CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Dekretu Proiektua, Euskal Enpleguaren Kontseiluaren eta lurraldeko Enplegu kontseiluen sorrera, arautze eta jarduerari buruzkoa
 

1. SARRERA

2004ko apirilaren 15ean Lan Harremanen Kontseiluan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren idazki bat sartu zen. Idazki horren bidez, Euskal Enpleguaren Kontseiluaren eta lurraldeko Enplegu kontseiluen sorrera, arautze eta jarduerari buruzko Agindu Proiektua bidaltzen zen, ekainaren 27ko Lan Harremanen Kontseiluari buruzko 11/1997 Legearen 3.1 b artikulua aplikatuz, txostena egin zedin.

Gobernu Kontseiluak 2003ko uztailaren 22an onetsi zuen 2003-2006 tarterako Erakundeen arteko Enplegu Planean Enpleguaren Euskal Kontseilua sortuko zela iragartzen zen eta Dekretu Proiektu honetan iragarpen hori garatu egiten da. Planak berak honela definitzen zuenez, Planari dagozkion gaietako kontsultarako organo eragilea da eta Euskal Jaurlaritzaren, erakunde ekintzaileen eta gizarte ekintzaileen arteko elkargunea da. Kontseilu hau maila bitan egituratzea proposatzen zen, hau da, Enpleguaren Euskal Kontseilua eta lurraldeko Enplegu kontseiluak.

Dekretu proiektu honetan Enpleguaren Euskal Kontseilua eta lurraldeko Enplegu kontseiluak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren mendean jartzen dira eta bai euren osaera eta bai euren jarduera ezartzen dira, euren kideen eskumenak arautzen dira eta euren funtzioak zehazten.

2. AURREKARIAK

Enpleguaren Euskal Kontseilua sortuko zela lehendabiziko aldiz 2000-2003 Erakundeen arteko Enplegu Planean iragarri zen, EAEren enplegu politika aktiboen gaietarako organo aholku emailetzat eta aipatutako Planean koordinatzen ziren erakundeen eta ekonomia eta gizarte eragileen arteko elkargunetzat jotzen zelarik.

Enpleguaren Euskal Kontseilua sortzeaz 2000-2003 Planak iragartzen zuena gauzatzen zuen Dekretu Proiektua, dagokion kontsulta egiteko LHKra bidalirik, LHKk eman zuen txostenak gogoeta bi zeuzkan, besteak beste, LHKn ordezkaririk daukaten erakunde guztien desadostasuna erakusten zutena. Haietako bat osaerari buruzkoa zen, osaera ez baitzen hiru kidekoa, ezta paritarioa ere. Eta bestea kontseilu horri ematen zitzaizkion funtzioei buruzkoa zen, aholkua emate hutsezko funtzioak baitziren, enplegu politika aktiboak zuzentzen eta kudeatzeko gaitasuna duen organo batek eduki zitzakeen funtzioetatik oso urrun zeudenak eurak.

Abenduaren 5eko 258/2000 Dekretuak Planaren planteamenduari jarraitzen zion, LHKren ordezkarien iritzietan adierazten ziren osaerari eta funtzioei buruzko nahiak bere baitan hartzen ez zituelarik.

Hurrengo urtean Enpleguaren Euskal Kontseiluari buruzko maiatzaren 2ko 75/2001 Dekretua argitaratu zen, dagokion Dekretu Proiektua LHKra kontsulta tramitea betetzeko bidali gabe, argitaratu ere.

Dekretu honek aurrekoa indargabetzen zuen eta bere Zioen Azalpenean adierazten zuenez, 2000-2003 Erakundeen arteko Enplegu Plana sinatu zutenek aho batez erabakia zuten Enpleguaren Euskal Kontseiluaren osaera eta funtzioei idazketa berria ematea, enplegu politika aktiboen gaietako hiru kideko organo aholku emailea zela azpimarratzearren. Jarraian adierazten zenez, arautze berri honen bidez, sektoreko kontsulta organoek eta bereziki Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluak egindako proposamena, hau da, gizarte ekintzaileen eta erakundeen ordezkarien hiru kideko osaera paritarioa eduki zezan, gauzatu egiten zela.

Baina, Dekretu honek, aurrekoaren aldean, funtsezko aldaketa ekarri bazuen ere, kide kopuru bera zuten hiru alderdi ezartzen baitzituen (erakundeen hamar kide, sindikatu erakundeen hamar kide eta enpresari erakundeen hamar kide, alegia). Hala ere, LHKren enpresarien ordezkaritzak eragozpenak ipiniak zituen zenbait ordezkari kontuan hartzen zituen. Hain zuzen ere, aipatutako organoaren kidetzat erakundeei emandako kideen artean Merkataritza Ganbaren Konfederazioaren ordezkari bat agertzen zen eta enpresarien alderdiari emandako kideen artean Ekonomia Sozialeko Enpresen ordezkari bi zeuden.

Funtzioei dagokienez, Dekretuak ez zuen ekarri funtsezko aldaketarik, aurreko dekretuan aurreikusten zirenetako bat kentzen zela ez bada. Gai honetan ere, beraz, LHKko ordezkaritzek adieraziak zituzten uziak ez ziren betetzen.

Egoera honen ondorioz, beranduago 2003-2006 Erakundeen arteko Enplegu Planean aitortzen zenez, Kontseilu horrek ez zuen lortu behin ere biltzea, bertan parte hartu behar zuen ekintzaileei buruzko desadostasunak zirela eta.

Horrekin batera, Proiektuak adierazten zuen Enpleguaren Euskal Kontseilua berreskuratzea ezin bestekoa zela, kontseilu horrek, Planari dagozkion gaietarako kontsulta organo eragilea eta Eusko Jaurlaritzaren, erakunde ekintzaileen eta gizarte ekintzaileen arteko elkargunea izan behar zuelarik; Kontseilu hau bi mailatan egituratzea proposatzen zen, Enpleguaren Euskal Kontseilua eta lurraldeko Enplegu kontseiluak sortuz.

Horretarako, Enpleguaren Euskal Kontseiluari hiru kideko osaera paritarioa ematen zitzaion (erakundeak, sindikatu erakundeak eta enpresari erakundeak). Hala, maiatzaren 2ko 75/2001 Dekretuak aurreikusten zuen osaeran agertzen ziren bai merkataritza ganbaren ordezkaria, eta bai ekonomia sozialeko enpresen ordezkari biak ere, honetan desagertu egiten ziren.

Hiru kideko osaera paritario hau emanez, gizarte ekintzaileen uziak ase nahi ziren.

Hala ere, lurraldeko Enplegu Kontseiluetarako aurreikusten zen osaera ez zen Enpleguaren Euskal Kontseilurako aurreikusten zen berbera eta ez zetorren bat hiru kideko organo paritarioaren izaerarekin.

Hain zuzen ere, kontseilu hauetan ekonomia sozialeko enpresak, merkataritza ganbarak eta beste zenbait izango zirela aurreikusten zen (adibidez Lanbide hezkuntzako zentroak, garapen agentziak, behargintza direlakoak eta enplegu-laneratze politiketako eta ekimen sozialeko beste eragile batzuk).

Eta funtzioei dagokienez, funtzio berri batzuk agertzen baziren ere, ez zen agertzen funtsezko aldaketarik, LHKko sindikatuen eta enpresarien ordezkaritzek adierazitako zentzuan, behintzat.

Ez zirudien, beraz, 2003-2006 Erakundeen arteko Enplegu Planak planteatzen zuen kontseilu ereduak solaskide sozialen adostasuna lortuko zuenik.

2003ko maiatzaren 30ean Azterlan eta Araubide Juridikoko Zuzendaritzaren idazki bat jaso zen, 2003-2006 Erakundeen arteko Enplegu Planari buruzko iradokizunak egin edo txostena eman zedin. Eta 2003ko uztailaren 21ean LHKren erantzuna zeraman idazkia bidali zen.

Proiektuaren gaineko eztabaidan sortu ziren zenbait gai hemen gogoratzea onuragarria izango da.

Alde batetik, argi utzi zuten lurraldeko kontseiluetan solaskide sozialentzat aurreikusten zen osaera argi eta garbi eurentzako desabantailazkoa zela. Izan ere, adierazi zutenez, kontseilu hauen barruan sindikatuen presentzia guztiz lausoturik geratuko zen eta gainera ez zen argitzen lurraldeko organo hauen osaera definitiboa zein izango den, ezta ordezkaritza bakoitzak zein pisu izango duen, baina, aldiz, bai adierazten zen ekonomia sozialeko enpresek, merkataritza ganbarek, lanbide heziketako zentroek garapen agentziek eta abar parte hartuko zutela.

Beste alde batetik, espresuki esaten zen gizarte ekintzaileak ez zetozela bat, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren funtzioak berriro ere aholku emate hutsezkoak izatearekin. Izan ere, adierazten zutenez, 2003-2006 Erakundeen arteko Enplegu Planaren kudeaketari dagokionez, plana gauzatzeko eta zuzentzeko ardura Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari soilik ematen zitzaion, gizarte ekintzaileen parte hartzea Enpleguaren Euskal Kontseiluari ematen zitzaizkion aholkua emateko funtzioen mugen barruan geratzen zelarik.

2003-2005 EEP argitaratu zenean, bertan LHKren txostenerako bidalitako EEP Proiektuarekiko desberdintasun nabarmen bat zegoela ikus zitekeen, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren eta lurraldeko kontseiluen osaeraren aipua desagertu egiten baita, ziur aski organo hauen osaeraren azken definizioari baldintzarik ez jartzearren. EEP Proiektuak Enpleguaren Euskal Kontseiluari ematen zizkion funtzioek, berriz, euren hartan diraute. Halaber, Kontseilu honek eta lurraldeko Enplegu kontseiluek funtzio berberak dituzte oraingoan ere.

Oraingo txostenaren gaia den Enpleguaren Euskal Kontseiluaren eta lurraldeko Enplegu kontseiluen sorrera, arautze eta jarduerari buruzko .../2004 Dekretu Proiektuan, ostera, EEPren eskema agertzen da berriz ere, kontseiluen osaerari dagokionez, eta han kontseilu biei ematen zitzaizkien funtzio berberak ezartzen ditu, era berean.

Horregatik, Dekretu Proiektu honen testua dela eta, aurreko paragrafoetan EEP Proiektuari dagokionez egin diren gogoetek hemen ere balio dute.

3. DEKRETU PROIEKTUAREN GAINEKO BERARIAZKO GOGOETAK

Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordeak Dekretu Proiektua aztertu zuen. Jarraian, Batzordearen kideek EAEko enplegu politiken diseinuaren barruan funtsezkotzat jotzen diren gaiei buruz erakutsitako jarrerarik esanguratsuenen edukiaren laburpena emango da.

3.1. Hasteko, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren osaera zehatzari dagokionez

ELAk eta LABek aukeratutako kideek adierazi dute lurraldeko kontseiluetan Enplegu Erakunde Nazionala sartzearen kontra daudela. Haien ustez, Estatuaren kudeaketa erakunde honen ordezkari bat sartzea erabakitzeak, orain dagoen konpetentzien geldiera onartzea dakar berez. Horrenbestez, aipatutako lurraldeko kontseiluetan Enplegu Erakunde Nazionala ez sartzea eskatzen dute.

Euskadiko CCOOk aukeratutako kideak, bere aldetik, adierazten du, enplegu politiken transferentziak gauzatzen ez diren bitartean, bermatu beharko litzatekeela Enpleguaren Euskal Kontseiluan Enplegu Erakunde Nazionalak parte hartzen duela, erakunde honek kudeatzen baitu EAEko enplegu politiken zati garrantzitsu bat (%70aren inguruan, alegia).

ConfeBaskek eta UGTk aukeratutako LHKren Txosten Batzordeko kideek ere antzeko iritzia adierazi dute.

Enpleguaren Euskal Kontseiluaren osaera dela eta, baina beste alde batetik aztertuta, Euskadiko UGTk aukeratutako LHKren kideak uste du ez dela egokia Kontseiluaren lehendakaritza Lan sailburuari ematea eta honek ia botere guztia hartzea, gainerako kontseilariak oso baliogabetuta geratzen direlako. Lehendakaritza hau Lan sailburuari ematen bazaio, honek enpleguari buruz hitz egiten duenean, zaila izango da bereiztea noiz hitz egiten duen Enpleguaren Euskal Kontseiluaren lehendakaritzat eta euskal erakunde guztien izenean, eta noiz hitz egiten duen Lan sailburutzat, Eusko Jaurlaritzaren izenean.

2.- Enpleguaren Euskal Kontseiluak bere gain hartu beharko lituzkeen funtzioak direla eta

ELAk eta LABek aukeratutako kideek adierazi dute Kontseiluaren funtzioen artean, egokitzat jotzen diren sektoreko proposamenak planteatu beharko direla, baina espresuki gaitzesten dutela Kontseilua sektoreko konferentzia egonkorrekiko azterketa tresna izan ahal izatea.

Euskadiko CCOOk aukeratutako kideak, bere aldetik, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren funtzioen proposamen bat egin du (Dekretu Proiektuak aurreikusten dituen funtzioen aldean, gehikuntza, kenketa eta aldaketa batzuk proposatuz). Proposamena ondorengoa da:

  • Lan merkatuaren egoerari buruzko eta Europaren eremuan definitzen eta aplikatzen diren politikei buruzko azterketa egitea.
  • Erakundeek hartzen dituzten araudiaren garapenari buruzko ekimenak aztertzea, euretan parte hartzea eta proposatzea. Ekimen horien ebaluazioa.
  • Planean Enpleguaren Legearen gainean agertzen den guztian parte hartu, proposatu eta adostasunez egitea.
  • Lanbideri buruz, aztertzea, proposatzea eta adostasunez egitea.
  • Plana koordinatzeko mekanismoak berrikusi eta ebaluatzea eta hobetzeko sistemak iradokitzea.
  • Gobernu Zentralak eta Eusko Jaurlaritzak sektoreko konferentzietan egiten dituzten proposamenak aztertzea, proposatzea eta baloratzea.
  • Enplegu politikei buruzko neurriak akordioak eta ekimenetan parte hartu, diseinatu eta proposatzea.
  • Egokitzat jotzen diren enpleguaren inguruko elementu guztiak sartzea eta eztabaidatzea, planean sarturik ez badaude ere.
  • Beharrezkoa den Enplegu Erakunde Nazionalarekiko koordinazioa eskatzea eta haren alde lan egitea.
  • Gure jarduera eremuan garatzen diren enplegu politika guztiak aldian-aldian eta etengabe ebaluatzea.

ConfeBaskek aukeratutako kideek, euren aldetik, uste dute Enplegu kontseiluek (bai Euskal Kontseiluak eta bai lurraldeko kontseiluek ere) aholkua emateko funtzioa eduki behar dutela soilik, enplegu politikak zuzendu eta kudeatzeko eskumena eta ardura politikaren eta administrazioaren agintaritzarenak baitira.

3. Osoko Bilkura eratu ahal izateko eskatzen den quoruma dela eta.

Dekretu Proiektuaren 13 eta 26. artikuluek diotenez, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren eta lurraldeko kontseiluen Osoko Bilkura bigarren deialdian eratu ahal izateko beste quoruma egongo da, Administrazioaren, ugazaba elkartearen eta sindikatuen ordezkariren bat dagoenean. Quorum honek, ondorioz, bidea irekitzen du kontseilu hauek bigarren deialdian eratu ahal izateko, sindikatuen aldetik erakunde bakar baten ordezkaria bertan dagoelarik.

Aurreikuspen hauek, akordioak hartzeko erregimenari buruz egiten diren planteamenduen kontra daude argi eta garbi. Izan ere ELAk eta LABek aukeratutako kideek, proposatzen dute, akordioak hartzeko sistema LHK edo Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea bezalako beste organo kolegiatu batzuetan indarrean dagoen sistema berbera izatea eta Euskadiko CCOOk aukeratutako kideak proposatzen du erabakiek gehiengoaren arabera har daitezela, botoa emateko eskubidea erabiliz, botoaren zentzua eta botoa emateko arrazoiak azalduz.

Atal honi dagokionez, ConfeBaskek aukeratutako kideek adierazi dute proiektuaren testuarekin bat datozela, kontseiluak erabakirik hartzen ez duten kontsultarako organo aholku emaileak diren neurrian, ez baita aurreikusi behar erabakiak hartzeko sistemarik.

Ildo honetatik eta kontuan harturik EEK arautzeko Dekretuan aurreikusten ez den guztian ordezko arautzat azaroaren 26ko 30/1992 Legea indarrean egongo dela, komenigarria izango litzateke espresuki adieraztea EEKaren jarduera ez dela gauzatuko erabakiak hartuz.

4.-4.-Diru laguntzak.

Euskadiko UGTk aukeratutako kideak adierazi du diru laguntzak ez liratekeela ordaindu behar Autonomia Erkidegoko ordezkaritzaren arabera, bileretara joatearen arabera baizik.

4.- LHKren IRIZPENA

Bileran izan ziren Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordeko kideen iritziak bere baitan biltzen dituen dokumentu hau bidaltzen bada ere, adostasunik ez zegoelarik, bilera Lan Harremanen Kontseiluaren irizpenik eman gabe amaitu zen.