|
Lan Harremanen Kontseiluaren txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008 urterako lan jaien egutegi ofiziala onartzeko Dekretu Proiektuari buruz
Aurrekariak
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Azterlan eta Araubide Juridiko Zuzendaritzaren bidez, Lan Harremanen Kontseiluari, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008 urterako lan jaien egutegi ofiziala onartzen duen dekretu proiektua bidali dio.
Gogoeta orokorrak.
Dekretu proiektu honek, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008 urterako lan jaiak, 2001/1983 Erret Dekretuan finkaturiko arau zuzentzaileen markoan ezartzen ditu.
Aipatutako Erret Dekretuak lan jaiak Estatuaren eremuan ezartzen ditu. Jai horietako batzuk, ezin aldatuzkoak dira autonomia erkidegoentzat. Beste batzuk, berriz, alda daitezke eta autonomia erkidego bakoitzak tradizioz bereak dituen jaiez ordeztu.
Autonomia erkidegoei 2001/1983 Erret Dekretuak ematen dien erabakitzeko aukera, honako modu honetan zehazten da:
a) Martxoaren 19 eta uztailaren 25eko jaien artean bat hautatu ahal dute.
b) Erret Dekretuaren 45. artikuluko bat zenbakiko d) atalean aipatzen diren jaiak (Ostegun Santua, urtarrilaren 6ko Jaunaren Epifania, eta martxoaren 19ko San Jose edo uztailaren 25eko Santiago Apostolua, alegia), tradizioz bereak dituzten beste batzuez ordeztu ahal dituzte.
c) Igandean suertatzen diren jai nazionalei dagokien atsedeneko astelehenak, autonomia erkidegoaren jaien zerrendan erkidegoan tradiziozkoak diren beste batzuez ordeztu ahal dira.
Gogoeta bereziak
Parametro hauekin bat etorriz, Lan Harremanen Kontseiluaren txostenaren gai izateko bidaltzen den dekretu proiektuak, ondoren zehazten diren erabakiak hartzen ditu:
- Jai Nazionala den urriaren 12a eta urtarrilaren 6ko Jaunaren Epifania igandean suertatzen direnez, jai hauei dagozkien lan atsedenak igande hauen ondorengo lehen astelehenetara eraman behar dira. Autonomia erkidegoek, berriz, asteleheneko atseden egun hauek, tradiziozkoak dituzten jaiak autonomia erkidegoaren jai zerrendan sartuz ordeztu ahal dituzte.
- Aurrekoan oinarrituta eta dituen eskumenak erabiliz, 2008rako egutegiak jaitzat mantentzen du martxoaren 20ko Ostegun Santua, jaitzat ezartzen du martxoaren 24ko Pizkunde Pazko Astelehena eta, martxoaren 19ko San Jose eta uztailaren 25eko Santiago Apostoluaren artean aukera egin beharrean, 2008rako biak ematen ditu jaitzat.
Lan Harremanen Kontseiluaren Txosten Batzordea 2007ko martxoaren 28an bildu zen, 2008 urterako lan egutegia onartzeko proiektu dekretua berariaz aztertzeko, bildu ere.
Bilera honetan zehar, Confebaskek, CCOOk eta UGTk hautatutako kideek, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008 urterako lan jaien egutegi ofiziala onartzen duen dekretu proiektuaren testuarekin bat datozela adierazi zuten.
LABek hautaturiko kideak, berriz, oro har, urriaren 12a eta abenduaren 6a lan jaitzat ematearen aurka zegoela adierazi zuen, haren ustez jai hauetako bat bera ere ez baitu inolako zerikusirik Euskal Herriaren eta euskal langileen gehiengoaren sentimenduaren ospatzeko ezein arrazoirekin. Eta zehazkiago esanda, 2008 urteko jai egutegiari dagokionez, abenduaren 6a lan jaitzat ematearen aurka dagoela adierazi zuen.
Behin Txosten Batzordearen kide guztien jarrera guztiak aztertuta, Batzordean behar den besteko gehiengoa bere alde duen iritzi komunik ez zegoenez gero, bilera Lan Harremanen Kontseiluaren irizpenik gabe amaitu zen.
Bilbo, 2007ko martxoaren 28a

|