| |
Aurrekariak
2006ko otsailaren 27an, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak igorrita, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpleguaren Lege Aurreproiektua jaso da Lan Harremanen Kontseilu honetan, eta bertan eskatzen da testu hori Kontseiluan azter dadila eta, dituen eskumenen barnean, Kontseiluak txostena eman dezala 2006ko apirilaren 30a baino lehen.
Gogoeta tekniko orokorrak
Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planak (2003-2006) jasotzen dituen ekimenen artean aurreikusita dago enpleguaren lege bat onartzea, eta lege horren barnean sartuko litzateke EAEko enplegu politikak kudeatuko dituen eta nortasun juridikoa duen erakunde bat sortzea.
Plan honen inguruan Lan Harremanen Kontseiluak txosten bat eman zuen 2003ko ekainaren 8an.
Halaber, Enplegua Sustatzeko Euskal Kontseilua eta Enpleguaren Lurralde Kontseiluak sortzen zituen dekretuak enpleguaren legea aipatzen zuen eta Euskal Kontseiluaren egitekoen artean jasotzen zuen, hain zuzen ere, enpleguaren lege proiektua onartu aurretik horri buruzko txostena ematea, besteak beste.
Testuinguru honetan, Lan Harremanen Kontseilura igorritako aurreproiektu honek aurreikuspen horietako batzuk betetzen ditu eta enplegu politiken ikuskera integral eta transbertsal baten esparruan kokatzen da, hau da, enplegu politiken alderdi aktibo eta pasibo guztiak (langabezi arriskuaren aurrean babestekoak barne), eta dagoen enplegua hobetzeko eta iraunarazteko beste ekintza batzuk ere jasotzen dituen ikuskera bat. Xede horretarako, egitura orokor bat diseinatzen du. Egitura honetan Eusko Jaurlaritzari dagokio, Lan Sailaren bitartez, zuzendaritza estrategikoa eta politikoa; eta politika horiek osatzen dituzten unean uneko ekintzak kudeatzea eta gauzatzea, berriz, sortzeko dagoen berariazko zerbitzu bati dagokio. Beste alde batetik, maila hauetako bakoitzak, zeinek bere nondik norakoekin, parte hartzeko egitura bat du –Aholku Kontseilua definizio estrategikoari dagokionez, eta LANBIDEko Kontseilu Nagusia politikak gauzatzeko eta aplikatzeko-, enpleguaren inguruan erakundeen arteko elkarrizketa artikulatzeko. Esan bezala, aurreproiektu honek enplegu politiken ikuskera integral bat du eta enpleguaren eskumena bideratzea eta bateratzea du helburu baliabideak eraginkorki kudeatzeko, dena den, hori gorabehera, proiektu honek aitortzen eta onartzen du badaudela beste instantzia aktibo batzuk enplegu politiken arloan zenbait ekintza garatzen dituztenak –eta aurrerantzean ere garatzen jarraituko dutenak- eta jarduera horiek osagarriak direla adierazten du.
Eskumen esparrua
Aurreproiektuko lehen xedapen iragankorrean erabilitako formularen arabera, Estatuko Enplegu Zerbitzuak EAEn kudeatzen dituen politika pasiboen inguruko funtzioak (langabezia prestazioak) eta politika aktiboen ingurukoak ezin gauza daitezke funtzio eta zerbitzu horiek transferitu arte, edonola dela ere, aurreproiektuak enplegu politikaren definizio zehatza jasotzen du (haren edukia 2. artikuluan azaltzen duela), eta erabateko eskumena aldarrikatzen du EAErako. Hartara, eskumen esparruari buruzko eztabaidaren ardatza honako hau izango litzateke: enplegu politika hori osatzen duten ekintzen izaera eta kalifikazioa zehaztea, eta bereziki langabezia prestazioen nondik norakoak finkatzea hala nola prestazio horiek egungo esparruari egokitzen ote zaizkion erabakitzea, Estatuaren eta EAEren arteko eskumen banaketari dagokionez.
Legearen xedea
Lege aurreproiektuak enplegu politikak definitzen eta zehazten ditu neurri desberdinak ezarriz, baina neurri horiek ez dira nahitaez langabezia egoerari buruzkoak. Haien artean, politika aktibo deritzenak ditugu, laneratzeko aukerak hobetzeko eta enplegua lortzeko xedea dutenak alegia, eta bai politika pasiboak ere, langabeziaren aurrean babes ekintzak jasotzen dituztenak, halaber, beste neurri batzuk ere badira (3. eta 4. artikuluak), oro har dagoen enplegua iraunarazteko eta hobetzeko xedea dutenak.
Aurreproiektuak neurri generikoak eta instrumentalak ere baditu, esate baterako, prospektiba lanak egitea lan merkatuan, hala ere, horien helburu diren pertsonen ikuspuntutik, ekintza horiek eskubide edo itxaropen legitimo eta indibidualak sortuko dituzte, baina bai batzuk eta bai besteak preskripzio erregimen zehatz bati lotuak egongo dira. Dena dela, aurreproiektu honek ez du zehazten kasuan kasuko prestazioa eskuratu ahal izateko mekanismoa (zentzu zabalean) zein izango den, ezta kasuan kasuko eskubidearen onarpena nola gauzatuko den ere. Puntu honetan legeak garapen xedapenen pentzutan uzten du gai hori, eta langabeziaren babes ekintza, berriz, indarrean dauden legeen pentzutan –(12. eta 14.c artikuluak), lehen xedapen gehigarriarekin loturik-, eta ez du zehazten horrekin prestazioa jasotzeko eskubide subjektiboaren definizio abstraktuaz ari den edota prestazioaren onarpena ere barne hartzen duen.
Enplegu politikak irekiak izateko taxutzen dira, hala ere, aurreproiektuaren testuak xeheki zehazten ditu erakunde publikoek politika horiek garatzeko burutu beharreko ekintzak. Ekintza horiek, zerrenda itxi gisa ulertuta 4. artikuluan jasotzen dira banan-banan eta 2. atalean garatu eta azaltzen dira.
Beste alde batetik, legeak Euskal Enplegu Zerbitzua sortzen du Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari atxikiriko erakunde autonomo gisa. Enplegu politikak garatzeko erakunde eskuduna LANBIDE dela dio aurreproiektuak, baina, txosten honetako beste idatz-zati batzuetan agerian geratuko den bezala, artikuluetan barrena onartzen du, zeharka bada ere, beste erakunde eskudun batzuk ere badaudela, 4. artikuluko zerrendako ekintza batzuk Foru Aldundiek eta tokiko erakundeek ere garatzen dituzte eta.
Enplegu politiken titulartasuna eta eskumenak EAEn
Lege aurreproiektuak zioen azalpenean adierazten du xedeetako bat erakundeen arteko koordinazioa dela enplegu politiken arloan baliabideak eraginkorki erabiltzeko eta zerbitzu bikoiztuak saihesteko.
Hala ere, ikuspegi teknikotik lege aurreproiektuak ez du argi ebazten enplegu politikak garatzeko ardura duten instantzia publiko bakoitzaren eskumen zehatzak zeintzuk diren. Nahiz eta batzuetan testuan "eskumen" hitza erabili –Lan Saila (15. artikulua) eta LANBIDE (16. artikulua) aipatzen duenean- eta beste batean, berriz, Foru Aldundiek eta tokiko erakundeek "garatu beharreko ekintzak" (17. eta 18. artikuluak) baino ez aipatu, 1. kapituluko 4. atalean onartzen du EAEko eskumen maila guztietan daudela enplegu politikekin lotura duten ekintzak.
- Aurreproiektuak argi samar zehazten du langabeziagatiko babes ekintza LANBIDEri dagokiola esklusiboki (16. artikulua), baina LANBIDEk ezingo du ekintza hori gauzatu politika pasiboak transferitu arte, lehen xedapen iragankorrak xedatzen duenaren arabera.
- Hala ere, enplegu politikak osatzen dituzten gainerako ekintzak "tartean dauden" instantzia guztien artean banatzen dira, hartara, lege aurreproiektuak bi maila bereizten ditu kasuan kasuko ekintzaren izaeraren arabera, baina ez du haien norainokoa behar bezain argi zehazten.
a)
Lehenengo mailan "ekintza osagarriak" ditugu, horiek Foru Aldundiek eta tokiko erakundeek garatzen dituzte. Prestakuntzaren, nork bere lana sortzearen, enpresak sortzeko laguntzaren eta enplegua sustatzearen inguruko ekintzak ditugu horiek, eta legearen testuak dioenez (17.c artikuluko azken paragrafoa), enplegua sustatzeko planaren barnean koordinatu beharrekoak dira. Enplegua sustatzeko planari buruzko aipamen horretan ezin uler daiteke eskumen zuzen edo delegatu baten "berariazko atribuzioa" dagoenik ekintza horiek benetan gauzatzeko baldintza gisa, baizik eta, onenean ere, "ex post" koordinatzeko ahalegin bat dela ulertu behar dugu, eta horren emaitza tartean dauden erakundeek akordio bat erdiesteko agertzen duten borondatearen mende egongo da betiere.
b)
Bigarren mailan, informazio, bitartekotza eta prospekzio ekintzak ditugu, eta horien araubidea ere aurrekoena bezain zehaztugabea da, izan ere, LANBIDEri 16. artikuluko 1. idatz-zatian ekintza horien esklusibotasuna ematen zaio, baina hori beste erakunde batzuekin lor litezkeen akordioen kalterik gabe ulertu behar da, eta ez du zehazten akordio horien edukia ez gutxieneko ezaugarririk, bestalde, ez du argitzen ea beharrezko akordioak ote diren, hau da, ezinbesteko premisa bat den Foru Aldundiek eta tokiko erakundeek (entitate publikoak diren aldetik) bigarren ekintza hauek gara ditzaten.
Beste alde batetik, lege aurreproiektuko 15. artikulua Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaz ari da. LANBIDE zerbitzuaren gainean tutoretza funtzioa betetzen du, zentzuzkoa denez, eta haren funtzionamenduarekin lotutako kudeaketa eskumenak zeinahi direla ere, enplegu politiken zuzendaritza estrategikoaren esparruan garrantzitsuena enplegua sustatzeko plana taxutzea da, horixe baita funtsezko kudeaketa tresna, izan ere, bertan finkatzen dira denbora tarte jakin baterako helburu kualitatibo eta kuantitatiboak, gerora ebaluatuko direnak, alegia.
Gai hau sakonago jorratuko dugu lege aurreproiektuak parte hartzeko aurreikusi dituen egiturei ekiten diegunean, hala ere, une honetatik adierazi behar dugu ezen nahiz eta legeak dioen enplegua sustatzeko plan hau EAEn ordezkaritza handiena duten sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek -eta, "behar denean" gizarte eta ekonomia arloko beste eragile batzuek ere- parte hartuta (19.3 artikulua) taxutu behar dela, egiazki plana zoritzeko parte hartze hori ez dago ez aurreikusia ez zehazki arautua, izan ere, enplegua sustatzeko planari buruzko aginduzko txostena emateko eskumena (22. artikuluko g idatz-zatia) Aholku Kontseiluari esleitu zaio, eta organo horretan sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen ordezkaritza gutxiengoa da (29 kidetik 10).
Azkenik, aurreproiektuak LANBIDEren eskumenak zehazten ditu EAEko enplegu politiken kudeatzaile gisa, Lan Sailaren mende eta haren zuzendaritza estrategikoaren pean. 28. artikuluan onartzen da beste instantzia pribatu batzuek ere parte har dezaketela, arau bidez zehaztuko den moduan. Nolanahi den ere, aurreikuspen honen norainokoa balioesteko, legea erregelamendu bidez garatu arte itxaron behar izango dugu, edo geroago beste lege xedapen batzuk (araudiak, proiektuaren terminologian) agertu arte.
Enplegu politikak taxutu, zuzendu eta kudeatzeko era, enpleguaren lege aurreproiektuak parte hartzeko aurreikusten dituen egiturak kontuan hartuta
Laburbilduz, esan daiteke orokorrean lege aurreproiektu honek ekintza politikorako eszenategi integrala diseinatzen duela bi mailatan enplegu arloan. Lehengo mailan, enplegu politiken definizioa, elaborazioa eta zuzendaritza estrategikoa Eusko Jaurlaritzari dagokio Lan Sailaren bitartez, eta bigarrenean, politika horiek kudeatzea eta gauzatzea LANBIDEri; Foru Aldundiak eta tokiko erakundeak (mendeko) eragile instituzionalak dira eta ekintza osagarriak burutzen dituzte lankidetza eta koordinazio testuinguru batean, hala ere, haien izaera eta norainokoa ez daude behar bezain zehazturik, aurreko idatz-zatian jorratu eta ikusi dugun bezala.
Enplegu politika hau ekintza zehatzen bidez gauzatzen da eta printzipio gidari batzuetan oinarritzen da (lege aurreproiektuaren 3. artikulua); gizarte eragileekin etengabeko elkarrizketa (d idatz-zatia) da horietako bat.
Bada, aurreproiektuak parte hartzeko aurreikusi eta araututako egiturak ere eskema honi lotzen zaizkio eta, alde batetik, Aholku Kontseilu batean gorpuzten dira, eta bestetik, LANBIDEren egituran integratutako Kontseilu Nagusi batean (29. artikulua 31. artikuluarekin loturik). Aholku Kontseilua honela definitzen da: kontsultarako, elkarrizketarako eta parte hartzeko organoa, enpleguaren gaian aholkularitza zereginak betetzen dituena (21. artikulua).
Erabaki hori berria da aurreko proiektuen aldean, eta enpleguaren arloan indarrean diren parte hartzeko egiturak inspiratu dituzten printzipioen aldean, enpleguaren legea behin betiko onartu arte behintzat, izan ere, horretan jasotako xedapen indargabetzaileak aurreikusten du ekainaren 15eko 121/2004 Dekretua indargabetzea eta beraz egungo Enplegua Sustatzeko Euskal Kontseilua eta Lurralde Kontseiluak kentzea. Horietan guztietan gizarte eragileen parte hartzea enplegu politiken definizio eta elaborazio mailan artikulatu da, osaera paritarioa duten hiruko egituren bitartez, eta bertan administrazioa eta ordezkaritza duten sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak daude.
Lege aurreproiektuan zehaztutako diseinu "berriari" jarraituz, gizarte eragileak (Lanaren Nazioarteko Erakundean –LANE- ulertzen diren moduan, hau da, ordezkaritza duten langileen eta enpresaburuen erakundeak) solaskideak dira enplegu politikaren definizio estrategikoa eta elaborazioa burutzeko, hala ere, ezaugarri hori diluitua geratzen da Aholku Kontseiluan, izan ere, ordezkaritza duten sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako 10 kideez gain organo horrek hainbat jatorritako beste 19 kide ditu, alegia, 29 guztira.
Beste alde batetik, LANBIDEren barnean formalki hirukoa eta paritarioa den Kontseilu Nagusi bat sortzeak berekin dakar ordezkaritza duten sindikatuei eta enpresaburuen elkarteei solaskide espezifiko gisa dagozkien funtzioak kentzea, hots, enplegu arloko ekintza politikoa definitzeko eta taxutzeko eginkizunaz gabetzea, izan ere, Kontseilu Nagusiak mugatu egiten du horien esku hartzea orokorrean eta une zehatz bakoitzean enplegu politikak osatzen dituzten ekintzak gauzatu eta kudeatzera. Hartara, aurreproiektuko 26. artikuluak argi adierazten du LANBIDEri dagokiola enplegu politiketako ekintzak kudeatzea... "Eskumena duen Sailak ematen dituen arauei jarraituz" eta... "indarrean den enplegua sustatzeko planaren eta enplegu politikaren ondoriozko" ekintzak gauzatzea, eta horrek agerian uzten du enplegu arloan zuzendaritza politikoa goragoko maila batean dagoela eta, esan bezala, maila horretan solaskidetza Aholku Kontseiluan mamitzen da, baina organo horren osaera urrun dago aurreko ekimenen hiruko eskema paritariotik.
Euskal Enplegu Zerbitzua. LANBIDE
Lege aurreproiektuaren 2. kapituluak LANBIDE, Euskal Enplegu Zerbitzuaren sorrera eta arauketa zehazten du.
Zerbitzu hori Lan Sailari atxikiriko erakunde autonomoa da eta nortasun juridikoa du, bestalde, funtsezko tresna da enplegu politikak kudeatu eta gauzatzeko.
Enplegu arloan eskumenak dituzten erakundeen sarearen barnean duen eginkizunari erreparatuta, txosten honen aurreko ataletan enplegu politiken ezaugarri zehatzei buruz esandakoari eutsi behar diogu funtsean. Bereziki, aurreproiektuak LANBIDEri ematen dizkion eskumen-zereginen eta bertan eratutako Kontseilu Nagusian ordezkaritza duten sindikatuei eta enpresaburuen elkarteei ematen zaien parte hartze mailaren eta elkarrizketa instituzionalaren arteko erlazioari dagokionez.
LANBIDEren gainerako ezaugarrietan, egiturazkoetan zein antolakuntzazkoetan, nortasun juridikoa duen eta Lan Sailaren bitartez administrazio orokorraren tutoretzapekoa den erakunde publiko bat eratzeko ohiko irizpideei jarraitzen die lege aurreproiektuak.
Beste xedapen batzuk
Azkenik, aurreproiektu honek bi xedapen gehigarri ditu, bata LANBIDEko langileei buruzkoa, bertan sartzen dituela Enpleguko Institutu Nazionaletik (EIN) transferi litezkeenak ere, baina ez du zehazki aurreikusten transferentzia hori noiz eta nola egin litekeen, eta bestea, kontu tekniko bati buruzkoa, horretan generikoki aitortzen dira Estatuaren eskumenak, haren esku dituen arauak aldatze aldera, haietako baten bat enpleguaren legearen testuan sar litekeelarik legearen osotasuna –erdarazko bertsioan complitud (sic) dio- erdieste aldera eta bertan jasotzen diren aurreikuspenetako batzuei zentzua eta koherentzia emate aldera.
Bestalde, aurreproiektuak hiru xedapen iragankor ditu, eta haietako lehengoa nabarmendu beharrekoa da, izan ere, adierazten du legea ez dela erabat eraginkorra izango harik eta politika aktiboen eta pasiboen inguruko zerbitzu eta funtzio batzuk transferitu arte, alta, EAEko enpleguaren politika osoaren inguruan aurreproiektuak aldarrikatu eta bere gain hartzen duen eskumenaren kalterik gabe ulertu beharko da geroratze hori, nolanahi den ere.
Beste alde batetik, azken xedapenak espresuki indargabetzen du Enplegua Sustatzeko Euskal Kontseilua eta Lurralde Kontseiluak sortzen dituen ekainaren 15eko 121/2004 Dekretua.
Txosten Batzordeko kideen ekarpenen laburpena
Txosten-gai dugun testua Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordeko kideei igorri zitzaien martxoaren 16an, kontsulta eginkizuna betetzeko onartu zen prozedurari jarraituz, eta horren ostean zeinek bere alegazio partikularrak helarazi dizkie Kontseiluko zerbitzuei enpleguaren legearen gainean.
Jarraian alegazio horien funtsezko edukia azalduko dugu:
1.- Legearen helburuei eta eskumen esparruari buruz
Sindikatuen iritzia
Lan Harremanen Kontseiluko sindikatuen ordezkariek izendatutako Txosten Batzordeko kideek zalantzan jartzen dute enpleguaren lege aurreproiektuan diseinatutako ereduaren "eraginkortasuna", formalki desberdinak, baina materialki osagarriak diren ikuspegietatik.
LABek eta ELAk enplegu politiken tratamendu ustez integrala lantzeko eskumen defizita aztertzen dute, eta legegintza birtualeko ariketa bat dela deritzote lege aurreproiektuari, ustezkoa eta bere buruari eratxikiriko eskumen baten bitartez heldu nahi zaiolako enplegu politikaren arautze orokorrari, langabezia babesa barne, eta gainera eskumenaren egikaritza geroratu egiten da politika horretan funtsezkoak diren hainbat alderditan, eta horrek edukiz husten du adierazpen hori eta agerian jartzen du esparru juridiko-politikoaren ahulezia eta ekimen hori formalitate hutsa dela.
Ildo beretik, aurreproiektuko lehen xedapen iragankorrak Enpleguko Institutu Nazionalak (EIN) kudeatzen dituen politika pasibo eta aktiboen ekintzak bere gain nola hartzen dituen ikusita, agerian da legeak formalki behintzat eskumena (jatorrizkoa) eta bitartekoen eta zerbitzuen transferentzia (instrumentala) bereizten baditu ere, materialki eskumena gauzatzeko zerbitzuen eta funtzioen transferentzian jartzen duela azentua –ustezko eskumen horren erabateko egikaritza zerbitzuen eta funtzioen transferentziaren mende jartzen duelako- eta izatez egungo egoerari men egiten dio eta bere horretan iraunarazten du.
Beste ikuspegi batetik, UGTk antzeko ondorioak ateratzen ditu, izan ere, enplegu politiken transferentziarik gabe onartuko den legeak benetako eraginkortasunik ez baitu izango haien iritzian, hartara, ohartarazten du ezen enpleguaren legearen eraginkortasuna, adierazpen formaletatik harantzago, eskumen horiek benetan bere gain hartzetik baino ez dela etorriko, eta bi gobernuek adostu beharko luketela transferentzia egungo bikoiztasunak eta eraginkortasun eza gainditzeko.
Halaber eta iritzi orokor gisa, CCOOk adierazten du lege aurreproiektu honek enplegu politika arautzeari heldu nahi diola enplegu politika aktiboen transferentzia jaso gabe eta, beraz, sistemak gaur egun agertzen duen eraginkortasun eza konpondu gabe, gainera, Enplegua Sustatzeko Euskal Kontseiluak eman beharreko aginduzko txostena gabe tramitatu eta onartu du Lan Sailak, alta, Kontseiluaren eskumenetako bat da, hain zuzen ere, haren araudi erregulatzailearen arabera, balizko enpleguaren legeari buruzko txostena ematea.
Enpresaburuen iritzia
Beste alde batetik, enpresaburuen ordezkariek izendatutako kideek Lan Harremanen Kontseiluak Enplegua Sustatzeko Erakunde Arteko Planari (2003-2006) buruz eman zuen iritziaren testuinguruan kokatzen dituzte puntu honi buruzko alegazioak, eta txosten hark islatzen zuenari jarraiki, gogorarazten dute aurreproiektu honen sorburu zuzena den planak, enplegu politikak orokortasunean lantzeko itxuraren atzean, konpondu gabe uzten zituela funtsezko hainbat alderdi, bereziki, enplegu zerbitzuen ingurukoak. Lege aurreproiektuan gai hau lantzeko erak ez dakar aurrerapen garrantzitsurik eskumenak argitzeari dagokionez, ez EAEn ezinbestekoa dugun enplegu zerbitzuak ordenatzeari dagokionez.
Hala ere, diote, enplegu politiken definizioaren ikuspegitik, aitortu behar da aurreproiektuak enplegu politikak sistematizatzen dituela printzipio gidari berberei jarraituz eta, akats eta disfuntzio nabarmenekin bada ere, enplegu politika horien egikaritza ordenatzen saiatzen dela EAEn; kudeaketaren ikuspegitik, berriz, proposatzen den eredua baliagarria izan liteke etorkizunean transferentziak jasoko lituzkeen egitura bat eraikitzeko.
2.- Enplegu politikaren definizioari buruz
Txosten Batzordeko kideek iritzi desberdinak dituzte enplegu politikari buruz aurreproiektuak jasotzen duen ikuskeraren inguruan.
Enpresaburuen iritzia
Alde batetik, enpresaburuen ordezkariek izendatutako kideek positiboki baloratzen dute aurreproiektuak enplegu politikari buruz jasotzen duen ikuskera, izan ere, irekirik atxikitzen ditu ildo batzuk enplegu prospekzio, orientazio eta bitartekotza arloetan, eta aldi berean aurrera egiten du lan merkatu eraginkorra lortzeko helbururantz, hau da enplegu emaileari behar bezala prestatutako giza baliabideak eta langileei beren prestakuntzaren araberako enplegua edo enpleguak lortzeko segurtasuna eskainiko dizkien lan merkatu baterantz. Ez deritzote hain arrazoizkoa, ordea, politika horiek osatzen dituzten ekintzen artean oraindik ere enplegua banatzea eta antzekoak agertzeari, haien ustez, gaur egun langabezia tasa txikia izanik ez baitute justifikazio argirik.
Sindikatuen iritzia
Beste aldetik, sindikatuen ordezkariek izendatutako kideen iritzian, enplegu politika kontzeptuaren definizio berak ere eta hura gauzatzeko ekintzek akats handiak dituzte.
Hartara, ohartarazten du, helburu handinahiak aldarrikatu arren, enplegu betea, egonkorra eta kalitatezkoa lortzea, esate baterako, enplegu politiketan eta aurreproiektu honek aurreikusten dituen ekintza zehatzen esparruan ez dago ekimenik %30 ingurukoa den prekarietatearen kontra borrokatzeko edo sexu zein adinarengatik enpleguan dauden desberdintasun objektiboen kontra borrokatzeko. Segurtasun eta osasun arloetan ere, edota laneko eta familiako bizitzak bateratu ahal izateko arloan testuak ez du ekintzarik zehazten.
Ikuspegi erkide honetatik, baten batek azpimarratzen du politika hori hutsik dagoela eta boluntarista izateaz gain hedabideei begira diseinatuta dagoela, bestalde, funts juridiko eskasa duela eta eskumen eta politika esparru urri batean oinarritzen dela, eta beste batzuen iritzian, berriz, nabarmentzen da onuradunen eskubideen definizioa akastuna edo urria dela, bete beharrekoak eta benetan eraginkorrak izan behar luketen aldetik, eta enplegua sustatzeko urteko planean edo programan jasotako ekintzak programatikoak baino ez direla. Hartara, enplegua sortzearen ikuspegitik ere, emaitza urriak eta zalantzazkoak ekarri dituen diru-laguntza publikoen politika iraunaraztera mugatzen dira aurreproiektuko testuak aurreikusten dituen ekintza asko, eta, nolanahi den ere, ez dute inolako eraginik enpleguaren kalitatean.
Zalantzan jartzen dute halaber legearen helburuak eta enplegua sustatzeko egungo estrategia europarra batera ote doazen, hartara, argudiatzen dute enpleguaren lege batek esparru orokor bat diseinatu beharko lukeela hainbat politika garatzeko, menturaz desberdinak, eta lege hori ez litzatekeela mugatu behar politika jakin bat gauzatzeko bide izatera.
3.- Enplegu politiken titulartasunari eta koordinazio administratiboari buruz
Enpleguaren lege aurreproiektuak erakunde nagusia bihurtu nahi du LANBIDE, enplegu politikak kudeatu eta gauzatzeari dagokionez EAEn. Hala ere, LHKari txosten eske igorritako testuak ez du ebazten beste arazo bat, alegia, beste instantzia batzuek ere –foru zein tokiko erakundeak- hainbat ekintza garatzen dituzte enplegu arloan, eta gainera ez dauka koordinazio mekanismo eraginkorrik bikoiztasunak eta eraginkortasun eza gainditzeko.
Guztien iritzi horretatik abiatuta, alegazio partikularretan batzuek 17. eta 18. artikuluak kentzea proposatzen dute, bertan aitortzen baita Foru Aldundiei eta tokiko erakundeei dagokiela enplegu politiken inguruko ekintzak –osagarri deritzenak- garatzea, eta haien iritzian eskumen hori Eusko Jaurlaritzarena izan behar da esklusiboki eta enplegu politikak gauzatzea eta garatzea LANBIDE euskal zerbitzuarena; beste batzuek, berriz, eskatzen dute, behar denean, koordinatzeko mekanismo eraginkorrak zehatz daitezela, ekintza horiek osagarriak izango direla bermatzeko eta baliabide publikoak kudeatzean gainjarpenak, bikoiztasunak eta eraginkortasun eza saihesteko.
Atal honetan, UGTk izendatutako Txosten Batzordeko kideak egin dituen alegazioetan, LANBIDE EAEko organo kudeatzaile bakarra izateari utzi gabe, adierazi du komenigarria litzatekeela Estatuan dauden lan eskaintzei buruzko informazioa trukatzeko mekanismoak ezartzea, herritar guztiek lana eskuratzeko duten eskubidea bermatze aldera, eta laneratze arloan lankidetza eta koordinazio tresnak finkatu beharko liratekeela laneko ikuskatzailetzarekin eta gizarte zerbitzuekin.
4.- Enplegu lege aurreproiektuak parte hartzeko zehaztutako egiturak
Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordeko kideen alegazio partikularrak bat datoz, ikuspuntu desberdinetatik bada ere, enpleguaren lege aurreproiektu honetan parte hartzeko zehaztutako egiturak ez direla egokiak baloratzerakoan.
Guztien iritzia da gizarte eta ekonomia eragileekin enplegu politikaren diseinuari, elaborazioari eta zuzendaritza estrategikoari buruzko elkarrizketa, edozein kasutan ere,hiruko organo paritario batean burutu beharko litzatekeela, eta ordezkaritza duten sindikatuek, enpresaburuen elkarteek eta administrazioak izendatutako ordezkariek osatu beharko luketela organo hori, zeren eta arlo honetan indarrean diren xedapenek eta arauek, nazioartekoak barne (LANE) direlarik, aitortzen dituztenak baino ez baitira gizarte edo ekonomia eragile.
Enpleguaren lege aurreproiektua urrundu egiten da eskema honetatik, formalki errespetatzen duela badirudi ere. Izatez, aurreproiektuak bi egitura desberdin sortzen ditu parte hartzeko: aholku kontseilu bat, osaera heterogeneoa duena, 29 kidekoa; haietako bost baino ez dira ordezkaritza duten sindikatuetako kide, eta beste bost enpresaburuen elkarteetako kide; eta erabaki mailan (baita enplegua sustatzeko planari buruzko txostena emateko ere) organo honi legokioke solaskidetza; eta kontseilu nagusi bat LANBIDEren barnean, hirukoa eta osaera paritarioa duena; kontsultarako eta parte hartzeko organoa litzateke hori erabaki estrategiko horiek gauzatzeko eta kudeatzeko mailan. Horrela, enplegu politika definitzeko orduan, gizarte eta ekonomia eragileak zeregin espezifiko eta lehentasunezko bat burutzen ari direla lirudike (eta itxura hori indartzen bide da aurreproiektuko beste artikulu batzuetan, esate baterako, 19.3. artikuluan ordezkaritza duten sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen parte hartzea aipatzen da, baina ez da jasotzen hori gauzatzeko biderik, aholku kontseiluaz beste), baina benetako edukirik gabe.
Testuinguru honetan, proposamenen eta iritzien artean aipatuko dugu, LAB, adibidez, bi kontseilu horien kontra agertzen dela, UGTk, berriz, LANBIDEko kontseilu nagusira transferitu nahi dituela enpleguari buruzko aholku kontseiluari ematen zaizkion eskumenak, eta CCOOk, bestalde, hura kendu eta azken honi –21 kidek osatuko luketelarik, alde bakoitzetik zazpi, alegia- aurreproiektuan aurreikusitako kontsulta eginkizun guztiak ematea nahi duela, enplegua sustatzeko planari buruzko aginduzko txostena ematekoa barne, horrela, plan hori unean uneko enplegu politikaren tresna nagusia denez, egia bihurtuko litzateke haren edukiak sindikatu eta enpresaburuen elkarteekin adostu behar direla dioen printzipioa.
Ildo beretik, ohartarazten dute enpleguari buruzko edozein aholku kontseiluren –edozein kasutan ere hirukoa eta paritarioa izan behar lukeena- funtzionamenduaren ezaugarri nagusiak –bereziki, erabakiak hartzeko araubideari dagokionez- legearen testuan landu beharko liratekeela, eta zenbait kasutan funtzionamenduaren araubideari eta bileren gutxieneko maiztasunari buruzko proposamen zehatzak ere.
Puntu honetan, ordea, aburu desberdinak dituzte, izan ere, CCOOren iritzian organo hori behar bezala eratu ondoren erabakiak bertaratutakoen gehiengoaz hartu beharko lirateke, eta ELAk berriz proposatzen du gehiengoak egon beharko direla, edozein kasutan ere, kontseilua osatzen duten hiru aldeetako bakoitzaren barnean.
5.- Lege aurreproiektuko artikuluei buruzko proposamen zehatzak
Txosten Batzordeko kideen alegazio eta iritzi partikularretan badaude proposamen zehatzak lege aurreproiektuko artikuluei buruz ere.
Halatan, bada, ELAko batzordekidea aurreproiektuko artikulu batzuk kentzearen alde agertu da, eta alegazioetan enpleguaren eskumen esklusiboa Eusko Jaurlaritzarena dela adierazi ondoren, koherenteki ondoko artikuluak kentzea proposatzen du:
3. artikuluko 2. idatz-zatia, Foru Aldundien eta tokiko erakundeen esku hartzearen inguruan, eta, horrenbestez, 17. eta 18. artikuluak, erakunde horiek enpleguari buruzko ekintza jakin batzuen inguruan duten jarduera aipatzen dutenak.
Ildo beretik, 7. artikuluko 4. idatz-zatia eta 13. artikuluko 3. idatz-zatia kentzeko eskatzen du, hala nola 19.3 artikuluko tartekia, enplegua sustatzeko plana onartzeko tramitean foru eta tokiko erakundeen esku hartzeari dagokionean.
CCOOko batzordekidearen iritzian, berriz, lege honetako zioen azalpenean esplizituki aipatu behar lirateke konstituzioaren 40., 41. eta 129. artikuluak, 56/2003 legearen 18. artikulua eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 144. hitzarmena.
Haren ustez, egokia litzateke halaber gizarte eragileen eginkizuna indartzea enplegu politikaren printzipio gidarien ikuspegitik, eta 3. artikuluko d idatz-zatian esplizituki aipatu beharko litzateke gizarte eragileekiko negoziazioa eta ituna, eta EAEk enplegu arloan dituen eskumenak zeintzuk diren argitzea, politika pasiboetan –eta xede horretarako eskatzen du 16. artikuluko d idatz-zatia kentzeko-, zein politika horien egikaritzaren barne ordenamenduan EAEn, hartara, 17. artikulua eta Foru Aldundiez enplegu politiken arloko eragile aktibo gisa bertan egiten den aipamena kentzeko eskatzen du. Azkenik, parte hartzeko egiturei buruz azaldu dituen iritzien ildotik, 22., 23. eta 24. artikuluak aldatzeko eskatzen du laburpen honetan islatu den zentzuan.
UGTko batzordekidearen ustez enpleguaren legeak kontseilu bakarra jaso beharko luke, hirukoa eta paritarioa, eta enpleguari buruzko gizarte eztabaida-gune bakarra litzatekeena, eta egungo aurreproiektuak ematen duen sakabanaketa eta nahasmen zirrararen aurrean, esplizituki eman behar litzaioke kontseilu bakar horri enplegu politiken alderdi garrantzitsu guztien eskumena. Besteak beste, enplegua sustatzeko plana taxutzeko parte hartzea, horrela aurreproiektuko 19. artikuluan ordezkaritza duten eragileei buruz egiten den aipamen nahasgarria gaindituko litzateke; halaber gainditu beharko lirateke aurreproiektuak behatoki bati ematen dizkion behaketa eta diagnostiko eginkizunak, izan ere, LANBIDEren mendekoa da eta ez du bermatzen gizarte eragileen parte hartzea, orobat esan daiteke lan merkatuan prospektiba lanak egiteko eginkizunari buruz, alegia, ikuspegi bateratu batetik landu beharko lirateke aurreproiektuaren ikuskera partziala gainditzeko, izan ere, enpresa sarearen beharrizanekin lotura estua du eta.
Beste alde batetik, printzipioei (enpleguaren kalitatea, prekarietatearen eta bereizkeriaren kontrako borroka) buruzko aipamenak diluitu eta edukiz husten dira aurreproiektuan barrena, ezen ekintza horiek zerrenda itxi gisa ulertzen ditu, eta bertan ez du tokirik prekarietatearen edo bereizkeriaren kontrako borrokak, aitzitik, printzipio horien inguruan herritarrek eska lezaketen eskubideen aipamenik ere ez da ageri. Hori dela eta, enplegu politikak osatzen dituzten ekintzak zerrenda itxi batean zehaztearen kontra agertzen da, eta aurreproiektuko 4. artikulua aldatzea proposatzen du, behar denean, bestelako ekintza batzuk garatzeko bidea zabalik uzteko, orobat proposatzen du 14. artikuluan erabiltzaileen eskubideak benetako eskubide subjektibo gisa definitzea eta bereziki lan eskaintza bat egokitzat jotzeko baldintzak zehaztea.
Bestalde, 7. artikuluko irakurburuan eta testuan "profesional" hitza sartzeko eskatzen du, enplegurako prestakuntzari dagokionez; proposatzen du LANBIDErekin lankidetzan aritzen diren erakundeak esplizituki aipatzea 13. artikuluan, hala nola 17. eta 18. artikuluak batean biltzea foru eta tokiko erakundeen ekintza osagarrien koordinazioaren printzipioari jarraituz.
Azkenik, adierazi du komeniko litzatekeela enplegu politikak ebaluatzeko eskumena erakunde independente eta izen onekoen esku uztea, eta horiek gaitasun irizpideen arabera aukeratu beharko liratekeela kasu bakoitzean.
EAE-KO ENPLEGUAREN LEGE AURREPROIEKTUARI BURUZKO TXOSTENA
Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordeak, apirilaren bostean egindako bileran, ondoren transkribatzen den txostena onartu zuen CONFEBASCek, ELAk, CCOOk eta UGTk izendatutako batzordekideen aldeko botoekin. Bilera horretan, LABek izendatutako kideak kontrako botoa eman zion txostenari eta, kontsulta eginkizuna garatzeko batzordeak berak ezarritako prozeduran aurreikusitakoari jarraituz, iragarri zuen boto erreserbatu bat aurkeztuko zuela, eta txostenaren ondoren jasotzen da.
Nolanahi den ere, Lan Harremanen Kontseiluaren irizpen honetan jasotako iritziak txosten honetako beste atal batean agertutako alegazio partikularren kalterik gabe ulertu behar dira.
Irizpena
Lehena.- Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordeko kideek ontzat jotzen dute enplegu politikaren erregulazio integralari heltzeko ekimena, hala ere, uste dute txostena emateko igorritako lege aurreproiektu hau, egungo erredakzioarekin, tresna urria eta birtuala dela enplegu politika hau arrazionalki ordenatzeko eta harekin lotutako eskumenak erabat egikaritzeko EAEn.
Lehenik eta behin, egungo egoerarekin lotutako arazoak konpondu aurretik egin delako, izan ere, une honetan estatuko zerbitzuek kudeatutako enplegu politikak eta EAEko zerbitzu autonomikoek kudeatutakoak lehiatzen dira. Hartara, enplegua sustatzeko erakunde arteko 2003-2006ko planari buruz 2003ko uztailaren 8an emandako irizpenean islatutako jarrerari eutsi nahi dio Lan Harremanen Kontseiluak, izan ere, orduko hartan ere adierazten genuen itxuraz baino ez ziola heltzen EAEko enplegu politikari, baina egiazki plan hark konpondu gabe uzten zituen zenbait arazo, enplegu zerbitzuena, besteak beste.
Bigarrenik, aurreproiektuaren oinarrian dagoen eskumenen definizioaren arabera, langabezia egoeretako babes ekintza zuzenaren inguruan dagoen eztabaida, ordaindutakoaren araberako prestazioei buruzkoa barne, konponduta egon beharko litzatekeelako eta eskumen horiek berehala onartzeko, zerbitzuen eta funtzioen transferentzia besterik ez litzatekeelako behar, alta, aurreproiektuak ez du inolako aurreikuspenik jasotzen horren gainean, eta hori guztia dela eta, –legea promulgatuko balitz ere- egungo bikoiztasunak eta eraginkortasun ezak bere horretan iraungo luke.
Horrenbestez, enplegu politikaren erregulazio integrala onartzeko ekimen honen ondorioz, funtsean, une honetan aurretiaz diseinatutako kudeaketa egitura bat sortuko da, enplegu politikekin lotutako zerbitzu eta funtzioetako asko etorkizun zehaztugabe batean geure gain hartzeko, eta eskumen horiek ordutik aurrera baino ez gara bete-betean egikaritzen hasiko.
Bigarrena.- Bestalde, Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordeko kideen iritzian, EAEn bertan enplegua sustatzeko ekintzak garatzen dituzten lurralde administrazio desberdinak izanik, lege aurreproiektuak errealitate hori landu eta bideratzeko aukeratu duen modua ez da benetako aurrerapen bat egungo barne koordinazio eza eta sakabanaketa konpontzeko.
Lehenik eta behin, aurreproiektuak ez diolako eskumena argi esleitzen autonomiako agintaritzari, aitzitik, aitortu eta onartzen du badaudela enplegu arloan zenbait ekintza garatzen dituzten lurralde eta tokiko erakundeak (eta aurreproiektuak berak jasotzen ditu ekintza horiek enplegu politikak definitzerakoan).
Bigarrenik, ekintza horiek formalki osagarri soiltzat kalifikatzea ez delako zehazten irizpide argien arabera eratutako koordinazio mekanismo edo tresnetan. Aurreproiektuak, hortaz, etorkizuneko lankidetza hitzarmenak aipatu besterik ez ditu egiten, eta lankidetza hitzarmen horiek izenpetzea ez da beharrezko baldintza gisa ulertzen lurralde erakunde horiek enplegu politikak benetan gauzatu ahal izateko, onenean ere, "ex post" koordinatzeko ahalegin gisa baizik, eta gainera eskumen berdintasun teoriko batetik burutuko litzateke koordinazio ahalegin hori, edozein kasutan ere.
Hirugarrena.- Azkenik, gizarte eragileek enplegu politikaren definizioan eta garapenean parte hartzeko aurreikusten den modua ere ez da egokia.
Lan Harremanen Kontseiluko kideek behin eta berriz adierazi duten bezala, eta nazioarteko erakundeek onartutako ohiko irizpideetatik ondorioztatzen den gisan, gizarte eragileen partaidetza hiruko erakunde paritarioetan gauzatu behar da gizarte eta lan arloko erabaki politikoak –eta enplegu politika integrala horietakoa da, zalantzarik gabe- lantzeko prozesuetan, eta administrazioko, sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkariak baino ezin dira izan erakunde horietako kide, nahiz eta, behar denean, askotariko osaera edo osaera espezifikoa duten beste organo aholku-emaile batzuek ere esku hartu eta parte hartu dezaketen.
Gizarte eta ekonomi eragileek parte hartzeko bi egitura desberdin sortzea eskema horretatik urruntzen da, izan ere, LANBIDEko Kontseilu Nagusia, hirukoa eta paritarioa, mendeko organoa da eta exekuzio eta kudeaketa eskumenak baino ez ditu, eta Enpleguaren Aholku Kontseiluak, berriz, askotariko osaera du eta bertan guztiz diluitua gertatzen da sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen partaidetza (sindikatuetako bost kide eta enpresaburuen elkarteetako beste bost, guztira hogeita bederatzi kide direlarik), alta, egungo konfigurazioan, azken hau da, hain zuzen ere, parte hartzeko eta kontsultarako organo eskudun bakarra enplegu politiken definizio estrategia taxutzeko eta partikularki enplegua sustatzeko planak zehazteko.
Bilbo, 2006ko apirilaren 5a.
Txosten Batzordeko LABeko kideak aurkeztutako boto erreserbatua
LHK-ko Txosten Batzordean gehiengoz onartutako Enpleguaren Lege Aurreproiektuari buruzko irizpenaren kontra agertu da LAB sindikatua. Beraz, honako BOTO ERRESERBATU hau aurkeztu du:
Lehena.- LAB ez dago ados EAEko Enpleguaren Lege Aurreproiektuarekin, bat datorrelako egungo egitura autonomikoak gai honetan eta beste batzuetan dituen eskumen urriak kudeatzeko politika kontinuistarekin.
Bestalde, ez dago benetako borondate politikorik esparru juridiko bat lortzeko geure enplegu politika integral bat kanpoko esku sartzerik gabe antolatu ahal izateko, eta Lan Sailaren ekimena testuinguru honetan kokatzen da.
Bigarrena.- LABek berretsi egiten ditu martxoan LHKan "LABen gogoetak Enpleguaren Lege Aurreproiektuaren inguruan" izenburupean aurkeztutako alegazio partikularren idazkian adierazitakoak.
Hirugarrena.- LABek adierazi nahi du enplegu politikari buruz gizarte eta ekonomi eragileekin egin beharreko elkarrizketa, edozein kasutan ere, hiruko organo paritario batean burutu behar dela, eta organo hori administrazioko eta ordezkaritza duten sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkariek osatu behar dutela.
Donostia, 2006ko apirilaren 7a
|