|
LANERAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN 329/2003 DEKRETUA, ABENDUAREN 23KOA, ALDATZEKO DEKRETU PROIEKTUARI BURUZKO TXOSTENA
AURREKARIAK
Txosten eske helarazi zaigun dekretu proiektua Kontseiluari 2005eko apirilaren 14an helarazitako dekretu proiektuaren kopia da ia-ia, alta bada, honi buruzko txostena 2005eko maiatzaren 18an eman genuen.
DEKRETU PROIEKTU BERRIA
LEHENA.- Testu berri honetan, aurrekoarekin alderatuta inongo aldaketarik izan ez duen zatiari gagozkiola, (1., 2., 3. eta 6. artikuluak) Kontseiluak berriro adierazi nahi du aurreko txostenean esan zuena.
Halaber, Kontseiluak, dekretuaren testua hobetzeko 2005eko maiatzaren 18ko txostenak jasotako proposamenak berresten ditu, hartara:
“Lanpostuak berritzeko laguntzei dagokienez, berriz, zuzenago iritziko genioke, diruz lagunduko den egitatea, mugagabeko kontratuaren unera ekarriko balitz, gaur egun txanda kontratua lehenbizikoz egiten den unetik gauza baitaiteke, edo bestela txanda hartzen duenaren aldi baterako kontratua mugagabeko kontratu bihurtzen den unera.
Orobat, gure iritzian, 42. artikuluaren ondorioz gerta litekeen nahasmendua saihestu behar luke dekretuak, izan ere, egin beharreko lan kontratuaren iraupena 6 hilabetekoa izango dela finkatzen du diru laguntza jasotzeko eskubidea izateko, eta horrela honek bidea eman diezaieke bi aldeei kausarik gabeko aldi baterako lan kontratu mota berri bat sortu dela sinets dezaten. Haatik, jakina, itundutako kontratuaren iraupena, legearen arabera indarrean dagoen zeinahi motatakoa dela ere, gutxienez sei hilabetekoa izateari zuzen deritzogu diru laguntza jasotzeko baldintza gisa.”
BIGARRENA.- Europako araudiaren norainokoari buruzko “ñabardurak” egiten dituen beste artikulu bat (5.a) gehitu da, eta Kontseilua proposatutako testuaren kontra agertzen ez den arren, alferrikako gehigarria dela deritzogu hala ere, zeren eta Europako araudiak zuzen aplikatu beharrekoak baitira Estatu kide guztietan, hauen barne arauak esplizituki haiei lotzen zaizkien kontuan hartu gabe, eta araudiaren norainokoa Batasuneko arauak berak zehaztutakoa da (aplikazio eremu objektiboa eta subjektiboa), beraz, dekretu proiektuak dauzkan berariazko ñabardurek, 5. kapituluan jasotzen diren laguntzak ez aplikatzearen ingurukoek alegia, ez dute inondik inora aldatzen arau hierarkiaren printzipio orokorra.
HIRUGARRENA.- 4. artikuluan gehitu den aldaketari dagokionez, ordea, Kontseiluak berariazko iritzi zenbait agertu nahi du.
Pentsa liteke, dekretuak finkatutako laguntzak eskuratzeko baldintza gisa egiten den aipamena, “aldi baterako kontratazioaren” inguruan indarrean dauden legeei buruzkoa alegia, Kontseiluak 2005eko maiatzaren 18an aurreko proiektuari buruz emandako txostenean egin zuen iradokizunaren isla dela. Txosten horretan zehazten zenez:
“Laguntzak eskuratzeko eskakizunetan aldi baterako kontratazioan gehienezko tasa bat ezartzea (%24), gainera, 10 langile baino gutxiago duten enpresa txikiek baizik baldintza hau bete behar ez dutelarik, aldi baterako kontratazioaren fenomenoari aurre egiteko era desegokia eta eskasa da.
Gai honetan, araua legetasuna betetzea eskatzera mugatu beharko litzateke, eta horrenbestez ez luke objektiboki finkatutako tasa edo ehunekoei buruzko aipamenik jaso behar, izan ere, haien justifikazioa kontratuak legearen araberakoak izatearen menpe baizik ez dago.
Alternatiba gisa, eta emakume-gizonen arteko berdintasunari buruzko legean jasotako betebeharrak ez betetzeagatik laguntzak eskuratzeko mugak ezarri diren bezalaxe, Kontseiluaren iritzian, arauak laguntzak uka liezazkieke aldi baterako kontratazioaren inguruan legean aurreikusitakoa ez betetzeagatik zigorrak jaso dituzten enpresei”.
Hala ere, aldaketa hau egiterakoan aldi baterako kontratazioaren portzentajea %24 baino txikiagoa izateko eskakizunari eustea (10 langile baino gutxiagoko enpresetan soilik), eta dekretu proiektu berriak laguntza eskatzen duten enpresaburuek aldi baterako kontratazioari buruz indarrean dagoen araudia betetzen duten ala ez egiaztatzeko era ez zehaztea, nahasmenduak eta ziurgabetasun juridiko puntuak sortzeko bideak dira.
Edonola ere, Lan Harremanen Kontseiluak argi eta garbi adierazi nahi du aldaketa hau ez dela konforme inondik inora 2005eko maiatzaren 18ko txostenean egindako proposamenaren espirituarekin.
Azkenik, LABek izendatutako txosten batzordeko kideak adierazten du Kontseiluaren txostenaren inguruan lehen eman zuen boto erreserbatuari eusten diola, eta orain eransten du laguntzak eskuratzeko aldi baterako kontratazioaren inguruko lege arauak betetzea ez ezik ohiko araudia ere betetzea izan behar dela eskakizunetariko bat.
Bilbo, 2005eko irailaren 14a.

|