|
LAN HARREMANEN KONTSEILUKO TXOSTEN BATZORDEAK EMATEN DUEN TXOSTENA, SINDIKATUEK ETA ENPRESARIEN ELKARTEEK PRESTAKUNTZA PLANAK GARA DITZATEN, EMATEN ZAIZKIEN DIRU LAGUNTZAK ERREGULATZEARI BURUZKO DEKRETU PROIEKTUARI DAGOKIONA
AURREKARIAK.
Lan Harremanen Kontseiluaren txosten batzordeak, 2003ko ekainaren 18an batzarturik, eta bere kide guztiak bertan zirelarik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko azterlanen eta araubide juridikoaren zuzendaritzak helarazi zion dekretu proiektua aztertu zuen, prestakuntza planak gara ditzaten, sindikatuei eta enpresarien elkarteei ematen zaizkien diru laguntzak emateari buruzkoa.
DEKRETUAREN PROIEKTUAREN EDUKIARI BURUZKO FUNTSEZKO GOGOETAK.
1.- Guztien alegazioak
Orokorrean, txosten batzordeko kideek, 2003. urteko prestakuntza planetarako diru laguntzetara zuzenduta zeuden kantitateak –proiektuaren xedapen iragankorrean jasotzen direnak- handitu egin beharko liratekeelako aburua daukate.
Ildo honetatik, nabarmentzekoa da, alde batetik, aipatutako kantitate hauek izoztuta daudela urte batzuetan eta, beste alde batetik, proiektuaren 2. artikuluan diru laguntza hauen hartzaileei buruz egiten den definizio berriak, sindikatuei dagokienez behinik behin, izan litezkeen onuradunen kopuruan hazkundea dakarrela.
Bigarrenez, batzordeko kideek adierazi nahi dute ezen planen kalitatea ebaluatzeko arau proiektuan finkatzen den sistemak arazoak ekar ditzakeela bere inplementazioan. Orokorrean, positiboki baloratzen da prestakuntza plan bakoitzaren barnean diratekeen ekintza zehatzen hautapenaren ardura antolakunde bakoitzari eman izana berauen lehentasunen arabera. Guztiarekin ere, kalitatearen estandar bat ezartzeak, diru laguntza eskuratu ahal izateko ezinbesteko baldintza gisa ulertuta (6. artikulua, "in fine"), edo antolakunde horietariko bakoitzari beren ordezkaritzaren arabera egokitu lekiekeen kopurua gutxitzeko elementu bezala ulertuta (6.2 b artikulua) ziurgabetasun elementu bat dakar berekin, proiektuaren 6. artikuluan aipatutako diru laguntza hauek banatzeko erabiltzen diren irizpideei buruzko definizio generikoegia ikusirik.
2.- Alegazio zehatzak
2.1. Sindikatuenak.
Espezifikoki, sindikatuetako partaide diren txosten batzordeko kideek beren adostasuna adierazi egiten dute dekretuaren proiektuaren xedapen iragankorrean 2003. urterako jasotzen den diru laguntzen egitarauak diru laguntza guztien banaketa lehenagoko agindu batzuetan egin den era berdintsuan egitearekin, esan nahi baita, %40 enpresarien elkarteentzat zuzenduta eta gainerako %60 sindikatuentzat.
Hala eta guztiz ere, eta prestakuntzarako laguntza egitarauen oinarrizko alderdiak erregulatzeko jite orokorreko dekretu bat onartzea aukeratu den heinean, haien iritzian komenigarria litzateke irizpide hau dekretuan behin betiko jasotzea, eta ez uztea aukerak zabalik ondorengo urteetako aginduek aldatu ahal dezaten atzemandako beharrizanen arabera, proiektuaren 6.1 artikuluak xedatzen duen bezala. Hien aburuz, orain arte enpresarien elkarteentzat eta sindikatuentzat portzentaje berdinak (guztizkoaren %40 eta %60 hurrenez hurren) zuzendu izanak sistema hau finkatzeko egokitasunaren aldeko datua da neurri handi batean.
Unean uneko beste alderdi batzuei dagokienez, proposatzen da:
a) 7. artikuluaren 2.A atalaren a.4 azpiatalean, jaso dadila emandako kanpoko ikastorduko 55 euroko tarifarekin batera, irakasleen edo txostengileen joan-etorriengatik eta otordu ordainengatik dagokiekeena.
b) Presentziarik gabeko prestakuntza ekintzetarako gehienezko diru laguntza alda dadila, eta 3 b) artikuluan jasotzen den %35ren ordez %40 izan dadila prestakuntza planek malgutasun handiagoa izan dezaten.
c) 6. artikuluaren 2. atalaren b) azpiatalean 5. eta 9. lerroetan, okerrez hain segur, erabiltzen den "paragrafo" hitzaren ordez "atal" hitza erabil dadila, zuzenagotzat jotzen da eta.
2.2.- ConfeBask enpresarien konfederakundearenak.
Bere aurkakotasuna agertzen dio sindikatuetako kideek adierazi duten nahikariari dekretuak diru laguntzen banaketaren portzentajeak finka ditzan, hau da, gerora aldatzeko aukerarik utzi gabe, %60 sindikatuentzat eta %40 enpresarien elkarteentzat izan dadila. Confebasken iritzian, dekretuan portzentajeak ezartzeko aukera egingo balitz, sindikatuen eta enpresarien elkarteen artean banaketa erabateko parekotasunean egin behar litzateke, %50 alde bakoitzarentzat, alegia. Guztiarekin ere, 2003. urteari dagokionez, ez dute zalantzan jartzen sindikatuentzat %60 eta enpresarien elkarteentzat %40 emateko erabakia.
Beste alde batetik, adierazi nahi du, orokorrean, prestakuntza ekintzetarako dekretu proiektuan ezartzen diren baremoak ez datozela bat Confebasken prestakuntza beharrizanen errealitatearekin.
Bilbo, 2003ko ekainaren 30a

|