CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena honako dekretu proiektuari buruz: Enpresa eta lantokietan segurtasun eta osasun baldintzak egiaztatzeko, Osalan - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko pertsonal teknikoa gaitzeko eta antolatzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituen dekretua
 

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena honako dekretu proiektuari buruz: Enpresa eta lantokietan segurtasun eta osasun baldintzak egiaztatzeko, Osalan - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko pertsonal teknikoa gaitzeko eta antolatzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituen dekretua

Aurrekariak

2006ko maiatzaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak igorritako idazkia jaso da Lan Harremanen Kontseilu honetan, honek, bere eskumenen esparruan, dekretu proiektu hori aztertu eta horri buruzko irizpena eman dezan. Hona hemen dekretu proiektu hori: Enpresa eta lantokietan segurtasun eta osasun baldintzak egiaztatzeko, OSALAN - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko pertsonal teknikoa gaitzeko eta antolatzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituen dekretua.

Gogoeta orokorrak.

Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean (54/2003 legea) 2003. urtean egin zen aldaketa dugu dekretu proiektu honen urruneko aurrekaria. Aldaketa haren helburuetako bat lan jarduneko segurtasun eta osasun baldintzen gaineko zaintza eta kontrola areagotzea zen. Horretarako, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean xedapen zehatzak sartu ziren laneko arriskuen prebentzioan eginkizun teknikoak dituzten autonomia eremuko zein bestelako funtzionario eta erakunde jakin batzuen lankidetza antolatzeko laneko ikuskatzailetzarekin (Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen 9. artikulua, 2. eta 3. idatz zatiak). Legearen idazketa berriaren arabera, gaitutako teknikariek errekerimenduak egin liezazkiekete enpresei segurtasun eta osasun arloan eta, errekerimendu horiek bete ezean, horien berri jasotzen duten txostenak igor liezazkiokete laneko ikuskatzailetzara eta arau hauste aktetan egitate gisa jaso, horrela ikuskatzailetzak berak zuzenean egiaztatu dituen arau hausteek legeak aitortutako garrantzi eta froga balio bera izango lituzkete.

Xedapen hauen garapena eta zehaztapena, hau da, funtzionario horiek bete beharko lituzketen baldintzak eta burutu beharko luketen jarduera zehatza, geroago gauzatu ziren araudi xedapen bi hauek aldatu zituen Errege Dekretu beraren ondorioz (ekainaren 10eko 689/2005. 2005eko ekainaren 23ko BOE):

-Laneko ikuskatzailetzaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduak (otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretua), Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen 9.3. artikuluan aurreikusitakoa garatuz, orain berariaz definitzen du funtzionario tekniko horien jarduera eremu zehatza eta gutxieneko baldintzak finkatzen ditu agintaritzak funtzionario horiek gaitu ditzan.

-Lan arloko arau hausteengatik zehapenak ezartzeko prozedura arautzen duen erregelamendu orokorrak (928/1998 Errege Dekretua) arau hauste aktaren izaera eta edukia zehazten ditu gaitutako funtzionario tekniko batek jardun duen kasuetarako.

Aurrekari horien esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan eginkizun hori beteko duten funtzionarioak zeintzuk izango diren esatera eta legeak eskatzen duen homologazio prozedurarako baldintzak eta eskakizunak zehaztera mugatzen da txostenerako igorri den dekretu proiektua.

Dekretu proiektuaren edukia

Proiektuaren edukiak aztertzerakoan hiru eremu desberdin bereiz ditzakegu:

1- Lehenbizikoa, laneko ikuskatzailetzarekin laneko arriskuen prebentzioaren arloan lankidetzan aritzeko gaitutako autonomiako funtzionarioek bete beharreko eginkizunen eduki zehatza. Puntu honetan dekretu proiektuak laneko ikuskatzailetzaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduaren 63. artikulua errepikatu besterik ez du egiten, eta honek, berriz, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen 9.3. artikulua garatzen du.

a) Lokalen eta instalazioen ezaugarriak, hala nola lantokian dauden ekipamenduen, tresnen, produktuen edo substantzien ezaugarriak.

b) Lan giroan dauden agente fisiko, kimiko eta biologikoen izaera eta bakoitzaren intentsitatea, kontzentrazioa eta presentzia maila.

c) Lehen aipatutako agente horiek erabiltzerakoan langileen segurtasunerako edo osasunerako arriskuak sor ditzaketen prozedurak.

d) Babes kolektibo zein indibidualerako ekipamenduen ezaugarriak eta erabilera.

e) Mediku azterketak egitea eta azterketa horiek urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan onartutako Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 37.3.c artikuluak xedatutako osasuna zaintzeko protokolo sanitario zehatzetara egokitzea.

f) Lanpostuak ergonomiaren arloko eskakizunetara egokitzea.

Eginkizun horien barnean, dekretu proiektuak berriz adierazten du gaitutako funtzionario autonomikoek errekerimenduak egiteko ahalmena izango dutela zerrendako gaietan, eta gainerakoan 689/2005 Errege Dekretuari lotzen zaio oro har (txosten honetako aurreko atalean adierazi dugun bezala, arau honek egokitu ditu Estatuko araudi xedapenak Laneko Arriskuen Prebentziorako Legera) errekerimendu ahalmena erabiltzeko eran eta juridikoki izango dituen eragin eta ondorioetan. Horrenbestez, gaitutako funtzionario autonomikoek errekerimendua egin ahal (eta egin behar) diete enplegu emaileei segurtasun eta osasun arloko lan baldintza materialak bere manu eta aginduetara egoki ditzaten eta, horrez gainera, errekerimenduak bete ezean, txosten bat igorri behar dute laneko ikuskatzailetzara, eta honek egitate oinarri gisa erabiliko du txosten hori arau hauste akta egiteko.

2.- Bigarrena, berriz, laneko ikuskatzailetzaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduaren 60. artikuluaren arabera autonomiako agintaritzak bere burua antolatzeko dituen eskumenak erabilita, bere funtzionarioak gaitzeko aukeratu duen era da.

Gaikuntza erregimen horretako ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

2. 1.- Gaitutako funtzionarioak honako hauek bete behar ditu betiere:

a) Laneko ikuskatzailetzaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduak zehaztutako gutxienezko baldintzak (59. artikulua), izan ere, hitzez hitz jaso dira arau proiektu autonomikoan: A eta B taldeetako funtzionarioak izango dira eta 39/1997 Errege Dekretuak onartutako prebentzio zerbitzuen erregelamenduaren 37.2. artikuluak goi mailarako zehazten duenaren pareko prestakuntza, edo erregelamendu horrek (bosgarren xedapen gehigarria) edo erregelamendua garatzeko aginduak (1997ko ekainaren 27ko M.A.) zehazten duten prozeduraren bidez baliozkotutako prestakuntza izango dute laneko arriskuen prebentzioaren arloan.

b) Bere burua antolatzeko eskumena erabilita, autonomiako agintaritzak beste baldintza batzuk gehitu ditu dekretu proiektu honen bidez, honako hauek:

  • EAEko funtzionarioak izan behar dute eta OSALANera atxikiak.
  • Gaikuntza lortzeko berariaz antolatutako ikastaro bat gainditu behar dute (39/1997 E.D.an araututako ikastaroez beste bat, bistan da), hala ere, dekretu proiektuak ez du aipamenik ere egiten haren eduki zehatzari buruz.

2.2.- Arau proiektuak jorratzen dituen eskumenak funtzionario autonomikoei eratxikitzeko ez da lanpostu berririk sortuko eta, horrenbestez, ez dira LPZak aldatuko, aitzitik, (aldi baterako) araubide iragankor baten bidez esleituko zaizkie eginkizun horiek eta hori funtzionario batzuen homologazio formalean mamituko da, horrela funtzionario horiek lankidetzan arituko dira laneko ikuskatzailetzarekin.

2.3.- Bestalde, gaikuntza erregimen hori borondatezkoa da. Aurreko paragrafoetan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten interesdunen eskariz emango zaie gaikuntza OSALANeko zuzendari nagusiaren zuhurtziaren araberako ebazpen baten bidez.

2.4.- Gaikuntza aldi baterako da edozein kasutan ere (bi urterako ematen da eta interesdunaren eskariz beste urtebeterako luza daiteke urtez urte) eta kendu egin daiteke dekretu proiektuaren 9. artikuluan jasotzen diren arrazoiengatik, aldi baterako kentzea ere aurreikusita dago urraketaren larritasunaren arabera, eta larritasun horren zenbaterainokoa eskumena duen agintaritzak balioztatuko du bere kabuz.

2.5.- Gaikuntzarekin batera emango zaion kredentzialak ahalmena emango dio kasuan kasuko funtzionarioari bere eginkizuna betetzeko, eta ordainsari osagarriak jasotzeko eskubidea izango dute, hala ere, dekretu proiektuak ez du aipamenik ere egiten ordainsari horien kalifikazio juridikoari buruz (dena dela, ziur aski lanpostuari gabe errendimenduari lotutako osagarriren baten bitartez bideratu beharko dira) ez oinarrizko irizpideei buruz, halaber, lanaldi eta ordutegi malguak izango dituzte, egin beharreko lanaren ezaugarriek hala eskatzen dutelako, bestalde, bateraezintasun batzuk daude eta emandako eginkizunaren eduki zehatzarekin bat datorren abstentzio eta ezespen erregimenpean egongo dira.

3.- Hirugarrena gaitutako funtzionarioen mendekotasun funtzionalaren erregimena da.

Puntu honetan, antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduaren 64.1. artikuluak teknikari horien jarduketak laneko ikuskatzailetzaren lurraldeko batzordeak zehaztutako programen esparruan burutuko direla dioen arren, dekretu proiektuak xedatzen du gaitutako teknikari horien jarduketa OSALANeko zuzendari nagusiak "ordenatzen" duela lurraldeko batzordearekiko akordioen esparruan.

Ekarpenen sintesia

Maiatzaren 19an jaso ditu Lan Harremanen Kontseiluak txosten batzordeko kideek arau proiektu honi buruz egindako alegazio eta iritzi partikularrak.

Sindikatuen iritzia

ELAk eta LABek izendatutako kideek aurretiazko iritzi orokor batetik heldu diote txostenerako igorritako dekretu proiektuaren azterketari: laneko ikuskatzailetzaren eskuduntza oso-osorik transferitu behar da eta egungo esparruko mendekotasun bikoitza gainditu: funtzionalki administrazio autonomikoaren mendekoa da eta organikoki administrazio zentralaren mendekoa.

Ikuspegi horretatik, arriskuen prebentzioaren arloko arauak betetzearen gaineko zaintza eta kontrol eginkizunak eta araua bete ezean zehapena proposatzeko eginkizuna eraginkorki burutzeko behar beste bitarteko eta baliabide izango duen ikuskatzailetza propio bat aldarrikatzen dute, horrenbestez, ez dute onartzen dekretu proiektu honetan islatzen den mendeko eredua, alegia, transferitu gabeko ikuskatzailetza baten mendeko funtzionario kolaboratzaileengan oinarritutako eredua.

Edozein kasutan ere, dekretu proiektuari ezezko argia ematen dioten arren, biek adierazten dute gaikuntza sistema hau ezarriz gero, bitarteko materialak eta pertsonalak gehitu gabe, -izan ere, dekretutik ondorioztatzen da OSALANen ez dela lanpostu gehiago sortuko eta gaitutako funtzionarioei eginkizun gehiago emango zaizkiela- laneko segurtasun eta osasun maila handitzen eta hobetzen lagunduko ez duen ekimen antzua bihurtzeko arriskua dagoela. Ildo beretik, ohartarazten dute funtzionario horiei eginkizun gehiago emanez gero pertsonal horren lan baldintzek txarrera egin lezaketela, eta hori saihestu behar dela.

Bereziki dekretu proiektuaren 11. artikulutik ondoko esamoldea kentzeko eskatzen dute: "Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Lurraldeko Batzordearekiko akordioen esparruan".

UGTk izendatutako kideak adierazten du laneko ezbeharren arazoaren larritasuna dela eta, unean uneko baliabideekin jardun behar dela, gaikuntza sistema hau izan litekeen onena ez bada ere, eta laneko ikuskatzailetza osoki transferitzea bilatzeari utzi gabe, hala nola baliabide materialak eta giza baliabideak gehitzearen kalterik gabe, horregatik, zaintza eta kontrol lanetan kolaboratzeko, eta bai zehapen arloan ere, pertsonal teknikoa gaitzearen alde agertzen da.

Zenbait iritzi orokor eman ondoren eta dekretu proiektu hau bere lege aurrekarien esparruan eta antzeko edukia duten beste xedapen autonomiko batzuen testuinguruan kokatu ondoren, ondoko lau puntu hauek dira haren alegazioak dekretu proiektu honetan finkatzen den eredu zehatzari buruz:

-Lehenik eta behin, gaikuntza aldi baterako da (bi urterako, eta gaitutako funtzionarioaren eskariz beste urtebeterako luza daiteke urtez urte), eta haren iritzian dekretuan jasotzen den sistema hori funtzionario horiei ematen zaizkien eginkizunen eta gaitutako funtzionarioa agintari izatearen kalterako da.

-Bigarrenik, gaikuntza emateko sistemak, haren iritzian, ez luke zuhurtziaren araberakoa izan behar, ezpada araututakoa, hau da, merezimendu eta gaitasun irizpideen araberakoa, eta beste alde batetik, luzatzeko erregimenak, haren aburuz, automatikoa izan beharko luke, legearen kausaz gaikuntza kendu ezean, eta horrek arindu egingo lituzke gaikuntza aldi baterako izatearen ondoriozko arazoak.

-Hirugarrenik, gaikuntza berritzeko eta kentzeko sistema bat dago eta, izan ere, zehapen bat denez, arrazoi zerrenda zehatz bati lotu beharko litzaioke eta, gainera, edozein kasutan ere aurka egiteko aukera aitortu beharko litzaioke funtzionarioari. Alegazio hau amaitzeko, espresuki eskatzen du "itxiera klausula" kentzeko, gaur egungo dekretu proiektuaren idazketak gaikuntza arrazoirik gabe berritzeko aukera ematen du eta.

-Azkenik, dekretuak ezartzen duen lanaldi eta ordutegi erregimenaren inguruan uste du erregimen orokorrak ez duela malgua izan behar egonkorra baizik, zerbitzuaren premien arabera egin beharreko egokitzapenen kalterik gabe.

Beste alde batetik, CCOOk izendatutako kideak OSALANen giza baliabideak eta baliabide materialak handitzea guztiz premiazkoa dela adierazita ekin die bere alegazioei, hala ere, haren iritzian ikuskatzailetza lanek ez dute ekarriko berekin lan karga gehiegi handitzea. Nolanahi ere, oroitarazten du OSALANen zahartze arazo bat dagoela eta azkeneko urteetan ez dela lan eskaintza publikorik egon. Ohartarazten du laneko arriskuen prebentzioaren lege esparrua aldatzeko Madrilen lortutako akordioa dela dekretu proiektu honen aurrekaria, eta ikuskatzailetza lanak burutzeko giza baliabideen urritasunerako irtenbide gisa aurkeztu zela hain zuzen ere. Horrenbestez, haren iritzian aukeratutako eredua izan litekeen onena ez bada ere, gaikuntza sistema onartzearen alde agertzen da, baina uste du gai jakin batzuk aldatu beharko liratekeela Kontseilura txostenerako igorritako dekretu proiektuan:

-Lehenik eta behin, hasieran bi urterako aurreikusita dagoen eta gaitutako funtzionarioaren beraren eskariz berritu daitekeen gaikuntzak iraunkortasun handiagoa izan beharko luke eta, horretarako, luzapen automatikoko sistema bat ezar liteke bederen.

-Bigarrenik, aurreikusita dagoen moduan, gaikuntza sistemaren diskrezionalitatea gehiegizkoa da. Beraz, aldatu beharra dago eta haren ordez berme gehiago eskainiko dituen beste sistema arautuago bat ezarri beharra dago.

-Hirugarrenik, UGTk izendatutako kideak adierazitakoaren ildo beretik, haren aburuz ere, lanaldi eta ordutegi erregimen orokorrak ez du malgua izan behar egonkorra baizik, zerbitzuaren premien arabera egin beharreko egokitzapenen kalterik gabe.

Enpresaburuen iritzia

Confebaskek izendatutako txosten batzordeko kidearen iritzirako zeharo desegokia da dekretu honen onespena, Confebaskek gai honen inguruan duen jarrera orokorraren ildo beretik, izan ere, lurraldeko funtzionarioei ikuskatzaile eginkizunak ematearen aurka daude, zeren eta haien lana, funtsean, enpresari aholkuak eta laguntza teknikoa ematea eta enplegu emaileen eta enplegatuen arteko lankidetza bilatzea baita segurtasun maila handitzeko, horregatik, praktikan eginkizun horiek burutzea eta aldi berean ikuskatzaile lana egitea bateraezinak dira.

Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordea 2006ko ekainaren 8an batzartu zen dekretu proiektua aztertzeko.

Txosten batzordeko kideen artean behar adinako gehiengoan oinarritutako iritzi erkiderik ez dagoenez, Enpresa eta lantokietan segurtasun eta osasun baldintzak egiaztatzeko, OSALAN - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko pertsonal teknikoa gaitzeko eta antolatzeko prozedura eta baldintzak arautzen dituen dekretu proiektuari buruzko Lan Harremanen Kontseiluaren irizpenik gabe amaitu da bilera.

Bilbo, 2006ko ekainaren 8a.