CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten duen Dekretua bigarrenez aldatzeko Dekretu proiektuari buruz

 

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten duen Dekretua bigarrenez aldatzeko Dekretu proiektuari buruz

Aurrekariak

2007ko apirilaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak ondoko dekretu proiektu hau helarazi du Lan Harremanen Kontseilu honetara haien edukiari buruzko aginduzko txostena eman dezan: kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten duen Dekretua bigarrenez aldatzeko Dekretu proiektua.

Dekretu proiektu honen aurrekari zuzena Kultura Ekintzailea eta Enpresak Sortzeko aukera babesten duen 328/2003 Dekretua da, eta dekretu honen IV. kapituluan, langabeek enpresa egitura berriak sortzeko diru laguntzak arautzen dira.

Dekretu hori, lehenbizikoz, uztailaren 26ko 191/2005 Dekretuak aldatu zuen, eta oraingoan, dekretu proiektu honetan, bigarrenez aldatzen da abenduaren 23ko dekretu hori.

Dekretu proiektu honen edukia

328/2003 Dekretuaren 38 artikuluaren arabera diruz lagun daitekeen jarduna, langabeek enpresa egitura berriak sortzea, alegia, bere horretan gordetzen da, eta artikulu horretan ez dago aldaketarik.

Dekretu proiektu honetako aldaketaren xede nagusia zera da, laguntza jaso dezaketen jardunen artean 328/2003 Dekretuan bazter uzten ziren (40. artikulua) enpresa proiektu batzuk sartzea: Laneko Sozietate Anonimoak, Laneko Sozietate Mugatuak eta Sozietate Kooperatiboak. Gizarte Ekonomiako ekimenak sustatzera zuzendutako berariazko diru laguntza programen bidez babesten ziren horrelako proiektuak, eta programa horietan zehaztutako baldintzak eta zenbatekoak eta 328/2003 Dekretuan aurreikusitakoak desberdinak ziren.

Oraingo honetan, diru laguntza araubideen bikoiztasun hori kendu nahi da, izan ere, enpresa proiektuei emandako babesa desberdina da, bakoitzak aukeratutako forma juridikoaren arabera, eta halako araubideak mugatu egiten du hein batean eratu beharreko sozietatearen eredua aukeratzeko askatasuna.

Dekretu proiektu honetan, beraz, bateratu nahi dira eskuratu daitekeen diru laguntza mota, bete beharreko eskakizunak eta baldintzak, eta jaso daitezkeen laguntzen zenbatekoa.

Xede horretarako, 328/2003 Dekretuaren 39., 40., 41. eta 42. artikuluak aldatzen dira.

39. artikulua aldatu eta malgutu egiten da, hortaz, proiektu kolektiboetan ez da beharrezkoa izango kapital sozialaren partaidetza guztiak bazkide langileenak izatea, eta “langile ez diren” bazkideek ere partaidetza izan ahalko dute, kapital sozialaren heren bateraino gehienez.

39. artikuluan ere, gehitu den 2. paragrafo berriak zehazten du proiektu kolektiboetan bazkide guztiek pertsona fisikoak izan behar dutela, baina onartu egiten da arrisku kapitaleko entitateen partaidetza, kooperatibak edo laneko sozietateak sustatzeko helburu soziala duten sozietateen partaidetza, eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboak gizarteratu eta laneratzeko helburu soziala duten irabazi asmorik gabeko entitateen partaidetza.

40. artikuluan lehen paragrafoa aldatzen da, eta onuradunen artean, lehen esan bezala, Laneko Sozietate Anonimoak, Laneko Sozietate Mugatuak eta Sozietate Kooperatiboak sartzen ditu.

41. artikulua aldatzen da, bazkide sortzaileez gain, enpresa sortu ondoren sartu direnek ere diru laguntza jaso ahal dezaten, eskabidea egin baino lehen sartu badira.

Azkenik, 42. artikuluan, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa zehazten duten b) eta g) idatz zatiak aldatzen dira, Gizarte Ekonomiako sozietateak sartzearen ondorioz.

Lan Harremanen Kontseiluaren txosten batzordea 2007ko maiatzaren 10ean bildu zen eta, kontsulta jarduera garatzeko onartutako prozeduraren arabera, txosten teknikoa eta egindako ekarpenak aztertuta, batzordearen kideek ondorengo azken gogoetak egin zituzten:

Azken gogoetak

Confebask, CCOO eta UGTk aukeratutako txosten batzordeko kideek, zuzen iritzi diote, lanik gabeko pertsonek enpresak sortzeko laguntzak bateratzeko helburuari, horrela orain arte ekonomia sozialeko entitateen eta gainerakoen artean zegoen desberdintasuna kentzen delarik. Laguntzak bateratzeko helburu honen arabera, ondorioz, aurrerantzean ez litzateke kontzeptu honen araberako ekonomia sozialeko entitateentzako berariazko laguntzetarako deirik egin beharko.

Honen ondorioz, atal honetan jasotzen diren gogoeten kalterik gabe, behar besteko gehiengorik ez zegoelarik, Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordearen bilera, kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretu proiektuari buruzko guztien irizpenik gabe amaitu zen.

Bilbo, bi mila eta zazpiko maiatzaren hamabostean