|
LAN HARREMANEN KONTSEILUAREN TXOSTENA EAE-KO GIZONEN ETA EMAKUMEEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO IV. PLANARI BURUZ
AURREKARIAK
Emakundek Lan Harremanen Kontseilura jo du Berdintasunerako IV. Planaren edukiari buruzko txostena emateko eskatuz, zehazki lan arlorako aurreikusitako neurrien inguruan.
Lehenbiziko aldiz eskatzen zaigu gisa honetako txosten bat, nahiz eta Berdintasunerako IV. Plana izan gure erkidegoan.
BERDINTASUNERAKO PLANAREN LEGE TESTUINGURUA
Plan horren lege testuingurua honako hau dugu: gizonen eta emakumeen berdintasunari buruzko 4/2005 legearen 15. artikulua. Plan orokorra da, botere publiko guztiak ukitzen ditu eta, arauak berak dioenez, batera eta orokorki jasotzen ditu EAEko botere publikoen jarduera gidatu behar duten lan ildoak eta jarraibideak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan.
LAN HARREMANEN KONTSEILUAREN ESKU HARTZEAREN IZAERA
Kontseiluak plana taxutu eta onartzeko prozesuan izan duen esku hartzea ikuspegi bikoitzetik azter dezakegu. Lehenik eta behin, LHKa Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku emailea da arlo soziolaboralean, beraz, horren ondorio hutsa da. Ikuspegi horretatik, EAEko politika soziolaboralean eragina duten ekimen guztietan botere publikoen solaskide kualifikatua den aldetik, Kontseiluak bere iritzia eman behar du planaren edukiari buruz. Baina horrez gain, Berdintasunerako IV. Planak Kontseilua aipatzen du helburu jakin batzuk lortzeko prozesuan tarteko diren erakundeen artean. Bigarren maila honetan, beraz, plana tresna gisa uler liteke eta, erakunde publikoa den heinean, erakunde aholku emaile izatetik harantzago doazen ondorio batzuk aterako lirateke Kontseiluarentzat.
BERDINTASUNERAKO IV. PLANAREN EDUKIA LAN ARLOAREN BARNEAN
Lan arloari dagokion planaren zatia helarazi diote Kontseiluari txostena eman dezan. Nolanahi ere, berdintasunerako planaren barne egitura eta logika berdina da ukitzen dituen arlo funtzional guztietan (sei guztira). Horrenbestez, komenigarria da, labur bada ere, Berdintasunerako IV. Plan hau nola mamitu den aipatzea, haren edukia eta bertan aurreikusitakoen norainokoa hobeto ulertzeko.
Lehenbizi, planak lau jarduera ardatz nagusi bereizten ditu. Berdintasun politiketako lehentasunezko helburuak zehazten dituzte lau ardatzok, eta helburu horiek bilatuko ditu indarrean den bitartean. Ardatz horiek ondoko hauek dira:
- Mainstraeming-a
- Ahalduntzea
- Bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna
- Emakumeen aurkako indarkeria
Ardatz bakoitzak gero bere isla du arlo guztietan eta hortik sortzen dira programak, planak ematen dien izena erabiliz.
Azkenik, programa bakoitzak helburu espezifiko batzuk zehazten ditu.
| 1. ardatza: Mainstraening-a |
2. ardatza: Ahalduntzea |
3. ardatza: Bateragarritasuna |
4. ardatza: Indarkeria |
| Programa (M.1.) Genero ikuspegia enplegu zerbitzuetan |
Helburua (M.1.1) Enplegu zerbitzuetan genero ikuspegia integratzea
|
Programa (E.1) Aukera berdintasuna laneratzean |
Helburua (E.1.1) Puntako sektoreak |
Programa
(C.1) Bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna |
Helburua (C.1.1)
Analisietan etxeko lanaren balio ekonomikoari buruzko datuak jasotzea |
Programa (V.1) Jazarpen sexista lanean |
Helburua (V.1.1) Prebentzioko eta jarduteko protokoloak ezartzea |
| Helburua (E.1.2) Enplegu teknikoak industrian |
| Helburua (E.1.3) Enpresa ekimenak eta autoenplegua |
| Programa (E.2) Lan baldintzak parekatzea |
Helburua (E.2.1) Enpresa publikoak eta pribatuak |
Programa (C.2) Laguntza zerbitzua eta familia eta lan arloko bizitza bateragarri egiteko neurriak
|
Helburua (C.2.1) Etxeko lanetarako hartutako denbora desberdintasuna gutxitzea |
| Helburua (E.2.2) Erantzukizun handiko lanpostuak emakumeentzat |
| Helburua (E.2.3) Kolektiboen gizarte babesa parekatzea |
Helburua (C.2.2) Ordutegi malgutasunerako neurriak ezartzea |
Horrenbestez, honako hau dugu planaren egitura lan arloari dagokionez:
1. ardatza: Programarekin (M.1) lotutako helburu bakarra zera da "enplegu zerbitzuetan genero ikuspegia integratzea".
2. ardatza: Lan ildo honetan planak bi programa zehazten ditu. Aurreko taulan ageri den bezala, programa horietariko bakoitzak hiru helburu desberdin jasotzen ditu.
Lehenengo programak (E.1.) emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna bultzatu nahi du laneratzean. Ondoko helburu hauek ditu:
a) (E.1.1.) kualifikazio handiko ekoizpen sektoreetan emakumeen eta gizonen arteko desoreka kuantitatiboa murriztea.
b) (E.1.2.) industria sektore tradizionaletako lanpostu teknikoetan emakumeen eta gizonen arteko desoreka kuantitatiboa murriztea.
c) (E.1.3.) autoenpleguan eta enpresa ekimenetan emakumeen eta gizonen arteko desoreka kuantitatiboa murriztea.
-Bigarren programak (E.2) emakumeen eta gizonen lan baldintzak parekatzea bultzatu nahi du. Ondoko helburu hauek ditu:
a) (E.2.1.) sektore publikoan zein pribatuan emakumeen eta gizonen lan baldintzak parekatzea.
b) (E.2.2.) erantzukizun handiko postuetan emakumeen presentzia areagotzea.
c) (E.2.3.) gainerako langileen lan baldintzen aldean bereziki kaltetuta dauden emakume langileen kolektibo batzuen lan baldintzak eta gizarte babesa parekatzea.
3. ardatza: Ardatz honetan ere bi programa zehazten dira:
-Lehenengo programak (C.1.) gizarte antolamendu eredu berri baterantz aurrera egitea du xede, eta haren helburu espezifikoa (C.1.1.) zera da, ekonomia eta gizarte arloko analisi guztietan etxeko eta zaintzako lanen balio ekonomikoari buruzko aipamenak jasotzea eta ekoizpen lanarekin dituen erlazioak zehaztea.
-Bigarren programak (C.2.) laguntza zerbitzuak eta norberaren, familiaren eta lan arloko bizitza bateragarri egiteko neurriak jorratzen ditu, eta bi helburu ditu:
a) (C.2.1.) etxeko eta zaintzako lanetan emandako denboraren erabileran emakumeen eta gizonen arteko desoreka kuantitatiboa murriztea.
b) (C.2.2.) ordutegia malgutzeko eta lan denbora berrantolatzeko zerbitzuak ezartzea.
4. ardatza: Laugarren ardatz honetan laneko jazarpen sexistarekin zerikusia duen programa bakarra zehazten da (V.1.), eta horren helburua (V.1.1.) honako hau da: lanean jazarpen sexistaren prebentzioa egitea eta sektore publikoan zein pribatuan mekanismoak eta jarduteko protokoloak zehaztea.
Programa bakoitzaren esparruan finkatutako helburuak erdiesteko, inplikatutako erakundeak zeintzuk diren zehazten du planak lehenbizi eta, bigarrenik, gomendatutako estrategia batzuk finkatzen ditu.
PLANAK LAN HARREMANEN KONTSEILUARI EMATEN DION EGINKIZUNA LAN ARLOAN JASOTAKO PROGRAMEN ETA HELBURUEN ESPARRUAN
Txosten honen aurreko atalean adierazi dugun bezala, plana ikuspegi bikoitzetik azter daiteke.
Lehenbizi, egokitasunaren ikuspegitik eman dezakegu planari buruzko iritzia, arlo soziolaboralean hartzen diren gainerako neurriekin egiten den bezala. Kasu honek, ordea, ezohiko ezaugarri batzuk ditu: alde batetik, ekimen konplexu baten aurrean gaude eta zailagoa da horren gaineko gogoeta edo iritzi orokorra ematea; beste aldetik, Berdintasunerako IV. Planak zehazten dituen jarraibideak orokorrak dira eta, zeinek bere eskumenen eremuan, administrazio publikoek garatu behar dituzte, 4/2005 legearen 15. artikuluak adierazten duen bezala, halaber, zenbait ekintza eta estrategia zehazten ditu, eta horiek ez zaizkie hartzaileei nahitaez ezartzen, aitzitik, hautazko jardunbide gisa iradokitzen zaizkie.
Bigarrenik, planak Lan Harremanen Kontseilua bera aipatzen du bi programetan tarteko diren erakundeen artean:
1.- "Ahalduntze" ardatzean, emakumeen eta gizonen baldintzak parekatzeko programan, zehazki, lehenengo helburuan: "emakumeen eta gizonen lan baldintzak parekatzea administrazio publikoetan eta sektore pribatuko enpresetan, biztanleria landunaren proportzio handienak metatzen dituzten jarduera adarrei lehentasuna emanda".
Puntu honetan planak deskribatu eta gomendatzen dituen estrategiak desberdinak dira sektore publiko eta pribaturako. Kontseiluari zehazki ez dio esleitzen bat ere, dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten gizarte eragileen arteko elkarrizketarako eta topaketarako erakundea den aldetik, izaera horri hobekien egokitzen zaiona ondoko hau bide da: "enpresetan, sindikatuetan eta enpresaburuen elkarteetan berdintasun politikak ezartzeko pizgarriak ematea, berdintasun planak ezarrita edota negoziazio kolektiboaren bitartez".
2.- "Bateragarritasun eta erantzunkidetasun" ardatzean ere Lan Harremanen Kontseilua aipatzen da inplikatutako erakundeen artean, zehazki laguntza zerbitzuak eta norberaren, familiaren eta lan arloko bizitza bateragarri egiteko neurriak sustatu eta ezartzeko xedea duen programan.
Programa horretako helburu jakin batean islatzen da erarik zehatzenean planak Lan Harremanen Kontseiluari egokitu nahi dion eginkizuna, hain zuzen, etxeko eta zaintzako lanetan emandako denboraren erabileran emakumeen eta gizonen arteko desoreka kuantitatiboa murrizteko helburuaren barnean.
Zehazki eta sektore pribatuaren barnean iradokitako estrategia gisa, planak aipatzen dituen ekimenetako bat honako hau da: "Lan Harremanen Kontseiluaren barnean elkarrizketa sustatzea, balio bereko lanengatiko soldatak parekatzeari ekiteko, eta modu sistematikoan, ez daitezen emakumeak izan neurri horiek hartzen dituztenak; horrez gain, amatasun-aitatasunagatik edo inoren laguntza behar dutenak zaintzeagatik baimenak eta lizentziak hartzen dituztenak kaltetuak ez suertatzea bermatu beharko da, ez haien karrera profesionaletan ezta haien lan baldintzetan ere, gai horren inguruko prestakuntzarako diru laguntzak emanda".
EKARPENEN SINTESIA
2006ko uztailaren 10ean txosten batzordeko kideek beren iritzi partikularrak helarazi zizkieten Kontseiluko zerbitzuei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren lan arloko (6.3) testuari buruz.
Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordea uztailaren 14an batzartu zen. Bilera horretan, ELAk izendatutako batzordekideak honako gai hau jarri zuen mahai gainean: ea egokia ote zen txosten bat ematea, Kontseiluari helarazitako Berdintasunerako IV. Planaren testua artean behin-betiko testua ez zelarik.
Egoera ikusita, Kontseiluko lehendakariaren bitartez Emakundera jotzea erabaki zuten txosten batzordeko kideek, erakunde horrek esan zezan ea helarazitako testua behin-betikotzat har zitekeen ala ez, izan ere, Lan Harremanen Kontseiluak gauzatzen duen kontsulta funtzioa tramite espezifikoa da eta, horrela, gai soziolaboralen inguruan iritzi kualifikatua ematen du zehaztutako testu edo proiektuei buruz; ez da nahasi behar, beraz, beste pertsona edo erakunde batzuek, publiko zein pribatuek, lege orokorretan aitortutako parte hartzeko eskubide generikoan oinarriturik izan dezaketen esku hartzearekin.
Uztailaren 19an, Emakundek baieztatu zuen helarazitako testua behin-betikotzat jo zitekeela, aldaketarik egin gabe onartuta zegoelako lan arloari zegokionean haien zuzendaritza batzordeak egun horretan bertan egindako bileran, eta EAEko Gobernu Kontseilura igorririk zegoelako behin-betiko onar dezan 2006ko irailaren 19an egiteko den bileran.
Gogoeta orokorrak planaren inguruan
Sindikatuen iritzia
Orokorrean bat datoz: planari buruz behar bezalako iritzi bat emateko, lan arloko ekimen espezifikoak ez ezik, haren eduki osoa ere ezagutu beharko lukete.
Halaber, iritzi orokor gisa, adierazten dute ez dagoela "loturarik" planaren eta genero indarkeriaren aurkako lege integralaren eta bera garatzeko neurrien artean (CCOO), eta planak ez duela jasotzen helburu zehatzik (UGT) lege integral horren xedapen batzuetan (21. artikuluan, adibidez) genero indarkeria desagerrarazteari buruz agindutakoa betearazteko.
Bestalde, (E.2.3) helburua finkatzerakoan, CCOO eta UGTren esanetan, planak ahaztu bide du gizarte segurantzako araubide batzuk araubide orokorrarekin parekatzea jadanik erabakirik eta aurreikusirik dagoela –etxe langileena eta besteren konturako nekazaritzako araubidea- eta, gainera, gai hau EAEko eskumen eremutik at dagoela.
Hausnarketa orokor gisa, gehitzen dute (UGT) IV. plan honek aldez aurretik uko egiten diola emakumeen eta gizonen lan baldintzak parekatzeari sektore pribatuan.
Eta planaren barnean eremu pribatua jasotzeak aldeko iritzia merezi izan duen arren, gomendioak baino ez ditu egiten eta ez du neurri zehatzik hartzen, eta ahazten du askotan administrazioa bera enplegu emaile zuzena dela eta generoagatiko bereizkeriak desagerrarazteko konpromisoa hartu beharko lukeela bere eremuan behintzat (ELA).
Era berean, adierazten dute (LAB) orokorrean helburu batzuen ahulezia eta zehazkiago lan baldintzak parekatzeko helburuarena berdintasunaren legearen izaeraren ondorio direla, ez baita aginduzko araua lan harremanen eremuan, izan ere, eremu hori alde batera utzi zen berariaz –une hartan salatu genuen bezala- berdintasun planetako nahitaezko gutxienezkoetan (40. artikulua).
Azken gogoeta orokor bat aipatzearren (LAB) badira bete hutsune batzuk ere: ez du balorazio tresnarik jasotzen (betetze maila, akatsak, arazoak...); ez du zehazten baliabiderik sindikatuek parte har dezaten, eta ez du aipamenik ere egiten Euskal Herri osorako helburuak zehazteari buruz, izan ere, ahaztu egiten du berdintasunaren legeak berak aurreikusten duela jarduketa batzuk eremu horretara hedatuko direla, esate baterako, emakumeen egoera aztertzearen ingurukoak.
Gainera, EAEk ez du eskumenik planean proposatutako neurrietako asko garatzeko, bereziki enpleguaren arloan (ELA).
Enpresaburuen iritzia
Confebaskek izendatutako txosten batzordeko kideek adierazten dute orokorrean beren aldeko iritzia merezi duela Berdintasunerako IV. Planak.
Hartara, berriz adierazi nahi dute enpresaburuen ikuspegitik berdintasuna eta generoagatiko bereizkeriarik ez izatea lehiakortasuna hobetzeko faktoreak direla eta beraz helburu estrategikoak direla.
Beste alde batetik, plana orokorregia dela eta printzipioen eremuan gelditzen dela dioten salaketen aurrean, ohartarazi nahi dute horrelako tresna batek lehentasunak ezarri eta helburuak zehaztu behar dituela, baina berez ez duela ahalmenik subjektu pribatuei betebehar zuzenak ezartzeko edo arau aldaketarik egiteko.
Horretaz aparte, haien iritzian, lau arlo (ardatz) nagusiak definitzeko erabili den terminologia ez da behar bezain argigarria eta ez datoz bat egungo egoera deskribatzeko edo estrategiak justifikatzeko planaren zenbait ataletan esaten diren gauza batzuekin.
Halatan, ez dute uste gaur egun industria denik emakumeak hartzeko orduan uzkurren ageri den sektorea. Aitzitik, egin beharreko lanen nekea eta eskatutako baldintza fisikoak erlatibizatzen hasi zirenetik, bereziki teknologiari esker, emakumeak bertan laneratzea eskatzen du, baina gizarteak berak eta hezkuntza sektoreak ez dute eskari horren maila bereko erantzunik eman.
Bestalde, ez dute uste egokia denik enpresa estrategien artean planak egiten duen kontrajartzea, alegia, berrikuntza, jakintza eta giza kapitala sustatzean oinarritutakoa batetik, eta kostuak murriztu eta deslokalizazioetan oinarritutakoa bestetik. Izan ere, enpresaburuen estrategia orok kostuak murriztea bilatzen dute, eta berrikuntza, jakintza eta giza kapitalaren aldeko apustuak askotan berekin dakar jarduera batzuk kontzentratu beharra eta beste batzuk deslokalizatzea edota enpresatik kanpora ateratzea.
Beste alde batetik, planak sektore publikoan eta pribatuan erabil daitezkeen tresnak bereizten ditu abiapuntutik bertatik, eta haien iritzian, abiapuntu hori okerrekoa edo ñabardura gutxikoa da. Lehenik eta behin, negoziazio kolektiboaren tresna sektore pribatuan ez ezik, sektore publikoan ere aplikatzen baita, eta bigarrenik bi sektoreotan erabili beharreko oinarrizko tresna berbera baita: giza baliabideen kudeaketa.
Iritzi orokorren alorrean ere, adierazi nahi dute ordutegiak malgutzea langileek norberaren bizitza eta lan arlokoa bateragarri egiteko eskatutako tresna ez ezik, enpresaburuen eskaera tradizionala ere badela merkatuaren beharrizan aldakorrei erantzuteko mekanismo gisa, eta horrek esparru bat irekitzen duela –bereziki etorkizunera begira- malgutasunen transakzioak egiteko.
Bestalde, gizarte segurantzako erregimenak parekatzeak ekar litzakeen ondorioak ere hobeto ebaluatu behar direla diote, oso zalantzagarriak dira eta.
Azkenik, zera adierazi nahi dute: planak Lan Harremanen Kontseiluan gai horiek nola jorratu behar diren dioenean, badirudi topaketa erakunde batek berezkoa duen dinamika baino gehiago hitzarmen baten dinamika duela gogoan.
Beste gogoeta batzuk Berdintasunerako IV. Planaren lan arloko atarikoari (6.3) buruz.
Sindikatuen iritzia
Aipatu ditugun gogoeta orokorrez gain, zalantzan jartzen dira argi eta garbi lan arloko atarikoan jasotako beste adierazpen batzuk. Hartara, enplegu publikoan gizonak eta emakumeak era orekatu samarrean laneratzen direla esaten da atarikoan, eta ahaztu egiten da aldi baterako enpleguan emakumeen ehunekoa gizonena baino 16 puntu handiagoa dela, hori dela eta helburu espezifiko bat zehaztu beharko litzateke desoreka horren aurka borrokatzeko eta egoera gainditzeko.
Ohartarazten dute, bestalde, atariko horren inguruan ere, emakumeek autoenplegua eta enpresak sortzeko helburuak ez dituela kontuan hartzen esperientziak alor horretan agerian utzi dituen oztopoak, eta indarkeria sexistaren ardatzean, berriz, plana ez litzatekeela mugatu behar prebentziorako protokoloak ezartzearen helburua aipatzera, aitzitik, zehaztu beharko lituzkeela hori gauzatzeko prozedurak eta bete ezean finkatutako zehapenak ere.
Gogoeta espezifikoak Berdintasunerako IV. Planaren lan arloan jasotako programen, helburuen eta estrategien inguruan
Txosten batzordeko kideen gogoetek planaren alderdi zehatzak ere jorratzen dituzte, programen eta helburuen esparruan eta gomendatutako estrategien esparruan, zein zehaztutako inpaktu adierazleen esparruan. Batzuetan, gogoeta hauek planak Kontseiluari ematen dion eginkizunari edo inplikazio mailari buruzkoak ere badira.
Gogoeta partikular horiek planaren sistematikaren arabera azaltzen ditugu, txosten honetako beste atal batean programa bakoitzari buruz azaldu dugun moduan.
Sindikatuen iritzia
1. ardatza (Mainstraeming-a)
M.1. Programa (M.1.1. helburua):
Kontseilua inplikatutako erakundeen artean jartzea eta beste helburu bat zehaztea proposatzen du: sektore pribatuko kontratazioan genero ikuspegia aplikatzeko tresnak taxutzea, enpresen esku jartzeko.
2. ardatza (Ahalduntzea)
E.1. Programa (laneratzea):Sindikatuen ikuspegitik ezin da onartu "kontua ez da bizitza guztirako enplegu bat izatea, bizitza guztian laneratu ahal izatea baizik" bezalako esaldirik.
-Helburua (E.1.1.) (puntako sektoreak): Europak izan beharko luke helburu hori eskuratzeko erreferentzia.
Inpaktu adierazleen artean, emakumeen prekarietate/behin-behinekotasuna maila falta da.
Estrategien artean emakumeak kontratatzeko portzentajeak ezarri beharko lirateke.
-Helburua (E.1.2) (industria sektoreko enplegu teknikoak):
Inpaktu adierazleen artean, emakumeen prekarietate/behin-behinekotasuna maila falta da.
Estrategi horien barnean, emakumeak kontratatzeko portzentajeak jarri beharko lirateke.
Estrategia horietan, "monitoring" prozesuak ere sartu beharko lirateke administrazioaren laguntzaz.
Dena dela, planak industria sektorean jartzen duen indarraz gain, ez da ahaztu behar prekarietate maila handia duten beste sektore batzuetan ere lan egin behar dela, gehienbat, zerbitzuen sektorean, emakumeek lan baldintza okerragoak pairatzen dituzte eta.
Puntu honetan eta kontratazioetako iruzurrak kontrolpean izateko helburuan, ikuskatzailetzak eginkizun garrantzitsua du sexuagatiko bereizkeria desagerrarazteko.
E.2. Programa (lan baldintzak parekatzea): planak uko egiten dio parekatzea lortzeari. Eta uko hori lotuta dago berdintasunaren legea aginduzkoa ez izatearekin, lan harremanen eremuan aplikatu beharreko gutxieneko baldintzen arloan.
- (E.2.1.) Helburua (enpresa publikoak eta pribatuak): estrategia espezifiko bat jorratu beharko litzateke sektore publikoko aldi baterako kontratazioaren kontra borrokatzeko edo, subsidiarioki, sektore publikoa jaso beharko litzateke eragin adierazlearen artean.
Dena dela, sektore publikoari ere aplikatu behar litzaizkioke sektore pribaturako zehaztutako estrategietako batzuk (lehen hirurak behinik behin).
- (E.2.2.) Helburua (erantzukizun handiko postuetan emakumeen presentzia areagotzea): enpresetako administrazio kontseiluetan gizonen eta emakumeen kopurua parekatzeko helburuaren hutsunea sumatzen da.
Enpresa publikoak inplikatutako erakundeen artean sartzea eta udalak eta enpresa publikoak eragin adierazleen artean kokatzea eskatzen da.
3. ardatza (bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna): Orokorrean hutsune bat igartzen da, alegia, laguntza zerbitzuak eta behar bezalako azpiegiturak ezarri beharko lirateke, hala nola, beste ekimen batzuk mendekotasunaren legea garatzeko edo 0 eta 3 urte bitarteko haurrak hezkuntza sisteman sartzeko. Gizarte eta osasun arloko zerbitzuak indartzeko plana ere desagertu egin da.
Beste alde batetik, planak berdintasunaren legearen gabeziak jasotzen ditu eta asmoen adierazpen hutsetan gelditzen da, izan ere, ez du aitortzen asistentziarako eskubide subjektibo unibertsal bat.
(C.1) Programa: (gizarte antolamendu eredu berri baterantz): Ez datoz bat planaren ikuskerarekin puntu honetan, izan ere, badirudi familia eta lan arloko bizitza bateragarri egite horrek jaiotza tasa handitzeko ikuspegi murriztaile bat duela jomuga, familia eta lan arloko bizitza benetan bateragarri egitea baino gehiago. Nolanahi den ere, behar-beharrezkoa da zerbitzuen kalitatea bermatuko duen sistema publiko unibertsal bat, mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzearen pisua ez dadin eror familiaren gainean eta, horien barnean, gehienbat eta gaur arte gertatu izan den bezala, emakumeen gainean; seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eskubide subjektibo unibertsala direla ulertu behar da juridikoki, une jakin batean erabil daitekeen aurrekontua eta onuradunen egoera ekonomikoa alde batera utzita, eta kalitatezko zerbitzuak eskaini behar ditu mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko.
- (C.1.2.) Helburua (ordutegiak malgutzeko neurriak ezartzea): Ordutegiak malgutzeko neurriak aplikatzean ez dira inola ere murriztuko ukitutako pertsonen eskubideak.
Halaber, ordutegiak malgutzeko horrelako tresnarik ezartzekotan, negoziazio kolektiboaren bitartez ezarri beharko lirateke neurri horiek eta, horregatik, pizgarri fiskalak eta laguntza eta babes publikoak lotu beharko lirateke (estrategien ikuspuntutik) lortutako akordioetatik ondorioztatuko diren neurriekin, eta ez korporazioen gizarte erantzukizunaren esparruan erabakitako alde bakarreko ekimenekin.
4. ardatza (indarkeria).
V.1. Programa (jazarpen sexista lanean). (V.1.1.) Helburua (lanean jazarpen sexistaren aurkako jarduketa protokoloak ezartzea): Programa honek ez du jasotzen helbururik genero indarkeriaren aurkako lege integralean zehaztutako neurriak betearazteko.
Protokoloak ez ezik, finkatutako prozedurak ere jaso beharko lituzke helburu honek eta prozedura horiek bete ezean dagozkien zehapenak.
Best4 alde batetik, Lan Harremanen Kontseiluak inplikatutako erakundetzat agertu beharko luke.
Enpresaburuen iritzia
2. ardatza (ahalduntzea)
(E.2) Programa (lan baldintzak parekatzea): "bereizkeria" hitzaren ordez "bereizketa" erabili beharko litzateke, izan ere, planak berak erabiltzen du aurreko paragrafoetan. Bereizketa eta bereizkeria hitzek errealitate desberdinak adierazten dituzte.
- E.2.1 Helburua: "berdintasun arloko ikuskatzaileak prestatzea" iradokitzen da gomendatutako estrategia gisa. Haien iritzian, puntu honetan komenigarria litzateke zehaztea kidego berezi bat sortu nahi den "ad hoc", edo egungo lan arloko ikuskatzaileek prestakuntza espezifikoa jaso dezaten ekimenak dituzten gogoan, izan ere, erreferentzia estrategikoez gain, planak ez du inongo neurririk zehazten puntu honen inguruan.
- E.2.2. Helburua (erantzukizun handiko postuetan emakumeen presentzia areagotzea) : norberaren eta familiaren bizitza bateragarri egitea negoziazio kolektiboaren kargu uzten da, alta, langile horietariko asko (erantzukizun handiko postuak betetzen dituztenak) negoziazio kolektibotik at daude.
AZKEN GOGOETAK
2006ko irailaren 6an berriro batzartu zen behin-betiko izaeraz Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordea. Bileran ondoko iritziak agertu zituzten batzordekideek.
1.- Lehenbizi, aldeko iritzia merezi du, eta horretan bat datoz denak, ez delako bakarrik sektore publikorako plan bat eta bere helburu eta estrategietako asko sektore pribatura ere bideratzen dituelako. Dena dela, txosten honetako ataletan barrena islatu den moduan, planak esparru pribaturako aurreikusitako neurrien benetako eraginkortasunaren eta hedaduraren inguruan batzordekideek ikuspegi desberdinetatik egin dituzten gogoeta partikularren kalterik gabe egiten da gogoeta orokor hau eta, beraz, haiekin loturik ulertu behar da.
2.- Bigarrenik, ez datoz bat planak sektore publikoaz egiten duen diagnostikoan, izan ere, desoreka egoerak daude oraindik ere generoa dela kausa, eta administrazio publikoek, zeinek bere eremuan, zuzendu beharko lituzkete horiek. Desoreka horiek lanaren egonkortasunarekin eta baldintza materialekin lotutako alderdi kualitatiboetan agertzen dira batik bat.
3.- Hirugarrenik, Berdintasunerako IV. Planari buruzko honako txosten hau erakunde eskatzaileari (Emakunde) helaraztea erabaki du txosten batzordeak; txostena bertan onartutako barne prozeduraren bitartez egina da eta, nolanahi ere, adierazi nahi dugu planaren alderdi garrantzitsuenei buruzko behar besteko adostasunik ez izanda, eta aurreko gogoeta eta iritzien kalterik gabe, Lan Harremanen Kontseiluak ez duela baterako irizpenik onartu Emakundek helarazi dion Berdintasunerako IV. Planari buruz.
Bilbo, 2006ko irailaren 6a

|