CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Agindu Proiektua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailburuaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan Familiaren Alorreko erakunde antolamendua arautzen duena
 

Aurre gogoeta

Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren baitan sektoreko batzorde iraunkor bat sortzea, aholkularitza eta kontsultarako organo gisa, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakundeen arteko plana garatzeari lotutako arau ekimenei buruz, Lan Harremanen Kontseiluko txosten batzordea osatzen duten kideen iritzian, bakarrik zeharkako modu batean har liteke eremu soziolaboralaren barnekotzat.

Nolanahi den ere, eta Lan Harremanen Kontseilua osatzen duten antolakundeek beste foro batzuetan, esate baterako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan, planaren funtsezko edukiari buruz eta berau gauzatzeko hartuko diren neurriei buruz eman litzaketen iritzien kalterik gabe, txosten batzordeko kideek interesgarri deritzote ondoko hau adierazteari:

Lehenik eta behin, txosten gaia dugun arauaren alderdi formalen eta ikuspegi material batetik familiari buruzko sektoreko batzorde iraunkorrari esleitzen zaizkion eginkizunen gaineko kontuen artean bereizketa bat behar delakoan gaude.

A) alderdi formalen artean, ondoko hauek nabarmenduko genituzke, besteak beste:

-Familiaren sektoreko batzorde iraunkorra Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren baitan kokatuta geldituko litzateke, honetan parte hartzen dute ordezkaritzarik handieneko sindikatuek eta euskal enpresarien konfederakundeak. Antolakunde batzuk eta bestea, horrenbestez, Kontseilu horretako kideak dira.

-204/1997 Dekretuak, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osaera eta funtzionamendu erregimenari buruzkoak, bere 8.2 artikuluan eta 1999ko uztailaren 15 aginduaren bitartez onetsitako haren Araudiaren 27. artikuluak, baimendu egiten dute sektoreko batzordeen sorrera osoko bilkuraren adostasunez edo berariazko arauzko xedapen baten bitartez izan dadin. Hala ere, kasu batean zein bestean, batzordearen osaerak Euskal Kontseilua osatzen duten erakundeetako organoen eta gizarte eragileen ordezkaritza paritarioaren printzipioa errespetatzea eskatzen dute.

Bada, familiaren sektoreko batzorde iraunkorrera, irabazi asmorik gabeko bost elkartetako ordezkari sartuta, beren helburu behinena familiari arreta, laguntza eta babesa ekartzea izanik, baina aldi berean Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko kide ez direlarik, itxuraz bederen, Kontseiluko kide diren gizarte eragileen kopurua beheititzen duten heinean eta erakundeetako ordezkariekiko paritariotasuna hausten den hein berean, 204/1997 Dekretua eta Araudiaren 27. artikulua urratzen bide dira.

Goragoko maila bateko arauzko xedapen bat urratuko lukeen etorkizuneko agindu bat deuseztatzeko balizko kausei buruzko gogoeta tekniko juridiko hauek gorabehera –inguruabar hau arauaren gaineko lege kontrolari dagokio, baina zeharka besterik ez bada ere horretaz ohartarazi nahi dugu-; agindu proiektu honek eraldatze bat tartekatzen du behinik behin gizarte zerbitzuen arloko parte hartze egituren diseinuari dagokionean.

-Lan Harremanen Kontseilua ez dago, zentzuzkoa denez, familiarentzako arretaren eremuan diharduten asmorik gabeko elkarteak, kontsulta eta aholkularitza eginkizunak dituzten batzordeetara sartzearen aurka. Baina gure aburuz hau beste gizarte eragile batzuen ordezkaritza kuotaren kalterik gabe egin beharko litzateke.

B) Proiektuaren eduki materialari dagozkion alderdien artean ondoko hauek aipatuko ditugu.

- Agindu proiektuaren zioen agerpenak azaldu egiten du sektoreko batzordea sortzeko erabakia bat datorrela bideak finkatzeko beharrarekin erakunde arteko planari lotutako gaiei buruz aholkularitza eta kontsulta eginkizunak betetzeko. Materia hauen artean, besteak beste, lan eta familia bizitzak bateratzeari dagozkionak aipatzen ditu, adibidez. Beste alde batetik, agindu proiektuaren 4. artikuluak jasotzen duenez, batzorde honek berezko eginkizuna du irizpenak ematea familia gaietan lege proiektuen eta xedapen orokorren gainean. Halatan, bada, baldin eta betebehar hau lehen aipatu dugun zioen agerpenaren testuarekin elkartzen badugu, dirudienez, ezinbestean ulertu behar dugu "familia gaietan" esamoldeak lan eta familia bizitzak bateratzeko neurriak ere bere barnean hartzen dituela.

Bada, erakundeen arteko planak eta berau inplementatzeko hartuko diren neurriek arreta berezia ezarri behar lukete lan eta familia bizitzak bateratzeko alderdietan, bistan dena, baina, zalantzarik gabe ere, arlo honetan hartzen den edozein neurriren jite soziolaborala dela medio, Lan Harremanen Kontseiluak, edozein kasutan ere, bere lege erregulatzaileak esleitzen dion kontsulta jarduera bete beharko luke orobat, berezkoa duen bidetik, hau da, txosten batzordearen beraren bidetik. Bestela esatera, sektoreko batzorde iraunkorrari gai honetan kontsulta jarduera esleitzea, nolanahi den ere, Lan Harremanen Kontseiluari legez dagozkion eskumenen kalterik gabe ulertu beharrekoa da.

-Familiaren sektoreko batzorde iraunkorra Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren baitan sortzea beste urrats bat izango litzateke kontsultarako organoak ugaritzeko politikaren barnean, eta honen azken jomuga, formalki bederen, gizarte eragileek erabaki publikoak hartzeko prozesuetan daukaten parte hartzea handitzea izango litzateke. Lan Harremanen Kontseilu hau, egiazki, gizarte eragileen benetako parte hartze eraginkorraren alde dago, baina ezin utz dezake adierazi gabe kontsultarako organoen ugaritze formal honek ez duela laguntzen, kasu batzuetan bederen, era eraginkor batean egoera hobetzeko ez parte hartzea areagotzeko.

Zehazki esatera, eta txostenerako gai dugun agindu proiektuari dagokionean, familiaren sektoreko eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteen parte hartzea beste bide batzuk erabilita erdiets liteke edo eta jadanik dauden egiturez baliatuz.

Hori dela medio, Lan Harremanen Kontseiluak, txostena eskatzen duen organoari ondoko iradokizuna aurkezten dio.

Familiaren sektoreko batzordeari esleitzen zaizkion eginkizunen ardura jadanik dagoen kontseilu edo batzorde bati eman lekizkioke, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko erakundeetako osakideen eta gizarte osakideen arteko ordezkaritza paritariotasun printzipioari dagokionean beharrezkoak liratekeen aldaketak eginda, halatan, helburu nagusia familiari arreta, laguntza eta babesa ekartzea duten irabazi asmorik gabeko elkarteen parte hartzea eraginkorra izan dadin.

Bilbo, 2003ko ekainaren 16a.