CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena Euskal Autonomia Erkidegoko laneko segurtasun eta osasunaren 2007-2010 plan estrategikoari buruz
 

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena Euskal Autonomia Erkidegoko laneko segurtasun eta osasunaren 2007-2010 plan estrategikoari buruz

Aurrekariak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak datozen lau urteetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Segurtasun eta Osasunaren 2007-2010 Plan Estrategikoa helarazi dio Lan Harremanen Kontseiluari aginduzko txostena eman dezan. Ekimen honek laneko segurtasun eta osasunaren inguruko politika publikoen marko orokorra zehazten du aldi horretarako.

Txosten teknikoa

AZTERKETA OROKORRA

Plan estrategiko honen egitura horrelako ekimenetarako erabili ohi dena da. Funtsean, testuinguru orokorra zehaztu nahi da aldi jakin batean (oraingo honetan lau urtean) hartuko diren mota eta munta desberdinetako ekimenak, hots, azterketak, kontzientziazioa edota arau aldaketak zedarritzeko.

Orokorrean, plan estrategikoek erabaki batik bat politikoak jasotzen dituzte eta zaila da horien inguruko iritzi teknikoak ematea. Horrelako azterketa teknikoak, izatekotan, planak aurreikusten edo iragartzen dituen neurri zehatzak hartzearen karietara sortuko dira.

Dena dela, eta oso ikuspegi orokor batetik, aurretiazko azterketa bati dagokion bezala,planaren barruan bi zati bereizi behar direla uste dugu, eta bakoitzari buruz azterketa bat eta maila desberdineko balorazioa egin litezke:

a) lehen zatian batez ere deskribapen bat egiten da. Bertan, lege esparrua eta ekimen hori abiarazteko zio estrategikoen eta abagunearen azalpena jasotzen da, bestalde, plan estrategikoaren bi ardatz nagusiak zehazteko aplikatu den metodologia eta egin den lana azaltzen dira: lehentasunezkotzat joko diren jarduera arloen aukeraketa, eta arlo bakoitzean burutu beharreko ekintza zehatzen aurkezpena, hala nola planak zehaztutako aldian erdietsi beharreko helburuak.

b) bigarren zatiak, berriz, balorazioak jasotzen ditu, eta jarrera jakin bat agertzen du egokitasunaren aldetik, izan ere, zati honek gaikako diagnosi bat dakar “antzemandako arazo nagusien” inguruan, planak deitzen dion bezala, hau da, lehentasunak zehazten ditu diagnosi horren arabera.

Azkenik, planak kudeaketa eredu jakina ere ezartzen du, hiru mailatan egituratzen duelarik: zuzendaritza estrategikoa, gauzatu beharreko ekimen bakoitzarekin lotuta dagoen eragiketen maila eta zeharkakoa eta horizontala den euskarri teknikoaren maila.

Lehen zatia

Planaren lehen zati honek abiaburuko egoera baloratzeko eta zehazteko erabilitako metodologia eta prozesua azaltzen ditu. Bertan esaten denez, balorazio hori egiterakoan “eragile publiko zein pribatu gehienen ikuspuntua eta iritzia” hartu dira kontuan, baina ez du zehazten nortzuk diren eragile horiek.

Fase honetan zazpi talde osatu dira eta horiek gogoeta egin dute laneko segurtasun eta osasunaren barruko beste horrenbeste arlori buruz: ikuskatzailetza; sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta prestakuntza; ETEen problematika; kudeaketaren integrazioa; eraikuntza sektorea; lanbide gaixotasunak eta osasuna zaintzea eta azpikontratazioaren problematika.

Lantalde horien lana, eta banakoekin, kolektiboekin eta erakunde publiko zein pribatuekin egindako elkarrizketen bidez bildu den informazioa, hala nola nazioarteko jardunbide egokienen analisitik ateratako ondorioak, planak berak dioen bezala, oinarrizkoak dira problematika nagusiak antzeman eta datozen lau urteotan horiei erantzuna emateko. Problematika horiek bat datoz funtsean aurreko paragrafoan aipatu ditugun arloekin, hala ere, beste batzuk ere gehitu dira, azterketaren, hausnarketaren eta burutu diren landa-lanetatik ateratako konklusioen ondorioz: erakundeen koordinazioa; langile autonomoen problematika eta prebentzioaren problematika espezifikoa administrazio publikoetan.

Bestalde, “informazioa eta sistemak” ere helburu estrategiko instrumentaltzat jotzen dira, eta haren helburua informazioa lortu, prozesatu eta hedatzeko tresnak sortzea da, EAEko ezbehar tasaren ingurukoak hobeto ezagutzeko.

Aurretiazko diagnosi eta analisi lan horren ondorioz, azkenean ondoko lan arloak –bakoitza helburu estrategiko bati loturik- finkatu dira:

Prestakuntza; ikuskatzailetza eta kontrola; kontzientziazioa eta sentsibilizazioa; kudeaketaren integrazioa; erakundeen konpromisoa; informazioa eta sistemak, eta lan osasuna.

Azkenik, arlo bakoitzaren barruan jarduera eremu batzuk aukeratu dira:

Prestakuntza:

Jarduera eremuak

  • Haurren arriskuen prebentziorako prestakuntza.
  • Lan Arriskuen Prebentzioa (L.A.P.)L.H. eta Unibertsitateko hezkuntza programetan jasotzea.
  • Prebentzioko ordezkarien prestakuntza berrikustea.
  • Berariazko prestakuntza eraikuntza sektoreko profesionalentzat.
  • Erdi mailako arduradunen prestakuntza.
  • Enpresaburuen eta zuzendaritza karguen prestakuntza.
  • Autonomoen prestakuntza.

Ikuskatzailetza eta kontrola:

Jarduera eremuak

  • Ikuskatzaileen jardueraren sektorekako segmentazioa.
  • Besteren konturako prebentzio zerbitzuen eta kontu ikuskapen zerbitzuen kontrola.
  • Lanen kontrol eta jarraipen etengabea.
  • ETEetako arrisku elementuei buruzko aldizkako kontrola.
  • ETEak sortzearen eta abiaraztearen gaineko kontrola.
  • Eraikuntzako azpikontrata kateen kontrola.
  • Ikuskatzailetzako baliabideak indartzea eta koordinatzea.

Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa:

Jarduera eremuak

  • Prebentzio ordezkarien zereginari buruzko kontzientziazioa.
  • Langileen kontzientziazio orokorra.
  • Zuzendaritza karguen eta enpresaburuen kontzientziazioa.
  • Erdi mailako arduradunen kontzientziazioa eta prebentziorako baliabideak.
  • Gizartearen kontzientziazio orokorra.
  • Gestorien inguruko jarduketak.

Kudeaketaren integrazioa:

Jarduera eremuak

  • Prebentzioaren integrazioaren inguruko jardunbide egokiak hedatzea.
  • Izendatutako langilea eta prebentzio zerbitzu mankomunatuak sustatzea prebentzioa kudeatzeko zerbitzuak diren aldetik.
  • Trakzioa, prebentzioa ETEetan integratzeko tresna.

Erakundeen konpromisoa:

Jarduera eremuak

  • Erakundeen arteko koordinazioa.
  • Erakundeen konpromisoa elkarren segidako azpikontratazioen arazoaren inguruan.
  • L.A.P.eko goi mailako teknikaria izateko prestakuntza hobetzea.
  • Fiskaltzarekiko koordinazioa.
  • Koordinazioa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean lanbide gaixotasunak egoki erregistratzeko.
  • Arriskuen prebentzioa administrazio publikoetan, bereziki eremu honetako arrisku espezifikoen inguruan.

Informazioa eta sistemak:

Jarduera eremuak

  • Behatokia finkatzea.
  • Lan ezbeharrei buruzko informazio sistema.
  • Lan istripuei buruzko ikerketa.

Lan osasuna:

Jarduera eremuak

  • Lan osasunaren inguruko kasuetan esku hartzea.
  • Lan osasunaren inguruko ikerketa.
  • Lanbide gaixotasunen eta osasuna zaintzearen eremuan diharduten medikuen kopurua handitzea.

Oso modu xumean eta azalpen soil bat emateko asmoz, bere oinarriak arazo nagusiak antzematea eta jarduera eremu bakoitzean burutu beharreko ekintza zehatzak definitzea dituenean, plan estrategiko bat lantzeko prozesua honela adieraz daiteke grafiko baten bidez:

Bigarren zatia

Plan estrategikoaren bigarren zatian jarduera eremu bakoitzean burutuko diren ekintza zehatzak jasotzen dira.

Plan estrategikoak zehaztutako aldian burutu beharreko ekintza zehatzak deskribatzeko erak eskema berari jarraitzen dio beti, eta hainbat atal dituen fitxa baten bidez irudika daiteke:

Lehenik, arlo edo helburu estrategiko bakoitzaren barruan (adibidez: prestakuntza; ikuskatzailetza eta kontrola, etab.) kasuan kasuko jarduera eremua dago (adibidez, haurren arriskuen prebentziorako prestakuntza, ikuskatzaileen jardueraren sektorekako segmentazioa…).

Jarraian, neurriaren justifikazioa dakarren atal baten ondotik, erdietsi beharreko helburu kualitatiboa aipatzen da, eta gero, jarduera eremu horren barruan burutu beharreko ekintza nagusiak zehaztu eta deskribatzen dira.

Amaitzeko, jarduera eremu bakoitzean tarteko diren eragileak eta finkatutako helburuen arabera ekintzen arrakasta ebaluatzeko aukeratu diren adierazleak deskribatzen dira fitxan. Batzuetan helburu kuantitatiboa ere zehaztu egiten da.

Ekintza horiei guztiei buruzko iritzia ematea aurretiazko txosten honen xedetik eta ahaletatik harantzago dago, bistan da.

Dena dela, handizka azalduta honako hauek dira plan honetako erabaki nagusiak:

Prestakuntza arloan: prestakuntzaren edukiak hezkuntza arautuaren prozesuko fase guztietan sartzea (haur hezkuntzatik, lanbide hezkuntzara edo unibertsitatera) eta, horrekin batera, prebentzioko ordezkarien prestakuntza, bereziki, eraikuntza sektorean, hala nola enpresaburuen, zuzendaritza karguen eta erdi mailako arduradunen prestakuntza.

Ikuskatzailetza eta kontrol arloan: lan ikuskatzaileak kopuruz gehitzea eta espezializatzea, hala nola ikuskatzailetza eta zaintza, laguntza edota aholkularitza teknikoko beste instantzia batzuk koordinatzea, baita ikuskatzailetzaren jardueren segmentazioa ere (nolabaiteko espezializazioarekin batera), bereziki ETEei dagokienez.

Sentsibilizazio eta kontrol arloan: enpresaren eremuko eragile guztien (langileen, ordezkarien, zuzendaritza karguen, enpresaburuen) eta gizarte osoaren kontzientziazioa. Arlo honetan jarduera eremu berri bat jaso da, hau da, gestorien jarduera, izan ere, enpresetatik kanpoko egitura hauek ETE asko kudeatzen laguntzen dute.

Prebentzioaren integrazioa enpresaren kudeaketan: legeak aurreikusten dituen antolaketa aukeren artean, besteren konturako prebentzio zerbitzuak baino lehen izendatutako langilea eta zerbitzu mankomunatuak sustatzea, eta trakzioa erabiltzea ETEen kudeaketan prebentzioa integratzeko.

Lan osasunaren arloan: osasuna etengabe zaintzearekin batera, plan honek jasotzen du medikuen kopurua handitu beharra, batez ere, lanbide gaixotasunen eremuan, bai eta lan osasunaren arloan esku hartze eta ikerketa ekintzak gehitzea ere.

Bestalde, helburu estrategiko gisa, planak erakundeen arteko koordinazioa hobetzea aipatzen du, eta hau zenbait jarduera eremutan hezurmamitzen da: administrazio publikoetan arriskuen prebentzioa eta bereziki arrisku espezifikoen prebentzioa hobetzeko eta erakundeen arteko koordinaziorako mekanismoak sortzeko konpromisoa, eta berariazko kolaborazioa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean lanbide gaixotasunak egoki erregistratzeko, edota fiskaltzarekin lan istripuak bide penalean tratatzeko, hala nola erakundeen konpromisoa elkarren segidako azpikontratazioen inguruko problematika lantzeko.

Azkenik, lehen esan dugun bezala, ikuspegi instrumentaletik, planak informazioa eta sistemak deritzan arlo bat du ezbeharren behatokia finkatzeko eta lan istripuen inguruko informazio eta ikerketa tresnak hobetzeko xedea duena.

Plan estrategiko honen alderdi orokorrei buruzko aipamen labur honetatik aparte, esan behar da jarduera eremu batzuetan ekintzak burutu baino lehenagoko helburu bat zehazten duela planak, lanbide arteko akordio bat lortzea, alegia. Akats edo ahazteren bat egon ezean, horrela gertatzen da prestakuntza arloan prebentzioko ordezkarientzako prestakuntza orokor eta prebentzioko ordezkarientzako prestakuntza espezifiko eremuetan eraikuntza sektorean.

Kudeaketa eredua

Azkenik, plan estrategikoak kudeaketa eredu jakin bat ezartzen du ekintzak beren jarduera eremuetan abiarazteko eta finkatutako helburuak lortzeko. Hiru maila desberdin zehazten ditu: estrategikoa, operatiboa eta “laguntzakoa” deitzen duena.

Maila estrategikoari dagokio planaren jarraipena eta ebaluazioa egitea. Nolabait, maila honetan dago planaren gaineko kontrol politikoa, eta sortutako zuzendaritza batzordeak hala dela baieztatzen du, izan ere, Eusko Jaurlaritzako sailetako eta OSALANeko arduradun politikoak baino ez daude ordezkaturik bertan.

Maila operatiboan, berriz, jarduera eremu bakoitzean inplikatutako eragileen partaidetzarekin burutuko dira ekintzak, eta bertan zehaztutako formulen bitartez: lantaldeak sortzea, akordioak, hitzarmenak, eta abar, hortaz, plan estrategikoko egitura hau ez da zehazten modu orokorrean.

Eta amaitzeko, laguntzako mailan egitura tekniko eta zeharkako bat sortzen da, koordinazio eta jarraipenerako idazkaritza teknikoa deritzana, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren mende.

Azkenik, atal honen barruan ere, “kudeaketa eredu honekin lotutako beste elementu batzuk” deritzenak aipatzen ditu planak, horien artean, Herri Lanen Batzordea, OSALANeko Kontseilu Nagusia, OSALANeko baliabide teknikoak eta jarduera eremu batzuetan aurreikusita dauden lantaldeak.

Sindikatuen iritzia

LABek izendatutako batzordekidearen gogoetak

1. Planaren alderdi orokorrak

Lehenik eta behin, nabarmendu nahi du ez dela egin aurreko planari buruzko baloraziorik.

Bestalde, adierazi du ezbeharren arazoaren erroetara jo behar litzatekeela lan istripuen kopurua murrizteko, izan ere, arrazoi estrukturalak dituzte, eta egungo lan harremanen ereduarekin lotuta daude, prekarietatean oinarriturik dagoelako, baita eredu ekonomikoarekin ere, enpresen etekinak langileen bizitzaren gainetik jartzen dituelako.

Gainera, adierazi du, ugazabek sistematikoki urratzen dituzte laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauak.

Horiek horrela, eta plan honek arazo horiek konpontzeko neurri zehatzik aurkezten ez duenez, kontinuista, eskasa eta asmo handirik gabekoa dela deritzo.

2. Planaren alderdi zehatzak

- Positibotzat jotzen du prebentzioari buruzko araudiaren gaineko kontrol eza aitortzea, baina soluzioa ez da etorriko arazo honi buruzko kontzientziazio handiagoaren haritik, “Planaren sarreratik” ondorioztatzen den moduan, araudia betetzearen gaineko kontrol handiagotik baizik.

- Euskadiko lan istripuen tasaren inguruan honakoak adierazi ditu:

  • 2.1.2. atalean adierazitakoa, hau da, “ez da erraza istripuen tasa zehazki ezagutzea”, Administrazio Publikoen eta OSALANen ardura politikoari iskin egiteko era bat da. Eta ez dute sumatzen istripu guztiak zenbatzeko borondate politikorik.
  • “In itinere” gertatutako istripuen gorakada handia aipatzen denean (2.1.2. atala) ez da ezer esaten erantzukizun publikoaz, alta, honi dagokio lantokietarako garraio publikoa erraztea eta errepideko merkantzien garraioak dakarren arriskuari konponbidea bilatzea.
  • Ez da ulertzen zergatik ez den kalkulatzen istripuengatik galdutako lan egunen kopurua. (2.1.2. atala).
  • Ez da aldi baterako kontratazioa murrizteko neurririk hartzen ezbehar tasarekin duen lotura zuzena kontuan izanda (2.1.3. atala).

- Adierazi du halaber ez dela aipatzen EAEk ez duela eskumenik lan ikuskatzailetza eta Gizarte Segurantza gaietan eta transferentzia hau eskatu behar litzatekeela zehaztu du (2.3.1. atala).

- Egungo legeek prebentzio lanak enpresetatik kanpoko prebentzio zerbitzuen esku uzteko aukera ematen badute ere, ugazabek enpresen kudeaketan integratu behar lukete prebentzioa. Hartara, 2.3.4. atalean aipatzen da “egungo araudiak asko errazten duela xedapenak kanpoko prebentzio zerbitzuen bitartez betetzea, eta horrek zaildu egin duela prebentzio gaien kudeaketa integratua egitea enpresaren barruan”, eta ematen du horrela ugazaben erantzukizuna zuritu nahi dela.

3. Planaren helburu estrategikoei buruzko azterketa

Helburu estrategikoetan hainbat jarduera eremu zehaztu dira, baina ez da jaso neurririk istripuen arrazoi nagusiak gainditu, aldatu edo hobetzeko. Horregatik, eta eremu horietako askotan sindikatuen partaidetza jasotzen bada ere, zalantzan jartzen dute aurreikuspen horren eraginkortasuna.

Ondoren, gogoeta batzuk egin ditu helburu estrategiko eta jarduera eremu batzuen inguruan. Hartara, honakoak adierazi ditu:

- “Prestakuntza” helburu estrategiko garrantzitsua da laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, baina ez da gehiegi balioetsi behar lan istripuen problematikan izan dezakeen eragina. Gainera, askotan prestakuntza hori formalitate hutsa da, eta ziurtagiri bat sinatzera mugatzen da.

- Prebentzioko ordezkarien prestakuntzari dagokionez, planean lanbide arteko akordioa berrikustea proposatzen denean (1.3. atala), hiruko akordioa izan behar lukeela dio, ugazaben esku gera ez dadin.

- Erdi mailako arduradunen prestakuntza (1.5. atala) diru publikoaz finantzatzen da, eta ez luke horrela izan behar, enpresaren betebeharra da eta.

- Autonomoen prestakuntzari dagokion atalean (1.7. atala) “autonomoek bigarren mailan uzten dute osasuna eta osotasun fisikoa zaintzea…” esaten da, baina ez da esaten askotan sasi autonomoak direla.

- “Ikuskatzailetza eta kontrola” funtsezko helburua da, baina proposatutako jarduera eremuak ez datoz bat eremu honetako premiekin, adibidez: eskumenik ez dago, ikuskatzaileen kopurua handitu beharra dago, legea zorrotzago bete behar da, edo OSALANi teknikariak gaitzeko eman zaion eginkizun berriaren inguruko zalantzak.

- Ikuskatzaileen jardueraren sektorekako segmentazioa aipatzen denean (2.1. atala), ez da zehazten zein irizpideren arabera egin behar diren ikuskapenak eta orain arte egindakoaren balantzerik ere ez da egiten. Gainera ez da esaten zer egingo den antzemandako arau hausteekin (2.3. eta 2.6. atalak).

- Ez da ondo ulertzen zer esan nahi den 2.2. atalean –“besteren konturako prebentzio zerbitzuen kontrola”- “2007ko oinarrizko jarduera hirukoiztea” esaten denean.

- Nabarmena da Administrazio Publikoak interes gutxi duela laneko segurtasunaren eta osasunaren gaiari beste gai batzuen maila berbera emateko, 2.5. atalean –ETEak sortzearen eta abiaraztearen gaineko kontrola- esaten baita “…ezartzea… ETEak zabaltzean eta aurretiazko segurtasun neurriak hartzera behartzea… eskakizun horrek aparteko atzerapenik ekarri gabe…”.

Azkenik, “Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa” helburu estrategikoari erreparatuta, gehiegi azpimarratzen da kontzientziazio eta sentsibilizazio eza, eta egiazki enfasi hori ezbeharren arrazoi nagusiak desagerraraztean jarri behar litzateke. Behatokia finkatzeari buruz dio lehenbizi sortu egin beharko dela, eta kontua ez dela behatzea esku hartzea baizik.

UGTk izendatutako batzordekidearen gogoetak

1. Aurkeztutako testuaren egitura eta forma

Formaren aldetik, adierazi du, planaren testua ez da araua, eta aldi jakin baterako asmo politikoen antz handiagoa du. Plan honek ez dakar bide fidagarririk –esate baterako, gizarte eragileen arteko akordio bat Euskadiko laneko segurtasunaren eta osasunaren inguruan- gauzatu ahal izateko.

Plan honetan ez da balantzerik egiten aurreko planaren aplikazioari buruz eta ez da jarraibide loteslerik aurkezten, beraz, horiek gabe ezin da plana baloratu, eta ez du aukerarik ematen plana gauzatzeari buruzko kontrol instituzional objektiborik izateko.

Plan honetan 2007/2010 aldirako aurreikusitako neurriak edo ekintzak fitxetan aurkezten dira (fitxa bakoitza ekintza bati dagokio), eta fitxa hauek ez daude hierarkizaturik irizpide batzuen arabera, adibidez: garrantzia, urgentzia edota ezartzeko zailtasuna, aitzitik, bakarrik sailkatu dira edukiaren arabera. Planak antolaketa bat eman behar lieke “kudeaketa” atalean, baina gai horren inguruan erabakiko duten organoak aipatu eta definitu besterik ez du egiten. Horrenbestez, hau ez da berez betearaz daitekeen tresna bat.

Inplikatutako eragile nagusiak zehazten dira fitxa bakoitzean, baina aldez aurretik gizarte akordiorik ez izanik, ekintza bakoitzerako sakabanatu egiten dira eragile “erantzuleak”, bai Eusko Jaurlaritzakoak bai kanpokoak. Gainera fitxa bakoitzak “helburu kualitatibo eta kuantitatibo” bat jasotzen du, baina boluntarismo hutsa da, ez dagoelako ez hartutako neurririk ez hartzeko denik.

2. Planaren edukia

Positibotzat jotzen da: hartzaile berriak integratzea laneko segurtasunaren eta osasunaren kudeaketan. Zeharkakotasunez, planaren jarduera eremu guztietan, baita langile autonomoen zein Administrazio Publikoen barruan. Prestakuntza arloan erdi mailako arduradunak eta langile autonomoak sartu dira, eta aurreikusita dago birziklatze bat prebentzioko ordezkariak eguneratzeko. Positibotzat jotzen da halaber lanbide gaixotasunei eskainitako arreta handiagoa. Baita Prebentzioa ETEetan txertatzeko ekimen batzuk eta besteren konturako prebentzio zerbitzuen kontrola ere. Amaitzeko, ekintzak ekoizpen sektorearen arabera bereiztea ere positibotzat jotzen da.

Beste alde batetik, gabezia batzuk daude plan honetan, eta lau ataletan biltzen dira. Lehenik, “Ikuskatzailetza eta kontrola” gaian, egungo koordinazioa bakarrik izango da eraginkorra estatuko administrazio periferikoaren laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzailetzarekin akordio handi bat lortzen bada. Ikuskatzaileen jarduera sektoreko segmentatzea ere positiboa da, baina badirudi ez dela aintzat hartzen erakundeen arteko koordinazioa, alta, funtsezkoa da ikuskatzaileen kopurua optimizatzeko. Premiazkoa da ikuskatzaileen kopurua handitzea. Eusko Jaurlaritzak ikuskatzaileak eman behar ditu bere eskumenen arabera eta ikuskatzailetza lana estrategikoki zuzentzeko betebeharra du. Bigarrenik, ez da nahikoa plan honetatik ondorioztatzen den erakundeen konpromisoa. Dokumentuak Gobernu osoaren babesa izan behar luke, planaren testua itzuli ondoren, eta akordiorik egon ezean denbora galduko da Aldundiekin eta udalekin adostasuna lortzeko eta Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak egin beharreko ahalegina zehazteko. Hirugarrenik, planak aukera on bat galdu du OSALANen eginkizuna argitzeko. Azkenik, nabarmendu du lan baldintzak ez daudela integraturik laneko segurtasun eta osasunean, edozein motatako lan prekarietatea lanpostuetako segurtasun eta osasunarekin loturik daudela kontuan izanik.

Beste alde batetik, planak ez du betearazteko tresnarik jarduketa (edo fitxa) bakoitzean zein kudeaketari dagokion atalean. Kudeaketan sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak tarteko den beste edozein entitateren maila berean daude, eta hori gizarte elkarrizketaren printzipioen aurkakoa da. Adostutako plana ez denez, erraztasunak eman behar lirateke gizarte eragileek plana dinamizatzeko, OSALANeko Kontseilu Nagusirako aurreikusitako eginkizuna indartuz eta plana betearazteko motor bihurtuz.

3. Plana aurkezteko prozedura

OSALANeko Kontseilu Nagusia gizarte eragileen ordezkaritzarako leku naturala da, horrenbestez, plan honetako testua bertan aurkeztu behar zatekeen lehenbizi.

4. Azken gogoetak

Dagoen moduan, planak ez dauka behar bezalako ezaugarririk aplikatzeko moduko tresna izateko. Ez du zehazten eperik ez betearazteko hurrenkerarik gizarte akordio baten bitartez. Hitz batez, plana ez da autosufizientea eta ez dago funtzionatzeko prest.

Planaren motorra den erakundeak gizarte eragileekin kontatu behar du, eta egokiena OSALANeko Kontseilu Nagusia da, hortaz, haren eginkizuna indartu behar litzateke agiri honetan. Gizarte eragileek Administrazioa izan beharko lukete solaskide bakarra, eta ez zuzendaritza batzorde baten erabakiaren zain egon.

Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordea 2007ko maiatzaren 2an batzarturik, txosten teknikoa eta ekarpenen sintesia kontsulta jarduerarako onartutako prozeduran aztertu ondoren, hona hemen batzordekideen

AZKEN GOGOETAK

Lehenik eta behin, plan estrategiko honetan jasotako neurriei buruz eztabaidatzeko fororik egokiena ote den aztertu zen txosten batzordearen bileran. Hartara, batzuen aburuz, edozein foro, dagozkion eginkizunen arabera eta bere analisi ikuspegitik, egokia da eztabaidatzeko eta gai honen inguruko akordioak lortzeko, baita Lan Harremanen Kontseilua (LHK) eta Ekonomia eta Gizarte Kontseilua (EGK) ere (hori da LABek izendatutako batzordekidearen iritzia), eta beste batzuen ustez, berriz, LHKak kontsulta eginkizuna betetzeko eskumena duela ukatzen ez duten arren, lehenago laneko segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko akordio bat lortu behar dute ordezkaritza handieneko gizarte eragileek eta gobernuak, praktikan plana bideragarria izan dadin, hortaz, haien iritzian, gai honetaz eztabaidatzeko fororik egokiena OSALANeko Kontseilu Nagusia edo Gobernuak parte hartzen duen beste edozein litzateke (hori da Confebask, CCOO eta UGTko ordezkarien iritzia, eta atal honetako hurrengo paragrafoetan jasoko ditugu bakoitzaren ñabardurak).

Aurretiazko eztabaida honetan, Confebaskeko ordezkariak adierazi du bere iritzian LABeko ordezkariak gai honetan agertu duen jarrera inkongruentea dela, eta hala jasotzeko eskatu du, izan ere, LHKan negoziatzearen alde dago, eta foro honetan ezin da gauzatu horrelako akordiorik, gainera, plan estrategikoa aurkeztu baino lehen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gizarte eragileekin abiarazi zuen negoziazio prozesutik alde egin zuen haren erakundeak.

Era berean, aurretiazko eztabaidan LABeko ordezkariak adierazi du ez duela onartzen CONFEBASKEKek bere erakundeari leporatzen dion inkongruentzia, adierazpen horiek gezur hutsak direla, eta sakoneko eztabaida nahasteko eta ezbehar tasa handian ugazabek duten erantzukizun larria ezkutatzeko ahalegina baino ez dela. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Plan Estrategikoa taxutu baino lehen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak hasitako kontsultetan (izan ere, hura ez baitzen negoziazio prozesua izan) LABek parte hartu zuen, eta bere ekarpenak eta proposamenak egin zituen, batzuk orokorrak eta beste batzuk zehatzagoak, Administrazioarekin hitz egiteko egokien iruditu zitzaion formatuan, beraz ez da egia inongo prozesutik alde egin zuenik.

Ondoren, txosten batzordeko kide bakoitzak Laneko Segurtasun eta Osasunaren 2007-2010 Plan Estrategikoari buruz adierazi duen iritzia jasotzen dugu.

CCOOk izendatutako batzordekideak adierazi du bere erakundeak ez duela alegaziorik aurkeztu planaren eduki materialaren inguruan, haren iritzian, funtsaren aldetik, laneko segurtasun eta osasunaren plana OSALANeko Kontseilu Nagusian aztertu behar litzatekeelako lehenik. OSALANeko Kontseilu Nagusia laneko segurtasun eta osasunaren gaiari buruzko berariazko foroa izateaz gain, oinarrizko akordio bat behar da inplikatutako eragileen artean, honelako edozein planek arrakasta eta bideragarritasuna izan ditzan, eta kontu batzuetan Administrazioa bera tarteko izango denez gero, hiruko akordio baten eskema izango luke eta, beraz, hobeto aztertuko litzateke administrazio eskudunaren ordezkaritza duen organo batean.

Argitu nahi du haren jarrera lehentasun kontua dela, eta ez OSALANeko Kontseiluaren eta Lan Harremanen Kontseiluaren arteko gatazka, izan ere, bi erakunde hauek ez dira bateraezinak, alderantziz, betetzen dituzten eginkizunak eta eskumenak elkarren osagarriak dira. Horrenbestez, gai soziolaboraletarako kontsulta erakundea den aldetik, ez du eskatzen LHKaren partaidetzari uko egitea plan estrategiko hau onartzeko prozesuan, baina, haren iritzian, parte hartze hori, edozein kasutan ere, plana OSALANeko Kontseilu Nagusian aztertu ondoren gauzatuko litzateke.

Beste alde batetik, Confebaskek izendatutako batzordekideak adierazi du bere erakundeak ere ez duela alegazio partikularrik egin plan estrategikoaren edukiari buruz. Orokorrean bat dator CCOOk izendatutako batzordekideak adierazitakoarekin, honelako plan bat eraginkorra izateko akordio bat izan beharko litzatekeelako aldez aurretik laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioari buruz batik bat, eta hiruko akordio baten eskemari jarraituz, konpromiso batzuk jaso beharko lituzke administrazio publikoarekin berarekin. Halako akordiorik egon ezean edozein planek porrot egingo du edo oso eraginkortasun gutxiko tresna bihurtuko da errealitatean.

Hortaz, haren iritzian, planaren behin betiko edukia eta formulazioa gizarte eragileen eta Administrazioaren artean eztabaidatu behar litzateke OSALANeko Kontseilu Nagusian edo beste edozein negoziaziotan, garrantzitsuena ez baita foroa, bilatzen den helburua baizik. Nolanahi ere, argitu nahi du horrek ez duela esan nahi Lan Harremanen Kontseiluaren esku hartzea baztertu behar denik, aitzitik, kokapen egokia eman behar zaio, gai soziolaboralei buruzko berariazko kontsulta tramite moduan, gizarte eragileek eta Administrazioak planaren edukiari buruz eztabaidatu eta akordio posible bat lortu ondoren.

UGTk izendatutako batzordekideak adierazi du ados dagoela funtsean CCOOko eta Confebaskeko ordezkarien iritziarekin, beraz, aldez aurretik gizarte eragileen eta Administrazioaren arteko akordio bat lortu ezean planak porrot egingo duela uste du.

Bestalde, haren aburuz, OSALANeko Kontseilu Nagusiak izan behar luke plana betearazteko denborak eta lehentasunak finkatu behar lituzkeen erakunde motorra, bertan Administrazio Publikoa eta ordezkaritza handieneko gizarte eragileak daude, eta hauek haren solaskide bakarrak eta zuzenekoak izan behar dira, eta inola ere ez planaren zuzendaritza batzordeak erabakiko duenaren mendekoak.

Dena dela, haren erakundeak alegazio eta gogoeta partikularrak egin ditu plan estrategikoaren edukiari buruz, eta funtsean txosten honetako sintesi atalean islatu direnez jasotzat jotzen ditu. Izatekotan, ondorio nagusi gisa, errepikatu nahi izan du, teorikoki plan hau egokia izan den ala ez aparte utzita, errealitatean planak ez daukala behar bezalako ezaugarririk aplikatzeko moduko tresna izateko, ez duelako zehazten ez eperik ez aurreikusitako ekintzak betearazteko hurrenkerarik, eta ez da gizarte akordio batean oinarritzen, eta horrela inongo planek ezin du behar bezala funtzionatu. Horrelako tresna batek autosufizientea izan behar luke, eta txosten-gai dugun plan hau ez da hala, izan ere, jorratzen dituen alderdiei erreparatuta, bat ere ez dago “funtzionatzeko prest”.

Azkenik, LABek izendatutako batzordekideak adierazi du edozein foro egokia dela gizarte eragileek laneko segurtasunari eta osasunari buruzko iritzia agertzeko, gai honek horrenbesteko lehentasuna du eta. Hartara, eta irizpide horri jarraituz, haren erakundeak alegazioak eta balorazio partikularrak egin ditu txosten-gai dugun plan estrategikoaren oinarrizko alderdiei buruz duten iritzia bilduz. Iritzi horiek funtsean islaturik geratu dira LABen gogoeta espezifiko eta partikular gisa bere atalean eta jasotzat jotzen ditu. Dena dela, ikuspegi orokor batetik, berriro esan nahi du plan hau kontinuista, edukien aldetik eskasa, eta helburuen aldetik asmo handirik gabekoa dela, bestalde, aurreko planak bezala, honek ere ahaztu egin du ezbeharren arazoak arrazoi estrukturalak dituela, eta ez die heldu, adibidez, prekarietatea eta etekin ekonomikoa bultzatu eta lehenesten duen eredu ekonomikoari. Gainera, ez dago eskumenik lan arriskuen prebentzioko arauak betetzeari buruzko kontrola eta ikuskatzailetza arloetan, beraz, ziur aski ezbehar indizea ez da jaitsiko plan estrategiko hau indarrean deino, aurreko planarekin jaitsi ez ziren bezalaxe, baina ez da egiten aurreko horren emaitzei buruzko azterketarik edo ebaluaziorik ere.

Beraz, behar adinako gehiengorik ez dagoenez, Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordearen batzarra Laneko Segurtasun eta Osasunaren 2007-2010 Plan Estrategikoari buruzko baterako irizpenik gabe amaitu da.

Bilbon, bi mila eta zazpiko maiatzaren hamarrean