|
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak helarazi zuen Lan Harremanen Kontseilu honetara, agindu proiektu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Zerbitzua / Langai deritzon enplegu agentzia jardunean, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailak sustatzen duen lan merkatuko bitartekotza ekintzen antolamendua eta garapena araupetzen dituena.
Dagokion txosten teknikoa taxutu ondoren, agindu proiektua helarazi genien txosten batzordeko kideei, batzordea Kontseiluaren egoitzan batzartu zen 2003ko urriaren 23an. Bilera honetan zehar CCOO, UGT eta ELA antolakundeek izendatutako kideek bere antolakundeek izenpetutako agiri bana aurkeztu zuten. Aipatutako agiri hauek eranskin gisa gehitu zitzaizkion bileraren aktari.
Beste alde batetik, Confebask antolakundeak txosten batzorderako izendatutako kideak ondokoa adierazi zuen:
"Beharrezkoa da Aginduak ekartzen dituen aldaketen balorazio bereizi bat egitea ikuspegi tekniko soil batetik eta bakarrik Langairi dagokionean, Agindu honek Erakunde Arteko Planaren testuinguruan ekartzen duenari buruz.
Halatan, bada, positibotzat jotzen dituzte EGAILAN eta zentro lankideen arteko bilbadura argitzeko eta berrantolatzeko egiten ari diren ahaleginak. Guztiarekin ere, ez datoz bat zentro lankideek zuzen edo zeharka jasan behar duten diru laguntzen murrizketarekin, baino funtsezkoena da behin eta berriz sortzen den arazoa, hau da, INEM transferitu ez izanaren ondorioak. Eta Langairen datu baseak, izan ere, egoera neke bat pairatzen du, zeren eta ez baititu egoera hau saihesteko tresnak, hala nola kontratuen erregistroa, INEMen baitago kokaturik. Oinarrizko defizit hori era askotara arindu nahi izan dute. Haietan azkenekoa Agindu Proiektu honetan aurkezten dena dugu, EGAILANek zuzenki bere gain hartzen duela "prestasunaren egiaztapena" (etorkizunean Lanbide izango da, Erakunde Arteko Enplegu Planean aurreikusirik dagoen bezala).
Neurri hau banan-banan baloratuz gero, positibotzat jo genezake, zeren eta balio baitezake, hein batean, datu zaharkituen arazoa konpontzeko (hala eta guztiz ere, lehen gai honetaz esan dugun bezala, diru laguntzen murrizketa ekartzeaz gain, zentro lankideen kudeaketa ere zaildu egin dezake, eta edonola ere azkeneko emaitzen jarraipena egiten segitu beharko dute), baina dagoenera jarrita, berriz ere gogorarazi behar dugu, arazo hau eta beste asko, berez konponduko liratekeela INEM transferituz gero
Azken finean, Agindu proiektuak ahalegin txalogarri bat egiten du Langairen zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera (unean uneko kritikak gorabehera); baina, bestaldetik, ikus daiteke orobat Lan Sailak enplegu politikaren buruzagitza izateko egiten duen ezinezko ahaleginaren beste adierazpen bat bezala ez baititu beharrezko eskumenak, hots, bakarrik INEMen transferentziatik etor daitezkeenak.".
Txosten batzordeko kideen arteko adostasunik ez zegoela eta, Lan Harremanen Kontseiluaren txosten bat onartu gabe amaitu zen bilera.
Dagozkion efektuetarako, eta gai honi buruzko Kontseiluaren txostenik ez dagoela argi utzi ondoren, idatzi honen testu gorputzean aipatu ditugun agiriak helarazten ditugu Zuzendaritza horretara, eta hauek, jadanik esan den bezala, bakarrik adierazten dute antolakunde bakoitzak agindu proiektu honi buruz daukan iritzia.

|