CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzen dituen Agindu Proiektuari buruz
 

Lan Harremanen Kontseiluaren txostena langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzen dituen Agindu Proiektuari buruz

Aurrekariak

2006ko maiatzaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak igorritako idazkia jaso da Lan Harremanen Kontseilu honetan, bertan langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzen dituen agindu proiektua helarazten du, eta testua Kontseiluan aztertzeko eskabidea egin du, honek, bere eskumenen esparruan, agindu horren gaineko irizpena eman dezan.

Gogoeta orokorrak

Langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzeko ekimen hau ez da oraintsukoa, izan ere, 6 urte du dagoeneko programa hau indarrean dela, zioen azalpenean jasotzen den bezala. Oraingo hau dugu, ordea, Lan Harremanen Kontseilura horrelako arau bat helarazi zaion lehenbiziko aldia, benetan duen garrantzia oker balioztatu delako, ezen Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak bultzatu eta kudeatutako xedapena den arren, testuan aurreikusitakoak enpresa guztiei aplikatzen baitzaizkie, kasuan kasuko eragina desberdina bada ere.

Horrenbestez, eta, esan bezala, programa honek zenbait urte indarrean daramatzan arren, Kontseiluan ez dago aurrekaririk eta ez da iritzirik eman horri buruz orain arte.

Nolanahi den ere, arau proiektu honen edukia eta xede berarekin hau baino lehen indarrean izan diren aginduak aldaraturik, ageri da deus gutxi aldatu dela testuan. Beharbada, lehenagoko arauaren aldean, hau da, 2005eko uztailaren 6ko aginduaren aldean, desberdintasun bakar bat nabarmen daiteke, alegia, gizarte ekonomiakoak ez diren enpresak gizarte ekonomiako entitate bilakatzea ez dela jadanik agertzen oraingo honetan diruz lagun daitezkeen ekintzen artean. 2005. urteko aginduak jasotzen zuen ekintza hori desagertu egin da oraingo honetan agindu proiektuko 2. artikuluko zerrendan jasotzen diren ekintzen artetik.

Aginduan jasotako laguntzen eduki materiala

Agindu proiektu honek zehazten dituen diru laguntzen xedea, zuzenean edo zeharka, enpresan langileen parte hartzea bultzatzea da.

Helburu horri ekiteko intentsitate maila, ordea, ez da berdina. Horregatik, hiru talde bereizi behar ditugu diruz lagun daitezkeen ekintzen artean.

a) Diagnostikoak egitea langileen parte hartze mailari buruz enpresa jakin batean. Horren osagarri, hala badagokio, besteren konturako langileek enpresan duten parte hartzea "hobetzeko" –arauak dioen bezala- plan zehatzak prestatu eta onartzeko ekintza jasotzen da.

b) Ikerketa, prestakuntza eta dibulgazio ekintzak burutzea enpresetan langileen parte hartzea bultzatzeko.

c) Zuzeneko laguntzak, eduki desberdinekin, enpresaren ezaugarrien arabera eta kasuan kasuko ekintzaren arabera, besteren konturako langileek kapital sozialeko akzioak edo partizipazioak harpidetu ditzaten edo gizarte ekonomiako entitateetan bazkide bihur daitezen.

Aplikazio eremua eta laguntzak nortzuek har ditzaketen

Gorago esan bezala, enpresa guztiak sartzen dira aginduaren aplikazio eremuan, baina askotan diruz laguntzen den ekintzaren norainokoa eta laguntzaren eduki zehatza definitzerakoan gizarte ekonomiako enpresak eta gainerakoak bereizten ditu aginduak, dena den, ez du gizarte ekonomiako entitatearen kontzeptua espresuki definitzen, izan ere, ahaztu bide du ez dela arauzko kontzeptua eta, beraz, ez duela adiera bakarreko eduki zehatzik ikuspegi juridikotik.

Halaber, eta argibide gehiagorik eman gabe, aginduak erakunde publiko eta pribatuak izendatzen dituenak jasotzen ditu laguntza batzuen hartzaile izan daitezkeenen artean.

Ekintza horien ezaugarri orokorrak adierazi ondoren, eta maiz korapilatsu samarra den teknika baten bidez, aginduak ekintza motaren arabera adierazten du laguntza horiek nortzuek har ditzaketen.

-A taldeko ekintzak (diagnostikoak, planak) burutu nahi dituen edozein enpresari laguntza aitortzen zaio eta laguntza horren norainokoa berbera da, baldin eta ezaugarri jakin batzuk (proiektuaren 4. artikuluan zehaztutakoak) dituzten aholkularitza sozietateen bidez egiten badute, edo diagnostiko horretan oinarriturik parte hartze maila hobetzeko plan bat abiarazten badute. Puntu honetan, aginduak diagnostiko horren gutxienezko edukia zehazteko baino ez ditu bereizten gizarte ekonomiako enpresak eta gizarte ekonomiakoak ez direnak. Edozein kasutan ere, laguntza horien zenbatekoak honako hauek dira:

  • Diagnostikoa egiteko: diru laguntzaren zenbatekoa kostu garbiaren %75ekoa izango da (Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldez aurretik onartutakoa) eta gehienaz ere 12.000 eurokoa.
  • Plana abiarazteko: diru laguntzaren zenbatekoa kostu garbiaren %50ekoa izango da, era berean Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldez aurretik onartutakoa, eta gehienaz ere 30.000 eurokoa.

-B taldeko ekintzak (ikerketa, prestakuntza, dibulgazioa) burutzeko laguntza erakunde publikoek zein pribatuek jaso dezakete, besterik zehaztu gabe. Horrelakoetan, laguntza honako hau da:

  • Kasuan kasuko ekintzaren kostu garbiaren %75ekoa izango da (Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldez aurretik onartutakoa) eta gehienaz ere 30.000 eurokoa.

-C taldeko ekintzen tipologia konplexuagoa da, eta gizarte ekonomiako enpresen eta gizarte ekonomiakoak ez direnen arteko bereizkuntzaren eragina handiagoa da.

Enpresa arruntak: akzioak edo partizipazio sozialak eskuratzeko diru laguntza bakarrik emango zaie baldin eta kontratu mugagabea duten hiru langiletik batek gutxienez eskuratzen badituzte akzio edo partizipazio sozial horiek eta gutxienez kapital sozialaren %10 harpidetzen badute. Baldintza horiek betez gero, laguntzaren edukiaren eragina bikoitza da:

a) Batetik, langile bakoitzari emandako diru laguntza harpidetutako akzioen edo partizipazioen balioaren %50ekoa izango da, eta gehienaz ere 1.500 eurokoa, eta

b) Bestetik, enpresari emandako diru laguntza sozietatearen eragiketa formalizatzeko kostu garbien %50ekoa izango da –Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak onartu ondoren, nolanahi ere-, eta gehienaz ere 12.000 eurokoa.

Gizarte ekonomiako enpresak: diru laguntza ematen da gizarte ekonomiako enpresetan mugagabeko kontratua eta gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten besteren konturako langileak beren entitateko bazkide bihurtzeko. Horrelakoetan, langileak erositako partizipazioaren zenbatekoaren bestekoa izango da laguntza, eta gehienaz ere 1.500 eurokoa. Puntu honetan, beraz, aurrekoan ez bezala, ez da beste baldintzarik eskatzen langile kopuruaren eta eragiketaren zenbatekoaren inguruan.

Gizarte ekonomiako enpresentzat bakarrik zehaztutako kasu berezia. Agindu proiektu honetako zioen azalpenean kasu hau nabarmentzen da arau honetako berritasunen artean. Baina aurreikuspen hau bazegoen iaz onartutako arauan ere (2005eko uztailaren 6ko agindua).

Arauak behar bezain argi adierazten ez duen arren, honako kasu hau erregulatzen du: besteren konturako langilea enplegu emailea den entitatearen lege subrogazio baten bidez sartzen bada gizarte ekonomiako entitatera, enpresa horri administrazioko emakida edo kontrata bat esleitzearen ondorioz, orduan bazkide bihurtuko den langileak mugagabeko kontratua eta antzinatasun jakin bat (urtebete) edukitzeko eskakizuna kentzen da.

Agindu proiektuan jasotako beste xedapen batzuk

Gainerako artikuluetan aginduak diru laguntzei buruzko arauen ohiko egitura du, hau da, zehaztu egiten ditu laguntzak eskuratzeko eskatutako baldintzak, ezartzen ditu diru laguntza horien onuradunek dituzten betebeharrak eta finkatu egiten ditu laguntza horien eta antzeko edukia duten beste laguntza batzuen arteko bateragarritasun erregimena, tramitaziorako aplikatuko den prozedura, ebazteko eskumena duen organoa, helegiteen araubidea, ordainbidea eta arauan zehaztutako manuak ez betetzearen ondorioak eta erantzukizunak.

Alderdi hauetan guztietan ere agindu proiektu honek, esan bezala, bere aurrekari zuzena duen 2005eko uztailaren 6ko aginduaren edukia errepikatzen du.

EKARPENEN SINTESIA

Maiatzaren 19an jaso ditu Lan Harremanen Kontseiluak txosten batzordeko kideek agindu proiektu honi buruz egindako alegazio partikularrak.

Sindikatuen iritzia

LABek izendatutako batzordekidearen iritzian agindu proiektuaren helburua ez da benetan langileen parte hartzea bultzatzea enpresa antolaketa aldatzeko prozesuetan, aldaketa horiek zeinahi direla ere, hots, ekoizpenaren, sozietatearen nahiz status juridikoaren ingurukoak; aitzitik, enpresaren lehiakortasuna handitzea du helburu, tankera neoliberaleko kudeaketa sistema aurreratu baten barruan. Batzordekide honek ordezkatzen duen antolakundeak ez du onartzen, beraz, agindu honek defendatzen duen parte hartze eredua, diru funts publikoez langileek akzio batzuk erostea bultzatzen duen eredua, alegia, eta aldaketa prozesu horietan sindikatuen parte hartzea ziurtatuz lan harremanak gehiago demokratizatzearen alde agertzen da.

Horrenbestez, agindu proiektu honen kontrako iritzia agertzen du eta espresuki arbuiatzen du diru funts publikoak desbideratzea EAEko langile gehienen interesetatik eta lehentasunetatik urrun dauden ekimenak finantzatzeko.

Beste alde batetik, UGTk izendatutako kideak adierazten du orokorrean onartu egiten duela agindu proiektu hau, izan ere, funtsean antzeko edukia duten lehenagoko xedapenen edukia errepikatu egiten baitu, baina aldaketaren bat egitea proposatzen du.

Zehazki, 6.6 artikuluko 2. paragrafotik (ikerketa, prestakuntza eta dibulgazio jardueretarako diru laguntza emateko irizpideei buruzkoa) "entitatearen edo erakundearen kualifikazioa eta ospe profesionalaren" irizpidea kentzeko eskatzen du, izan ere, ez deritzo oso irizpide objektibo eta ataka bat ireki liezaieke erabaki arbitrarioei eta, gainera, ez da oinarritzen diru laguntza eskatzen duen entitateak aurkeztutako proiektuaren edukian, faktore subjektiboetan baizik. Hartara, horren ordez, aurkeztutako proiektuan langileentzat aurreikusten den benetako parte hartze mailan oinarritutako beste irizpide bat sartzeko eskatzen du.

Bigarrenik, diru laguntza eskuratzeko baldintza orokorren artean (7. artikulua) beste baldintza bat jasotzeko eskatzen du, hau da, (behar bezain luzea izango den) lehenagoko aldi jakin batean enpresak zehapenik ez izatea arau hauste larri edo oso larriengatik langileen eskubideak urratzen dituzten jokabideak direla kausa, bereziki, laneko arriskuen prebentzioaren arloan, 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako arau hauste eta zehapenen testu bateginean tipifikaturik dagoen bezala.

Enpresaburuen iritzia

Confebaskek izendatutako txosten batzordeko kidearen aburuz, 6 urteko indarraldia izan duen programa denez eta agindu proiektu honek programaren oinarrizko ildoei jarraitzen dienez, lortutako emaitzak aztertu beharko lirateke, programa iraunarazteari buruzko ganorazko iritzirik eman baino lehen.

Beste alde batetik, haren ustez gizarte ekonomiako enpresak eta besteak bereizteak ez du ez funtsik ez justifikazio objektiborik.

2006KO MAIATZAREN 24AN BATZARTURIK, LAN HARREMANEN KONTSEILUKO TXOSTEN BATZORDEAK HONAKO GOGOETA HAUEK EGIN DITU:

Lehenik eta behin, adierazten du ez duela izan ez informaziorik ez datu zehatzik ekimen honek izan duen benetako eraginaren inguruan indarrean izan den 6 urteetan, beraz, begien bistakoa da nekez azter ditzakeela emaitzak eta nekez eman dezakeela ganorazko iritzirik ekimen hau aldatu behar den edo bere horretan iraunaraztea komeni den erabakitzeko.

Bilera honetan ELAk eta LABek izendatutako kideek argi adierazi dute agindu proiektu honetan erabiltzen den parte hartze eredua ez datorrela bat beren erakundeek defendatzen dutenarekin, horregatik, langileek enpresa baten kapitaleko partizipazioak edo akzioak erostea finantzatzeko diru funts publikoak erabiltzearen kontra agertzen dira.

CCOOk adierazten du beharrezkoa zela dekretu hau indarrean izan den 6 urteetan izan duen eraginari buruzko informazioa, baina informazio hori gabe ere, itxura guztien arabera, dekretu honen jomuga bakarra gizarte ekonomia da. Dena dela, haren iritzian, gizarte ekonomiakoak ez diren enpresek horrelako laguntzak eskuratu ahal izateko komenigarria litzateke langileen legezko ordezkarien txosten bat eskatzea.

Beste alde batetik, eta haren iritzian, arauaren aurreikuspenetan enpresa arruntetako besteren konturako langileak zergatik jasotzen diren behar bezala azaltzen ez duen arren, UGTk izendatutako kideak adierazi zuen ez dagoela agindu proiektuan zehazten den sistemaren bidez langileen parte hartzea bultzatzeko ekimenaren aurka.

Azkenik, Confebaskek izendatutako kideak, informazio eza gorabehera eta agindu proiektuak gizarte ekonomiako enpresen eta gainerakoen tratuan egiten duen bereizketaren arrazoia zehazki azaltzen ez duen arren, esaten du ontzat eman behar dela langileak enpresaren kapital sozialean sartzeko bidea zabaltzen duen ekimen hau.

Txosten batzordeko kideen artean behar adinako gehiengoan oinarritutako iritzi erkiderik ez dagoenez, langileek enpresetan parte hartzeko laguntzak ezartzen dituen agindu proiektuari buruzko Lan Harremanen Kontseiluaren irizpenik gabe amaitu da bilera.

Bilbo, 2006ko ekainaren 8a