CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko 2006 urterako lan jaien egutegi ofiziala onartzeko den dekretu proiektua
 

TXOSTENA, EUSKO JAURLARITZAKO JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILAK EGINDAKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2006 URTERAKO LAN JAIEN EGUTEGI OFIZIALA ONARTZEKO DEN DEKRETU PROIEKTUARI BURUZ

2005eko maiatzaren 26an Lan Harremanen Kontseilu honen egoitzara Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko 2006 urterako lan jaien egutegi ofiziala onartzeko den dekretu proiektua heldu zen.

Aipaturiko testua esandako Sailaren Azterlanen eta Araubide Juridikoko Zuzendaritzak Lan Harremanen Kontseilu honetara bidalia zen, Kontseilua arautzeko Legearen, hau da, Eusko Legebiltzarraren 11/1997 Legearen 2.1 artikuluan xedatutakoa beteaz, derrigorrezko txostena egin zedin.

Testua, lehendabizi, Kontseiluaren zerbitzu teknikoek aztertu zuten, eztabaida indarrean dagoen legediaren ikuspuntutik kokatu ahal izateko, horrela LHKren Txosten Batzordeko kideek txostenaren gaia den arau proiektuaren gaineko euren balorazioak egin eta komenigarri irizten zieten proposamenak egin ahal izan zitzaten.

Horretarako, 2005eko ekainaren 9an Txosten Batzordeak dagokion bilera egin zuen Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan.

Dekretu proiektuak, martxoaren 19ko San Jose eta uztailaren 25eko Santiago Apostolua jaien artean, azken honen alde egin du. Urtarrilaren 1eko urte berri eguneko jaia igandean gertatzen denez, lege aginduz astelehenera igarotzen da eta haren ordez Pizkundeko Pazko asteleheneko apirilaren 17koa ezarri da. Txostenaren gaia den egutegi proposamenean, EAEn eskumena duen organoak, aurretiaz ezarrita dagoen arau marko batek eskaintzen dituen aukera desberdinen artean aukera horietako bat hautatu du. Lege marko honek autonomia erkidegoei aukera ematen die San Jose zein Santiago Apostoluaren jaien artean bat hautatzeko eta ondorengo jaiak autonomiaren eremuko jaiez ordezteko: a) 2001/1983 Erret Dekretuaren 45 1 d) artikuluan aipatzen diren jaiak (Ostegun Santua, urtarrilaren 6ko Jaunaren Epifania, eta martxoaren 19a zein uztailaren 25a); eta b) astelehenera eramaten diren Estatuaren eremuko jaiak, astelehenera eramatea lege aginduz nahiz Estatuaren Gobernuak bere eskumenak erabiliz erabakita gertatu delarik ere.

EAEko 2006rako lan egutegia ikusirik, ConfeBaskek, CCOOk eta UGTk hautatutako Txosten Batzordeko kideek espresuki adierazi dute ados daudela egutegi horrekin.

Beste alde batetik, ELAk eta LABek hautatutako Batzordeko kideek bat datoz esatean, ohiko legezkotasun kontuak alde batera utzita, EAEko egutegiak ez lituzkeela jaitzat hartu beharko Euskal Herriaren errealitateak bereak ez dituen eta, ospatuz gero,normalizazio politikoa lortzeko oztopoa dakarten jaiak. Zehazkiago, urriaren 12ko Espainiako Jai Nazionala eta abenduaren 6ko espainiar Konstituzioaren eguna jaitzat hartzearen kontra daude. ELAk hautatutako kideak, gainera, uztailaren 25eko Santiago Apostoluaren eguna ere jaitzat hartzearen kontra dago. Eta Euskal Herriaren kultur errealitate eta gurariekin bat datozen beste ospakizun eta jai egun batzuk ezar daitezen proposatzen dute.

Aldatzeko proposamenetan akordiorik ez zegoenez gero, Txosten Batzordearen bilera LHKren kide guztien irizpenik onartu gabe amaitu zen.

Bilbon, 2005eko ekainaren 9an