CRL-LHK
  KONTSEILUAK EGINDAKO TXOSTENAK
Kontsulta jarduerara itzuli
Dekretu Proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2004. urteko jaiegunen egutegia onartzeko dena
 

2003ko otsailaren 17an, Lan Harremanen Kontseilu honen egoitzara heldu zen Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak taxutu zuen dekretu proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2004. urterako jaiegunen egutegi ofiziala onartzeko dena.

Aipatutako testu hau, adierazi dugun Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak helarazi zuen Lan Harremanen Kontseilu honetara, halabeharrezko txostena eman geniezaion, hala bere lege erregulatzaileak, hau da, Eusko Legebiltzarreko 11/1997 Legeak, 2.1 artikuluan xedatzen duena beteaz.

Hasiera batean Kontseiluko zerbitzu teknikoek testua aztertu egin zuten, debatea indarrean dagoen legeriaren ikuspegitik kokatzeko xedeaz eta LHKa osatzen duten antolakundeek beren balorazioak egin ahal ditzaten txostenak jorratzen duen arau proiektuari buruz eta komenigarri deritzeten proposamenak egin ditzaten.

Xede honetarako, Txosten Batzordea osatzen duten kideei dei egin zitzaien, eta batzorde hau Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan batzartu egin zen 2003ko martxoaren 6an.

Dekretu Proiektuak 2004ko martxoaren 19a jaiegun ez berreskuratzekotzat jotzen du EAEko eremuan, eta abuztuaren 15eko jaia ordezkatu egiten du, zeren eta igandean erortzen denez legeak hala aginduta astelehenera aldatzen baita, apirilaren 12ko jaiegunaz, hau da, pazko astelehenaz. Txostenaren gaia den egutegi proposamen honek berekin dakar EAEko organo eskudunak aukera bat egin behar duela, hau da, hautu jakin bat aldez aurretik ezarritako arau esparru batean posible diren hainbaten artetik. Lege esparru honek baimendu egiten du autonomia eremuko jaiegunez ordezkatzea ondoko hauek: a) 2001/1983 Errege Dekretuaren 45.1 d) artikuluan zerrendatzen diren jaiegunak, Ostegun Santua, urtarrilaren 6a Jaunaren Epifania, eta martxoaren 19a edo uztailaren 25a, eta b) astelehenera aldatzen diren Estatu eremuko jaiegunak, dela legeak hala agintzen duelako, dela Estatuko Gobernuak, bere eskumenen barnean, hala erabaki duelako. EAEko langileen 2004. urteko egutegiari buruzko Dekretu Proiektua bat dator, hori dela eta, indarrean dagoen legeriarekin, eta Kontseiluko kideek, txosten honetako hurrengo paragrafoan adierazten denaren kalterik gabe, ez diote beharrezko iritzi proposamen alternatiborik egiteari aipatutako arau esparruaren barnean Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak seinalatu dituen jaiegunetariko bat beste batez ordezkatzeko.

Aurrekoaren kalterik gabe, ELA eta LAB sindikatuak ordezkatzen dituzten Kontseiluko kideek egutegiak egiteko erabiltzen den sistemarekiko beren desadostasuna adierazi nahi izan dute eta, horrenbestez, helarazten den txostentzako testuarekin batera, eta xede horretarako biek bat eginik honako hau adierazten dute: "Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak berariaz egindako bere egutegi bat egin behar du espainiar estatuaren inposaketei men egin gabe. Nolanahi den ere, Euskadiko lan egutegiak ez lituzke jaso behar Autonomia Erkidego honetako jaiegunen artean ez urriaren 12a, espainiar jai nazionala, ez abenduaren 6a, Espainiar Konstituzioaren eguna, izan ere, antolakunde hauen iritzian, Euskal Herriko langileen gehiengoaren sentimenduaren aurkako jaiegunak direlako eta bai Euskal Herriko errealitatearekin zerikusirik ez dutelako ere".

Bilera amaitutakoan, txosten hau aipatu den moduan eta Lan Harremanen Kontseiluaren Idazkaritza orokorraren bidez Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzara helaraztea erabakitzen da.

Bilbon, 2003ko martxaren 6an.