik gorako enpresetan langile elbarrituen kontratazio kopuruari buruzkoa da.
Azkenik, arautze berri honek dakartzan egokitzapen batzuk beharrezkoak ziren dekretu proiektuak jasotzen dituen beste aldaketa batzuekiko koherentzia dela eta: adibidez, diruz lagundutako bitarteko kontratuek oraingoan bi hilabete iraun behar dute gutxienez, eta hori arrazoizkoa da, baldintza berriaren arabera ordezkatutako pertsonaren eszedentziak edo lanaldi murrizketak gutxienez bi hilabete iraun behar dutela kontuan hartuta.
Ekarpenen sintesia
Abenduaren 20an, txosten-gai dugun dekretu proiektuari buruz txosten batzordeko kideek helarazitako alegazio eta iritzi partikularrak jaso ziren Lan Harremanen Kontseilu honetan.
Sindikatuen iritzia
Orokorrean sindikatuek izendatutako batzordekideak bat datoz ardura pertsonalak eta familiarrak laneko ardurekin bateratzea estrategia integral eta eraginkor baten bitartez landu behar dela adierazterakoan, eta estrategia hori gizarte elkarrizketaren esparruan zehaztu behar dela adierazten dute. Lehenbiziko ikuspegi honetatik, agerikoa da aztergai dugun dekretu mugatu eta partzial hau urriegia dela.
Lanbide eta famili arduren banaketan desberdintasun itzela dago eta arazo hori (oso datu esanguratsuak eman litezke gizonen eta emakumeen arteko egungo banaketa portzentajeez, izan ere, 2003an eszedentzien %96,38 eta amatasun/aitatasun baimenen %98,46 emakumeentzat izan ziren) edota lan denbora antolatzearen eta norberaren bizitzaren eta laneko bizitzaren arteko bateragarritasunaren arazoa ezin konpon daitezke bakarrik haur txikiak zaintzeko diru-laguntzak emanez, dekretu proiektu honek egiten duen bezala, izan ere, funtsean, tresna batzuk –gaur egun indarrean direnak- berrantolatu eta errepikatu baino ez ditu egiten, alta, tresna horiek eskasegiak direla frogatu da lortu nahi duten helburua erdiesteko.
Dekretu proiektu honen izenburuak berak -famili bizitzan jartzen du azentua bizitza pertsonalaren aurretik- eta, jakina, haren edukiak ere agerian jartzen dute hemen jasotzen den bateragarritasunaren ideia jaiotza tasari begira dagoela soilik eta, gainera, ahaztu egiten du familia ez dutela osatzen gurasoek eta seme-alabek bakarrik eta, aitzitik, badaudela mendeko beste pertsona batzuk ere, eta horien zainketa emakumeek hartzen dutela beren gain gehienbat, baina dekretu proiektu honek ez du tutik ere esaten horiei buruz.
Ildo beretik, adierazten dute halaber familia eta lanbide arduren banaketan dagoen desberdintasun honen erroan beste arazo estruktural batzuk ere badaudela, esate baterako, ordainsarien desberdintasuna eta, orokorrean, bi sexuen arteko lan baldintzen desberdintasuna, horren ondorioa delarik laguntzei heltzea eta, horrenbestez, lanbide jarduera osoki edo partzialki uztea zaintze lanetan jarduteko, eta egoera horrek emakumeak ukitzen ditu gehienbat, familiaren ekonomiari galera gutxien dakarkion aukera baita, alta, horrek bumeran efektua izan dezake eta emakumeen kalterako izan daiteke haien lanbide bizitzaren garapenaren ikuspegitik.
Neurri zehatzen inguruan
Sindikatuek izendatutako batzordekideak bat datoz halaber bi urtetik beherako haurrak zaintzeko pertsonen kontrataziorako laguntza berriak benetako arazoa inondik inora konpontzen ez duela adierazterakoan, hau da, hezkuntza sistema publikoan ez dago behar adina plaza, eta hortxe dago koska. Neurri hau behin-behinekoa izatea, eta sistemak eskolatze eskari guztiei erantzuteko gaur egun dituen mugak nolabait ordezkatzeko izatea ez da behar bezalako justifikazioa, izan ere, dekretu honek ez du neurririk zehazten ez iragartzen, eta ez du epe zehatzik finkatzen arazo hau konpontzeko. Puntu honetan, hiru urtetik beherako haurrentzako sare publikoa bultzatzearen aldeko apustu sendoa egin behar litzateke. Gainera, neurri horrek ez du balioko etxeetan haurrak zaintzen dutenen lan egoera irregularrak erregularizatzeko.
Azkenik, sindikatuek izendatutako txosten batzordeko kideek zenbait iritzi adierazi dituzte dekretu proiektu honetako zenbait alderdiren inguruan ere.
Hartara, CCOOk izendatutako kideak, dekretu proiektu hau erabat arbuiatzeaz eta, orokorrean, lehenago bateragarritasun eredu integratu bat zehaztu gabe neurri partzialak hartzeari uko egiteaz gain, adierazten du laguntzak eskuratu ahal izateko baldintzen artean eszedentziarako edo lanaldi murrizketarako bi hilabeteko gutxienezko aldia ezartzearen aurka dagoela, era berean, laguntzak gozatu ahal diren aldia (hiru urte haurra jaiotzen denetik) mugatzearen aurka dago.
LABek izendatutako kidearen aburuz ere, aurreko paragrafoetan jaso ditugun iritziaketa alegazioak egiteari utzi gabe, gizonen parte hartzea bultzatu nahi duten neurriak positiboak dira baina eskasegiak arazo estrukturalei heldu eta konponbiderik ematen ez bazaie, dena dela, adierazten du ez dagoela ados guraso bakarreko familien kasuan gizonei eta emakumeei diru-laguntza desberdina ematearekin, halakoetan, onuradunak eskubidea izan behar lukeelako, sexua kontuan hartu gabe, gizonezkoentzat orokorrean zehaztutako gehienezko kantitatea eskuratzeko.
Bi urtetik beherako haurrak zainduko dituzten pertsonen kontrataziorako laguntzen inguruan, diru sarreren maila zehazteko erreferentzia PFEZeko zerga oinarri berezia izan beharko litzatekeela deritzo, onuradun izan litezkeenen benetako ahalmen ekonomikoa neurtzeko modulu egokiena baita. Bestalde, haren iritzian ez da batere bidezkoa betebehar fiskalak bete gabe dituztenak zuzenean laguntzetatik kanpo ez uztea eta 15. artikuluko f) eta g) paragrafoak kentzea eskatzen du.
Azkenik, UGTk izendatutako batzordekideak ere adierazten du lan eta familia arduren banaketan gizonen partea handitzera zuzendutako neurrietariko batzuk positiboak baina urriegiak direla, eta espresuki esaten du dekretu proiektu berriak egungoaren ildo berberari eusten diola, eta laguntzak emateko aurrekontua izatearen baldintza jartzen jarraitzen duela, beraz, dekretu honetatik ez da ondorioztatzen familia ardurekin edo ardura pertsonalekin bateratu ahal izateko bere lanbide bizitza aldi baterako uztea –edo lanaldia murriztea- erabakitzen duenari benetako eskubide subjektibo bat aitortzen zaionik, diru-laguntza bat eskuratzeko aukera soil bat baizik, eta gainera arauak ez du lehentasunak finkatzeko irizpiderik zehazten onuradun izan litezkeenen artean behar adinako baliabide ekonomikorik egon ezean.
Enpresaburuen iritzia
Confebask enpresaburuen elkarteak izendatutako kideek adierazten dute familiei laguntzeko bigarren planaren eta txostena emateko helarazi zaigun dekretu proiektuaren erreferentea eta oinarria lehen planaren eta haren garapena zehaztu zuten dekretuen (177/2002 eta 329/2003) emaitzen ebaluazioa dela, eta ohartarazi nahi dute ez Confebaskek ez organo aholku emaileek ez dutela izan lehen planaren gaineko ebaluazioaren berri, eta ez dietela iritzirik eskatu bigarrena egiteko.
Hortaz, enpresentzat egungo eta biharko erronka garrantzitsuenetarikoa den familia eta lan bizitza bateragarri egitearen inguruko problematika gizarte eragile eta solaskideak kontuan hartu gabe lantzen ari dira, eta dekretu proiektu honek jasotzen dituenak bezalako neurri mugatu eta murritz batzuen berri baino ez zaie ematen.
Haren iritzian, bateragarritasun neurriak ikuspegi orokor batetik aztertu behar dira, enpresan izango dituzten ondorioak eta inplikazioak kontuan hartuta, haien eraginak bertan mamitzen baitira funtsean, horrela, langileen eskubideak eta enpresen premiak punta-puntako lehiakortasunaren esparru batean bateratzeko.
Jakina, gogoeta orokor hauek guztiak dekretu proiektu honetan jasotzen diren neurri partzial zehatzen inguruko problematika espezifikoaren aurrekoak dira, beraz, gizarte eragileen iritzia plana zehazteko unean bertan eman beharko litzateke.
Azken gogoetak
Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordeak bilera egin zuen 2006ko abenduaren 28an.
Dekretu proiektu honi buruzko azterketa eta balorazioa egin aurretik, txosten batzordeko kideek adierazi nahi dute zaila dela ekintza plan orokorren esparruan kokatzen diren ekimen zehatzak aztertzea, lehenago plan orokor horien edukiari edo oinarrizko ildoei buruzko iritzia emateko aukera izan ez dutelarik.
Neurri zehatzei buruzko iritzia eskatzeak, lehenago neurri horien oinarrian dauden printzipioei edota neurri horiek onartzen diren testuinguruari buruzko iritzi orokorra emateko aukerarik eman gabe, nola edo hala desitxuratu egin dezake askotan garrantzi orokorreko gai batzuen inguruan Lan Harremanen Kontseiluak duen benetako iritzia, batzuetan zenbait alderdiri buruzko gogoetak testuingurutik kanpo geratzeko arriskua dagoelako, edota bere testuingurutik bereizirik dauden ekimen jakin batzuei buruzko iritzirik ez emateko erabakia oker interpreta litekeelako haiei buruzko iritzirik ez balego bezala edo, are okerrago, haien edukiarekin konforme bagina bezala.
Egoera honek kontsulta eginkizunean duen eragina edozein dela ere –horrek gogoeta orokorragoa mereziko luke eta-, haren ondorioak are indar handiagoz nabaritzen dira bizitza pertsonalaren eta lanbide bizitzaren bateragarritasuna bezalako kontuetan, izan ere, balorazio orokor bat eskatzen baitute ezinbestean eta, gainera, oraingo kasu honetan, 2006ko irailaren 26ko Gobernu Kontseiluan onartu zen familiei laguntzeko erakunde arteko hirugarren planaren atal espezifiko batean espresuki ezarritako ildo orokorrak hor daude; alta, bada, Lan Harremanen Kontseilu honek ez du haren berri izan.
Horrenbestez, txosten eske helarazi zaigun dekretu proiektu honen inguruan adierazitako iritziak gogoeta orokor horren barnean ulertu eta interpretatu behar dira, edozein kasutan ere.
Ohartarazpen hau aldez aurretik eginik, eta dekretu honetako testuaren gainean egindako txostena aztertu ondoren, sindikatuek izendatutako txosten batzordeko kideek guztien iritzi partekatutzat adostu dituzte "ekarpenen sintesia" izenburua daraman epigrafe barnean "sindikatuen iritzia" izeneko atalean jasotzen diren gogoetak.
Bilbo, 2006ko abenduaren 28a

|