CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Dekretu proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2005 urterako lan jaien egutegia onartzeko dena
 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN 2005 URTEKO LAN JAIEN EGUTEGI OFIZIALA ONARTZEKO EUSKO JAURLARITZAREN JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILAK EGIN DUEN DEKRETU PROIEKTUARI BURUZKO TXOSTENA

Lan Harremanen Kontseilu honen egoitzan 2004ko maiatzaren 17an Euskal Autonomia Erkidegoaren 2005 urteko lan jaien egutegi ofiziala onartzeko Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egin duen dekretu proiektua hartu zen.

Testu hori, aipatutako sailaren Azterlan eta Araubide Juridikoko Zuzendaritzak bidali zuen Lan Harremanen Kontseilu honetara, honek beharrezkoa den txostena eman zezan, arautzeko Legearen, hau da, Eusko Legebiltzarraren 11/1997 Legearen 2.1 artikuluak ezarritakoa betetzeko.

Testua lehendabizi Kontseiluaren zerbitzu teknikoek aztertu zuten, eztabaida indarrean dagoen legediaren ikuspegitik ondo kokatzeko helburua betetzeko eta LHKren Txosten Batzordeko kideek, txostenaren gaia den arau proiektuari buruzko euren balorazioak egin ahal izan zitzaten eta egoki irizten dieten proposamenak ere egin zitzaten.

Horretarako, Txosten Batzordeak berariazko bilera izan zuen Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan 2004ko maiatzaren 26an, izan ere.

Dekretu Proiektuak 2005eko uztailaren 25a EAEren eremurako ezin berreskuratuzko jai eguntzat ematen du eta abenduaren 25eko jaia, igandean suertatu denez lege aginduz astelehenera eramaten dena, martxoaren 28ko Pizkunde Pazko astelehenaren bidez ordezten du. Txostenaren gaia den egutegi proposamenean EAEn horretarako eskumena duen organoak posibilitate jakina hautatu du, aurretiaz ezarritako araudizko markoak aukeran ematen dituenen artean. Lege marko honek, bidea ematen du ondorengo jaiak autonomia erkidegoen eremuko jaiez ordezteko, hots: a) 2001/1983 Erret Dekretuaren 45.1 d artikuluan aipatzen diren jaiak, hau da, Ostegun Santua, urtarrilaren 6ko Jaunaren Epifania eta martxoaren 19a zein uztailaren 25a; eta b) astelehenera eramaten diren Estatuaren eremuko jaiak, bai astelehenera eramate hori lege aginduz gertatzen denean, bai Estatuaren Gobernuak bere eskumenak erabiliz eramaten dituenean.

EAEko 2005 urterako lan egutegia ikusirik, CCOOk eta UGTk aukeratutako Txosten Batzordeko kideek espresuki adierazi dute ados daudela egutegi horrekin; ConfeBaskek aukeratutako kideek, berriz, proposatzen dute Eusko Jaurlaritzak, aipatu den lege markoak ematen dituen aukerak erabiliz, martxoaren 19a jai eguntzat eman dezala, horretarako, igandean suertatzen den maiatzaren 1a astelehenera eramatearen ondorioz dagoen maiatzaren 2ko atseden eguna erabiliz.

Azkenik, ELAk eta LABek aukeratutako Batzordeko kideak bat datoz elkarrekin adieraztean, legedi arruntari dagozkion kontuak alde batera utzirik, EAEko egutegiak ez lituzkeela jaitzat eman behar Euskal Herriaren errealitateari arrotz zaizkion jaiak, jai hauek ospatzeak politikazko normalkuntzarako oztopoak eragiten dituelarik. Zehazkiago adierazita, urriaren 12ko Espainiako jai nazionala eta Espainiako Konstituzioaren eguna den abenduaren 6a jaitzat ematearen kontra daude eta proposatzen dute Euskal Herriaren kultur errealitatearekin eta politikazko gurariekin bat datozen jai egunak eta ospakizun motiboak ezartzea.

Egin beharreko aldaketei buruzko proposamenetan adostasunik ez zegoenez gero, Txosten Batzordea LHKren baterako irizpenik gabe amaitu zen.

Bilbon, 2004ko maiatzaren 26an